Tortura. Estrasburgoren epaia

Zigorgabetasuna zigortuta, berriro

Estrasburgok hirugarrenez ebatzi du Espainiak ez zituela aski ikertu 2011ko operazio batean atxiloturikoen torturak. 20.000 euro eman beharko dizkio Iñigo Gonzalez Etaiori

Iruñea. Iker Moreno, Xabi Beortegi, Iñigo Gonzalez, Jon Patxi Arratibel eta Gorka Mayo, Katakrak-en atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ez behin eta ez bitan. Estrasburgoko auzitegiak hiru aldiz zigortu du Espainia polizia operazio berean atxiloturikoei eragindako torturak behar bezala ez ikertzeagatik. Duela hamar urte eta bi egun egin zuten operazioa, gaur egun Espainiako Barne ministro den Fernando Grande-Marlaskaren aginduz. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea zen Marlaska orduan, eta Guardia Zibilak sei lagun atxilotu zituen Nafarroan haren eskariz: Patxi Arratibel, Iker Moreno, Gorka Zabala, Xabier Beortegi, Gorka Mayo eta Iñigo Gonzalez Etaio. Ekineko kide izatea egotzita atxilotu eta inkomunikatu zituzten, eta haietako bostek torturak salatu zituzten. Arratibelen eta Beortegiren kasuak Estrasburgora ailegatu ziren, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2015ean eta 2016an ebatzi zuen Espainiak ez zituela egoki ikertu bi euskal herritarren tortura salaketak. Epai bera eman du orain Gonzalezen kasuan ere: Estrasburgoren ustez, Espainiak ez zituen aski ikertu barañaindarrak Iruñeko epaitegiko eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen aitzinean egindako tortura salaketak. Auzitegiak ebatzi du Espainiak 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diola Gonzalezi, eragindako «kalte moralengatik». Hiru hilabeteko epean eman beharko dio dirua.

Atzoko egunez izenpeturiko Estrasburgoko sententziak dio Gonzalezen kasuan Espainiak Europako hitzarmeneko hirugarren artikulua urratu duela, prozedurari dagokionez. Torturari eta tratu ankerrei dagokiona da artikulu hori, eta, hain zuzen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiak ez zituela behar bezala ikertu Gonzalezek salatutako torturak. Sententzia ez da tortura salaketen mamian sartzen, ordea. Izan ere,Estrasburgoko auzitegiak ez ditu frogatutzat ematen Gonzalezek jasandako torturak, eta Europako hitzarmeneko hirugarren artikulua prozeduran baino ez dela urratu ebazten du; ez «materialki». Estrasburgok argudiatu du Gonzalezek «berandu» egin zuela hirugarren artikulua «materialki» urratu izanaren salaketa, eta atzera botatzen du hori ikertzeko eskaera, beraz.

Ez da garrantzi txikiagokoa torturak ikertzeko prozedura salatu izana, ordea. Izan ere, Estrasburgoko sententziak argi dio tortura salaketak egoki ez ikertzeak «zigorgabetasuna» eman diezaiekeela estatu horretako agenteei. Hain zuzen, sententziak dio ikerketa «eraginkorrik» egiten ez bada tortura eta tratu ankerren debekua ez dela «eraginkorra praktikan», eta, beraz, «posible» litzatekeela estatuko «agente» batzuek atxilotutako pertsonen eskubideei «burla» egitea, «zigorgabetasunaz» baliatuta.

Operazio bereko atxilotuek jarritako tortura salaketengatik Espainia zigortzen duten hirugarren aldia izateak ere ematen dio pisua sententziari, eta operazioa egun Espainiako Barne ministro den Grande-Marlaskak gidatu izanak ere bai. Tortura kasu horiek, gainera, bereziki ezagunak egin ziren, atxilotuetako batek, Arratibelek, aztnugal idatzi baitzuen deklarazioa sinatzerako garaian: alegia, laguntza, alderantziz. Beortegiren ofizioko abokatuetako batek, berriz, argi ikusi zuen tratu txarrak jasan zituela. Beortegi aske utzi zuen Marlaskak, bermea ordainduta, eta, atera bezain azkar lekukotza lazgarria eman zuen: «Nire bizitzako mugako esperientzia izan da. Espero dut inor gehiagori ez gertatzea. Ezin da psikopata kuadrilla bat hor eduki nahi dutena egiteko». Gonzalezek auzi medikuari eta Marlaskari berari adierazi zien «tratu oso gogorra» jasan zuela.

Hiru largespen

Estrasburgoko sententziak azaltzen duenez, Gonzalezek 2011ko otsailaren 25ean jarri zuen lehendabizikoz tortura salaketa Iruñeko guardiako epailearen aitzinean. 2011ko urrian, ordea, Madrilgo 4. instrukzioko epaileak auziaren largespena ebatzi zuen behin-behinean, argudiatuta ez zegoela tratu txarrak jasan zituela erakusten zuen zantzurik. Gonzalezek helegitea jarri zuen, eta tortura salaketek aurrera egin zuten —tartean, inkomunikazioan zela artatu zuten auzitegi medikuek eta ofiziozko abokatuak deklaratu zuten—. 2013ko azaroaren 21ean, ordea, epaileak berriro agindu zuen instrukzioa bertan behera uzteko, berriz ere froga falta argudiatuta. 2014ko urtarrilean bigarren helegitea jarri zuen Gonzalezek, eta auziaren hirugarren eta azken largespena 2015eko urtarrilaren 28an egin zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak. Gonzalezen defentsak babes helegitea ezarri zuen orduan Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina auzitegiak ez zuen onartu.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sententzian dio «jabetuta» dagoela halako kasuetan salatzaileak frogak biltzeko izandezakeen zailtasunaz, eta horregatik onartu zuela Gonzalezen salaketa. Auzitegiak zehazten du, hain zuzen, halako kasuetan frogak epaileek lortu beharko lituzketela, a posteriori. Estrasburgok oroitarazten du, era berean, pertsona batek tratu txarrak salatzen dituenean beharrezkoa dela «ikerketa ofizial eraginkor» bat.

Auzitegiak gogoratu du Gonzalez inkomunikatuta egon zela lau egunez, ezin izan ziola inori haren atxiloketaren berri eman, eta ez zuela aukerarik eduki konfiantzazko abokatu batekin egoteko. Halaber, Estrasburgok azaltzen du Gonzalezek tortura salaketa «zehatz eta xehea» egin zuela, eta, ondorioz, Espainiak «sakonki» ikertu behar izanen lukeela, behar izanez gero erantzuleak identifikatu eta zigortzeko. Estrasburgoko auzitegiaren ustez, ordea, Espainiak ez zuen ikerketa sakonik egin: «Eskatzaileak iradokitako froga gehigarriak lortzeak eta, zehazki, sekretupean atxilotua zegoenean zaintzen zuten agenteak identifikatu eta entzuteak egitateak argitzen lagun zezakeen», dio sententziak. Estrasburgok zehazten du, bertzalde, Espainiak hobetu egin beharko lukeela atxilotuta dauzkan pertsonen osasun arta, eta ohartarazten du «egoera bereziki zaurgarrian» daudela inkomunikatutako atxilotuak.

Aitorpen eskariak

Sententzia jakin eta berehala Espainiaren jarrera salatu zuten hainbat eragile eta alderdi politikok, atzo. EH Bilduk erran zuen Estrasburgok «deskalifikatu» egin duela Espainiako justizia, eta salatu zuen Espainiak «beste alde batera» begiratzen duela urraketak estatuko funtzionarioek egiten dituztenean. Geroa Baik «tratu txar guztiak» ikertzeko eskatu zuen, eta Espainiako Gobernuari galdegin zion «tortura jarduerak ekidingo dituzten protokoloak bermatzeko neurriak» har ditzala. Foro Sozial Iraunkorrak, bere aldetik, «egia, justizia eta erreparazioa lortzeko pertsona torturatuek egin behar duten bidea luzea eta gogorra» dela nabarmendu zuen: «Estrasburgoko epaia urrats garrantzitsua da. Bada garaia estatuak eta torturatzaileek egindako kaltea onartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.