Hilketa matxista batek sortutako ezinegonaren erdian, zigor kodean aldaketak egiteko asmoa iragarri du Espainiako Gobernuak. Zehazki, zigorra bete duten erasotzaileak zaintzapean edukitzeko bidea jarri nahi du gobernuak, Carmen Calvo presidenteordeak jakinarazi duenez. Iruñeko taldeko bortxaketaren harira, abian da Espainiako zigor kodea berrikusteko prozedura, delitu batzuk hobeto «zehaztea» helburu duena. Gobernuak gogoeta horrekin lotu du espetxetik irtendako erasotzaileak zaintzapean edukitzearen auzia. Pedro Sanchez presidenteak jakinarazi du aurki hartuko dituztela neurriak «emakumeen segurtasuna handitzeko».
Andaluzian izandako hilketa matxista batek zurrunbilo handia sortu du Espainian. 26 urteko andrazko bat hil dute, Laura Luelmo izenekoa. Joan den asteazkenaz geroztik ez zuten haren berririk, eta astelehenean aurkitu zuten hilotza, mendi inguru batean, indarkeria zantzuekin. 50 urteko gizon bat atzeman dute, eta, Poliziaren arabera, aitortu du hilketa.
Atxilotutako gizona preso egona da, adineko emakume bat hiltzeagatik. Ez hori bakarrik: espetxe baimen batean emakume bati eraso egiteagatik ere zigortu zuten. Urrian atera zen kartzelatik.
Espetxealdi iraunkorra
Hilketak eragindako zurrunbiloa baliatu du eskuinak zigor handiagoak eskatzeko. PPk espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren alde egin du. PPk berak onartu zuen, delitu larrienetarako. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago gaia, eta hark ebatzi arte ez aldatzea erabaki du PSOEk, nahiz eta aurka agertua den. Urrats bat harago jo nahi du PPk orain, eta espetxealdi iraunkorra ezarri nahi du delitu gehiagoren zigor gisara.
Gobernuak, berriz, zigor kodearen 106. artikulua moldatu nahi du, «segurtasun gehiago izateko zigorra bete duten pertsona arriskutsuen aurrean». Artikulu horrek ezartzen du zer neurri har daitezkeen preso ohiak zaintzapean edukitzeko: eskumuturrekoak, heziketa jasotzea... Hori «sakondu» egin nahi du gobernuak.
Zigorra bete duten erasotzaileak zaintzapean nahi ditu Espainiak
Preso ohi batek emakume bat hil du Andaluzian, eta zigor kodea aldatu nahi du gobernuak. Kartzela iraunkorraren alde egiteko baliatu du PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu