Bilboko portuan argia joan zen 2022ko martxoko egun batean, gizon bat eta emakume bat elkarrekin lanean ari zirela. Emakumea argien gelara joan zen, eta gizonak esan zion berarekin joango zela, nahiz eta emakumeak ohartarazi ez zela beharrezkoa. Argien gelara iritsi zirenean, gizona emakumearen atzean jarri zen, gelatik ateratzeko bide bakarra oztopatu, eta kamerarik ote zegoen galdetu zion; gero, «asmo lizunez», gerritik heldu zion emakumeari, eta musu emateko eskatu, «behin baino gehiagotan». Emakumea aldentzen saiatu zen une oro, eta ezetz erantzun zion.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hemezortzi hilabeteko isun zigorra ezarri zion, sexu abusuen delitu batengatik: hamar euro eguneko. Horretaz gain, 7.000 euroko kalte ordaina pagatzeko ere agindu zion, eta debekatu egin zion emakumearengandik 300 metro baino gutxiagora hurbiltzea eta harekin harremanetan jartzea. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du epai hori, eta ez ditu aintzat hartu zigortuak aurkeztutako helegitearen argudioak.
EAEko Auzitegi Nagusiak gogorarazi du Bizkaiko Probintzia Auzitegiarentzat emakumearen kontakizuna «egiatia» eta «koherentea» izan zela, eta «lehendik esandakoak berretsi» zituela.
Gizonaren defentsarentzat, haren jokabidea ezin da sexu abusutzat hartu, saiatu arren ez baitzion musurik eman emakumeari, eta, emakumea ukitu bazuen ere, ukitu horiek «ez baitziren erasokorrak izan» eta «erogenoak ez diren gorputz ataletan» egin baitzizkion. «Limurtze ez-zuzen eta deseroso» gisa definitu du gertatutakoa.
EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, berretsi egin du lehen epaia, eta sexu abusutzat hartu du. Helegiteari erantzunez, adierazi du gertatutakoa ez ezik gertakariak izan ziren ingurunea ere kontuan hartu behar dela hori zehazteko orduan. Eta testuinguruari lotutako zehaztasun batzuk eman ditu: lekukorik ez izatea, muga-mugako egoera...