Zigorgabeen ahotsak

GALen eta estatuaren indarkeriaren inguruan aho bizarrik gabe hitz egin dute Espainiako Gobernuko zenbait goi kargudunek azken urteetan, horrek inolako ondoriorik eragin gabe.

GAL erakundearen zigiluak, orri zuri batean. BERRIA.
Jon O. Urain - Iosu Alberdi
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevorenak dira azkenaldian sona handiena izan dutenak, baina inondik inora ere ez dira haren adierazpenak Espainiako Estatuak martxan jarritako gerra zikina justifikatu eta defendatu duten bakarrak. GALekin harreman zuzena izan zuten zenbait buruzagi ohik eta ondorengo urteetako gehiegikeriak eta torturak ezkutatu zituztenek arazorik ez dute aferaz hitz egiteko. Biktimak saiatu dira haien aurkako ekinbide judizialak irekitzen, baina horma bat topatu dute auzitegietan.

JOSE BARRIONUEVO
Barne ministro ohia

«Agindua eman nuen Alberto Martin Barriosen bahiketaren arduradun nagusia atxilotu eta Espainiara ekartzeko». Inolako damurik gabe aitortu zuen Jose Barrionuevok Jose Mari Larretxea ETApm-ko kidea bahitzeko agindu zuela, nahiz eta operazio hura gaizki atera zitzaien: «Harrapatu zuten, baina tipo handia zen, eta ez zen maletategian sartzen. Borrokan ari zirela, Frantziako Polizia iritsi zen, eta bahiketa zapuztu zuen».

Beste bahiketa bat ere izan zuen hizpide El País-ek argitaratutako elkarrizketan, urrian. Haren esanetan, Espainiako Poliziaren Bizkaiko informazio zerbitzuen operazio bat izan zen Segundo Mareyren bahiketa, eta ez bere agindu bat. Kontrara, Marey askatzeko agindu zuela adierazi zuen. «Hil egingo dugu, edo askatu egingo dugu?», galdetu zioten Barrionuevori: «Esan nuen inondik inora ere ez genuela hilko».

Egileak zigortzeko urratsak egitetik urrun, baina, haiek babestu zituela adierazi zuen: «Nik ezin nuen nire lubakikoen aurka egin, tiroren bat oker jotzen bazuten ere. Nire agintaldian Barne Ministerioan gaizki egin ziren gauzen erantzuletzat jotzen dut neure burua, baita polizien aurka dauden kasu jakinen erantzule ere».

JUAN ALBERTO BELLOCH
Barne eta Justizia ministro ohia

Apenas igaro zen hilabete bat Barrionuevori egindako elkarrizketa argitaratu zenetik, baina hark esandakoek sortutako harrabotsak ez zuen atzera bota Juan Alberto Belloch Justizia eta Barne ministro ohia. Kasu hartan, El Español agerkarian elkarrizketatu zuten.

Bellochek, 1994tik 1996ra ministro izandakoak, Enrique Rodriguez Galindo goraipatu zuen, eta argitu zuen berak bultzatu zuela Galindo Guardia Zibileko jeneral izendatzeko prozesua. Argudioa: «Borrokalari antiterrorista moduan, onena zen». Eta erabiltzen zituen «metodoak»—hau da, torturak— gaizki egiten zuen «gauza bakarra» ziren. Hau da, Belloch Galindok egindako torturen jakitun zegoen —berak esan omen zion «tratu txarrak» emateari uzteko—, baina hura saritzea erabaki zuen.

Are gehiago, arazorik ez zuen izan adierazteko Espainiako Barne Ministerioak hilean 500.000 pezeta ematen zizkiela Espainiako Poliziaren Bilboko komisariorde Jose Amedoren eta Bilboko Informazio Brigadako polizia Michel Dominguezen emazteei, haien isiltasuna erosteko. Baina, berriz ere, bere burua aurkeztu zuen diru sari hori eten zuen buruzagitzat.

ENRIQUE PAMIES
EAEko poliziaburu ohia

GALen eta gerra zikinaren inguruan esateko zituenak liburu batean jaso zituen Enrique Pamies EAEko poliziaburu ohiak: Cómo luché contra ETA: de los años de plomo al caso Faisán (Nola borrokatu nintzen ETAren aurka: berunezko urteetatik Faisan auzira). Liburu hartan adierazi zuen ez zuela GALekin «harremanik txikiena» ere izan, baina zalantzarik gabe parte hartuko zukeela aukera izanez gero: «Zerbait egin beharra zegoelako sortu zen; ezin zen onartu halako inpunitaterik Frantziaren aldetik. [...] Txapela ia hil arte zauritu zutenean [...] xanpainarekin egin nuela topa... Gerra bat zen».

«Zure aberria defendatzeko, beharrezkoa dena», erantzun zuen ABC egunkarian egindako elkarrizketa batean, estatuko estolden erabileraz galdetuta. Hala, Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkaria «borroka antiterroristako lider» gisa definitu zuen, eta hari eta Barrionuevori aitortu «nahiago izan zutela kartzelan sartu inor salatu baino».

RAFAEL VERA
Segurtasunerako Estatu idazkari ohia

GALen auzian zigortutako buruzagi politikoetako bat izan zen Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkari ohia. Hark, baina, ez du damurik adierazi egindakoaz. Izatez, honela mintzatu zen 2015ean, TVEk egindako erreportaje batean: «Legeari dagokionez, gerra zikina hutsegitea izan zitekeen, baina, praktikoki begiratuz gero, bere betekizuna izan zuen... Baliagarria izan zen [ETAren] ekintzak geldiarazteko eta Frantziaren elkarlana bultzatzeko».

Ez dira Verak egindako antzeko adierazpen bakarrak, baina, kasu hartan, auzitara jo zuen Pili Zabalak, GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusi Juan Kalparsorok hasi zituen Veraren aurkako diligentziak, «terrorismoa goratu» eta «biktimak gutxietsi» ote zituen argitzeko. Baina Madrilera igaro zen auzia, eta han artxibatu egin zuten: «Programa hartako kontakizuna garai hartan gertatutakoari zegokion; beraz, uler daiteke erabat historikoa zela haren edukia».

EDUARDO SERRA
Defentsa ministro ohia

Zabalak Kalparsororen esku utzitako beste esan bat da Eduardo Serra Defentsa ministro ohiarena. Jose Maria Aznarren agintaldian izan zen Espainiako Gobernuko kide, eta GALen inguruko «inteligentzia zerbitzuetako agiriak ez desklasifikatzearen protagonista» izateaz harro mintzatu zen La Sexta telebista katean: «Ez desklasifikatzea nik proposatu nuen, orduko gobernuaren gehiengoaren iritziaren kontra; [agiri horiek] ustez, gobernuko aurreko presidentea erruztatzen zuten, ETAren aurkako borrokan legez kanpo jardutearen kolaboratzaile izateagatik».

Hau da, Serrak onartu zuen badirela ustez Felipe Gonzalez eta GAL lotu ditzaketen dokumentu sekretuak. «Espainiar guztiona zen ondasun bat» dira, ministro ohiarentzat, eta haiek babesteak eragotzi egin zuen «terrorismoak hondamendiak egiten» jarraitzea.

LUIS ROLDAN
Guardia Zibilaren zuzendari ohia

El País egunkarian hitz egin zuen Luis Roldan zenak ere, 2013an. Tortura kasuez galdetu zion kazetariak, eta hala erantzun zuen Guardia Zibilaren zuzendari ohiak: «Hipokrisiaz jokatu nahi ez badugu, geure buruari galdetu beharko genioke: hogeita hiru pertsona hil dituen gizon bati galdeketa egin behar badiozu, eta azkenean egindakoa aitortzen badu, zerk bultzatu du aitortza hori egitera? Noski, kolpeak egon dira, aztarnarik uzten ez duten presio fisikoak, eta baita psikikoak ere. Nork sinesten du egindakoa koakziorik gabe aitortzen dutela?».

Torturen erabilera aitortzeaz gain, Roldanek praktika hori babestu ere egin zuen: «Modu abstraktuan, ikuspuntu intelektual batetik, esango nizuke ez nagoela torturaren alde. Baina norbait torturatu eta deklarazio bat lortzeak pertsona baten bizitza salbatzen badu, baietz diot». Izan ere, haren ustez, atxilotuak torturatu izanak «epaile, militar eta fiskalen bizitzak» salbatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.