Bederatzi laguneko ordezkaritza bat bidali zuen batzordeak Espainiako Estatuko espetxe eta polizia etxe ugaritara —Euskal Herriko kartzeletan ez ziren izan—; tartean, Mykola Gnatovskyy presidentea bera egon zen, 2016ko irailaren 27tik urriaren 10era bitartean. Zehatzago, Puerto I, II eta III, Sevilla II, Soto del Real, Leon, Teixeiro eta Villabonako presondegietan izan ziren bisitan; horietan 35 euskal preso daude gaur egun. Batetik, polizia etxeetako atxiloaldietan ikusitakoak jaso ditu, eta, bestetik, espetxeetan presoen baldintzei buruzkoak. Segidakoak dira 107 orrialdeko dokumentuan jasotako batzuk.
INKOMUNIKAZIOA JOMUGAN
Herritar bat atxilotu osteko inkomunikazio aldia izan du jomugan CPTk hainbat urtez. Baita Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere. Torurak ez ikertzeagatik Espainiari ezarritako zigorretan, Estrasburgok eskatu izan dio bertan behera utz dezala erregimen hori, edo neurriak har ditzala inkomunikatuta dauden atxilotuen eskubideak bermatzeko. Joan den astean ezagutarazitako txostenean, CPTk Espainiari eskatu dio legeriatik kentzeko neurri hori; «ulertzen» dituela neurria bere araudian txertatzeko «arrazoi historikoak», baina inkomunikazioak «mugatu» egiten dituela atxilotuen oinarrizko eskubideak: «CPTk berretsi egiten du adi egoteko aholkua, segurtasun indarren aldetik tratu txarrak saiheste aldera. Ildo horretan, mezu argia bidali behar zaie polizia guztiei, ohartarazteko atxilotuekiko tratu txar edo errespeturik gabeko jokabide oro onartezina dela eta behar bezala zigortuko dela». Gainera, atxiloketen unean «beharrezkoa baino indarkeria handiagoa» ez erabiltzeko eskatu die poliziei, eta erantsi ez dagoela atxilotuak jotzeko arrazoirik behin atxikita daudela.Gainera, txostenean zehatz azaldu dute Madrilgo polizia-etxe batean, atxilotuak galdekatzeko gelan, topatutakoak: makilak, beisbol bateak, soka bat eta zartailu bat. Objektuok edukitzeak «pentsarazten dute agenteek jokabide ezegokia» dutela, CPTren hitzetan.
ZIGORRAK ETA IKERKETA EZA
Presoek espetxeetan jasotzen duten tratuaz eta horien salaketei buruzko ikerketek egiten duten bideaz kritika egin dio batzordeak Espainiari, «beste behin». Esaterako, CPTk salatu du presoak «denbora tarte luzez inmobilizatzen dituztela (egunak eta orduak, ez minutuak), inolako ikuskaritzarik gabe». Hori «zigor neurri» gisa egiten dela kritikatu du, eta «gehiegizkotzat» jo.Batzordearen beste kezka iturrietako bat da, «ikusita Espainiako kartzeletan ematen diren tratu txarren maiztasuna eta ugaritasuna», zigor prozedurarik ez zela iritsi ikerketaren azken fasera 2014 eta 2016 artean: «Aitzitik, horrek ez gaitu harritzen, hainbat faktorek eragiten dutelako zigorgabetasuna». Adibide gisa aipatu du osasun azterketarik eza edo horien kalitate eskasa, tratu txar fisikoen balizko kasuen berri ez eman izana eta presoen «konfiantza falta» salaketek izan dezaketen eraginkortasunaz eta auzibidearen inpartzialtasunaz. Bisitan joan ez diren beste kartzela batzuetatik ere kexa «sinesgarriak» jaso ditu CPTk, eta ezagutu dituen kasuen «larritasunaz» ohartarazi du, «erakusten baitute tratu txarren jokamolde bat dagoela». Horrek «arazo bat» sor lezake Giza Eskubideen Hitzarmenaren hirugarren artikulua —pertsonaren osotasunerako eskubideari buruzkoa— betetzerakoan. Espetxe eta polizia-etxe ugaritako ziegen garbitasunaz eta argitasunaz ere ohartarazi du batzordeak.
ZULUETAREKIN «KEZKATUTA»
Izen-abizenik aipatu gabe, CPTk txostenean jaso ditu Cadizko Puerto III (Espainia) kartzelako emakumezko preso baten baldintzak. Arantza Zulueta abokatuaren kasua da, eta «bereziki kezkatuta» azaldu da batzordea hark presondegian bizitako egoeragatik: «Modu irregularrean izan zezakeen harremana beste preso batzuekin». Gogorarazi du Zulueta behin-behineko espetxealdian zegoela eta bakartuta zutela 2015eko ekainetik; are, hari kartzelan ezarritako erregimena ez zetorrela bat Espetxe Zuzendaritzak Zuluetari emandako erregimenarekin. Praktikan, horrek eragin zuen ziegatik kanpo zegozkionak baino ordu gutxiago egotea eta «patio txikiagoa» izatea, «horrela, hura behartuta telefono elkarrizketak (baita abokatuarekin ere) espetxeko langileen aurrean izatera».Batzordeak Espainiako agintariei «aholkatu» zien «presazko neurriak» har zitzala Zuluetak «modu erregularrean» kontaktua izan zezan gainerako presoekin, «hari ezarritako sailkapenarekin bat egiteko». Aurtengo otsailean geratu zen libre Zulueta, behin-behineko espetxealdian hiru urtez egon eta gero. Zuluetaren kasuan ez, baina batzordeak txosten berean aipatzen du preso bati ezin zaiola bakartze neurririk ezarri jarraian hamalau egunetik gora, eta, zigorra luzatu behar baldin bazaio, tartean egun batzuez ohiko erregimenera itzuli behar dela presoa, berriz bakartu aurretik.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eman izan ditu ebazpenak preso bat denbora gehiegi bakartuta izateagatik; zehazki, 2012an Frantziako Estatua zigortu zuen, bakartze egoerak presoaren buruko osasunari eragin ziezaiokeen kaltea kontuan ez hartzeagatik.