Zigorra berretsi diote Bilboko ostalari bati, bi langileri eta adingabe bati sexu abusuak egiteagatik

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak emandako epaia, «zentzuzkoa eta logikoa» dela argudiatuta.

Indarkeria matxistaren kasu bat salatzeko manifestazioa Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMINEZ / FOKU
Indarkeria matxistaren kasu bat salatzeko manifestazioa Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMINEZ / FOKU
nerea intxausti
2025eko otsailaren 28a
12:00
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko salak zazpi urteko eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra berretsi dio Bilboko ostalari bati, bi langileri eta adingabe bati sexu abusuak egiteagatik. Epaitegiak baztertu egin ditu akusatuak helegitean emandako argudioak, eta arrazoia eman dio Bizkaiko Probintzia Auzitegiak emandako epaiari, «zentzuzkoa eta logikoa» dela argudiatuta. 

Probintzia auzitegiaren epaiak, batetik, adingabeen aurkako sexu abusuen bi delitu jarraitu egiteagatik zigortu zuen, eta, bestetik, hirugarren sexu delitu bat egiteagatik. Bada, Auzitegi Nagusiak berretsi du ostalariak bi langileei «iruzkin lizunak eta ukituak» egin zizkiela, eta aprobetxatu egin zela bai bere nagusitasunaz, bai langileen premia ekonomikoaz. Halaber, ukituak egin zizkion adingabe bati tabernako sukaldean.

Zigortuak helegitean iritzi zion errugabetasun presuntzioaren printzipioa urratu zela, «salatzaileen lekukotza soilik» oinarri hartuta zigortu zutelako, «zuzeneko frogarik gabe» —ez lekukorik, ez irudirik—. Gaineratu zuen frogek ez dutela sinesgarritasunik, kontraesanak dituztela eta salaketa jartzeko arrazoiak «faltsuak» direla. 

Errudunak jarritako helegitearen arrazoiak ezeztatzeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoitu du Espainiako Auzitegi Gorenak «behin eta berriz» adierazi izan duela biktimaren lekukotza errugabetasun presuntzioaren kontrako froga nahikoa dela. Erantsi du hiru salatzaileen adierazpenak «koherenteak eta sinesgarriak» izan direla, eta bat datozela bestela topatutako frogekin. Aldiz, baztertu egin du epaian salatzaileek arrazoi «faltsurik» eman izana. 

Bilboko ostalariak, zazpi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra bete ondoren, zaintzapean aske egon beharko du bost urtez. Beste hiru baldintza ere bete beharko ditu: hasteko, sexu hezkuntzako formakuntza egin beharko du; gainera, zortzi urtez eta sei hilabetez ezingo du ostalaritzan lan egin; eta, azkenik, ezingo da ez hiru biktimengandik hirurehun metrora baino gutxiagora hurbildu, ez haiekin harremanetan jarri, bost urtez. 

Epaia ez da irmoa, eta helegitea jar dakioke Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.