Zigor Kodea aldatzea baztertu du Kongresuak

Talde abertzaleek proposamen bat aurkeztu dute frankismoaren krimenen ikerketa errazteko. PSOEk eta eskuinak kontra bozkatu dute

Unai Etxenausia - Iosu Alberdi
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Legediaren atzeraezintasuna da Espainiako auzitegiek frankismoaren krimenak ikertzeko eskaerei jarritako oztopo nagusietako bat. Traba hori baztertzeko lege proposamena aurkeztu duCUPek Espainiako Kongresuan, EAJren, EH Bilduren, ERCren,JxCren, BNGren eta Compromisen babesarekin. Ez da, baina, aurrera atera, hura kontuan hartzearen aurka bozkatu baitutePSOEk eta eskuineko alderdiek.

«Diktadura frankistak egindako gizateriaren aurkako krimenen ikerketa faltak eragindako inpunitate egoeraren» aurrean, talde abertzaleek proposatu dute 1995eko Zigor Kodeari 2 bis artikulua gehitzea, nazioarteko legediak jasotako krimenak —genozidioa, gizateriaren aurkako delituak...— ikertzeko modua egiteko, egin ziren unean Espainiako legediak haiek jaso ez arren.

Zigor Kodeko lehen bi artikuluen arabera, ezin dira epaitu legedian aurrez tipifikatu gabe zeuden delituak; gizateriaren aurkako krimenak 2004an txertatu zituzten Espainiako Zigor Kodera. Auzitegiek eta fiskaltzak behin eta berriz erabili dute argudio hori diktadurari egotzi zaizkion krimenak ikertzea galarazteko eta Argentinako auzitegiek eginiko erreguzko mandatuak exekutatzea errefusatzeko.

Proposamenaren aldeko taldeen esanetan, horrek ez luke hala izan beharko, nazioarteko hitzarmenetara batzearekin batera Espainiak haietan jasotako araudiak onartu zituelakoan. Beraz, baita herrialde barruan eginiko nazioarteko krimenak penalki jazartzeko betebeharra ere, nahiz eta haiek barne legedian aurrez tipifikatu gabe egon. Halere, zalantzak uxatzeko aurkeztu dute 2 bis artikulua txertatzeko proposamena. Izan ere, taldeen arabera, «diktaduraren biktimei eta haien senideei justiziara sarbidea izateko eskubidea modu eraginkorrean» aitortuko litzaieke aldaketarekin.

Iritzi berekoak dira Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundea eta Amnesty International ere. Kongresuaren aurrean eginiko agerraldian, erakundeek adierazi dute «oinarrizko» aldaketa bat dela, eta gehitu harekin batera iritsi beharko litzatekeela 1977ko Amnistia Legea moldatuko duen Memoria Demokratikoaren Lege berri bat ere. PSOEren esanetan, baina, proposamenak ez du bat egiten Espainiako lege ordenamenduarekin.

Martxoak 3

Kongresuko Mahaiak onartu egin du 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko batzorde bat sortzea, eta Bozeramaileen Batzordearen esku utzi du erabakia eztabaidatzea eta bozkatzea. EH Bilduk eta ERCk egin zuten proposamena. Alderdien helburua da sarraskiaren inguruko xehetasunak ematea, eta «ekintzen arduradunek izandako inplikazioa eta erantzukizuna» zein izan zen ikertzea eta ezagutaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.