Bikotekideari sexu eraso egitea leporatuta, 47 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen fiskaltzak Iruñeko gizon batendako. Ordea, bi aldeen arteko akordio bat tarteko, Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du zigorra aldatzea: hiru urteko kartzela zigorra, 60 egunez komunitateko lanak egitea, hamabi urtez biktimarengana ez hurbiltzea eta harekin ez solastatzea, eta hari 20.000 euroko kalte ordaina ematea. Gainera, akusatuak ez du kartzelan sartu beharko erantzukizun zibila ordaintzen badu, lau urtez ez badu deliturik egiten, sexu berreziketako programa batean parte hartzen badu eta komunitateko lanen bertze 108 egun egiten baditu.
Hasieran, akusatuari, sexu abusu bat eta hiru sexu eraso egitea leporatzen zioten; ordea, bi eraso saiakera eta jazarpena egozten dizkiote orain. Horrek aldatu du zigorra. Akusazioak adierazi duenez, 2021eko udan eta 2022ko martxoan izan ziren sexu-eraso saiakerak. Jazarpenagatik ere zigortu dute gizona, biktimaren etxera eta lantokira haren baimenik gabe joateagatik.
Azaldu dute ekintza horiek guztiek «eragin handia» izan dutela biktimaren eguneroko bizitzan. Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuko forentseek hala baieztatu dute.