Tortura. Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia

Zigor bikoitza zigorgabetasunari

Estrasburgoko auzitegiak ebatzi du Porturi eta Sarasolari «tratu txarrak» eman zizkietela. Aurreneko aldiz zigortu dute Espainia tratu txarrak emateagatik, eta ez soilik horiek ez ikertzeagatik

Torturaren Kontrako Eguna izan zen atzokoa, eta hainbatelkarretaratze egin ziren. Argazkian, Iruñekoa. IÑIGO URIZ / ARP.
jon olano
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Torturaren Aurkako Egunean, Europatik zigorra heldu zaio Espainiari. Ez da aurrenekoa, baina ez da epai bat gehiago. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriro zigortu zuen atzo Espainia, 2008an Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideei «tratu anker eta iraingarriak» emateagatik eta horiek behar bezala ez ikertzeagatik. Biokin, euskal herritarren torturak ez ikertzeagatik bederatzi aldiz zigortu dute estatua, baina atzoko ebazpenak badu berrikuntzarik; Estrasburgoren arabera, Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuen, bi alorretan: prozedurari buruzkoan eta salaketaren funtsari buruzkoan. Horrek esan nahi du, lehen aldiz, «tratu anker edo iraingarriak» emateagatik zigortu dutela Espainia, ez soilik tratu txar horiek ez ikertzeagatik, orain arte egin izan duen bezala.

Ez da ohikoa Estrasburgok salaketa baten funtsa aztertzea eta, beraz, forma kontuez harago joatea. Gainera, Porturen eta Sarasolaren aurkako torturen auziak egina zuen bidea Espainiako auzitegietan. Hain justu, horregatik ere garrantzia du atzoko epaiak; Espainiako justiziari ez diolako soilik kargu hartu behar bezala ez ikertzeagatik, ikerketa horren ondorioak ere baztertu dituelako baizik. Hiru hilabeteko epean, 30.000 euro ordaindu beharko dizkio Espainiak Porturi, eta 20.000 Sarasolari, kalte moralengatik. Auzia ebatzi duten zazpi epaileek aho batez hartu dute erabakia.

Hortaz, mamiari heldu dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak; batetik, atxilotuek atxiloaldian izandako zauriak estatuaren erantzukizuna direla nabarmenduta: «Gertakariak, osorik edo parte handi batean, autoritateek baino ez dituzte ezagutzen, beren kontrolpean dauden pertsonen kasuan gertatzen den bezala. Denbora tarte horretan sortutako zauri orok gertatutakoaren inguruko uste sendoak eragiten ditu. Gobernuari dagokio frogaren karga: hari dagokio azalpen egokiak ematea». Bestalde, auzitegiak frogatutzat jo du Portuk eta Sarasolak zituzten zauriak Guardia Zibilaren esku zeuden egunetakoak zirela, eta gogorarazi hori ez dutela ukatu Espainiako Gobernuak ez eta Auzitegi Gorenak ere. Hori horrela, epaileen iritziz, «ez autoritate nazionalek ez eta gobernuak ere ez dute eman argudio sinesgarririk salatzaileek zituzten zauriak azaltzeko edo justifikatzeko».

Epaian, «tratu ankerraz» mintzo dira epaileak, ez torturaz. Hori ere zehaztu dute: Portuk eta Sarasolak «epe luzeko ondoriorik» ez zutenez izan, eta «emandako tratuaren helburuari buruzko frogarik» ez dagoela iritzita, torturatzat ez jotzea lehenetsi dute: «Hala ere, nahikoa larriak dira tratu anker eta iraingarritzat jotzeko».

«Tratu txar» edo «tortura»

Prozeduraren arloan ere kritikak egin dizkiote Espainiako justiziari. Beste auzi batzuetan, Estrasburgok salatu izan du instrukzio epaitegiek ez dituztela behar bezala ikertu tortura salaketak; oraingoan, ordea, Espainiako Auzitegi Gorena jarri du jomugan. Izan ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ikertu zuen auzia, eta lau guardia zibil zigortu zituen: lau urte eta erdiko zigorra ezarri zioten polizia bati, bi urte eta erdikoa beste bati, eta bi urtekoa beste biri. 11 guardia zibil absolbitu zituzten. Helegitea aurkeztu zuten zigortuek, eta zigorra baliorik gabe utzi zuen Auzitegi Gorenak. Hori erabaki zuten bost magistratuetako bat Julian Sanchez Melgar izan zen, iazko abenduaz geroztik Espainiako fiskal nagusia dena. Auzitegi horrek ez zituen aintzat hartu Gipuzkoako auzitegi medikuen txostenak, eta ETAren aginduei egotzi zien Portuk eta Sarasolak torturak salatu izana. Absoluzioa berretsi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren iritziz, Porturen eta Sarasolaren bertsioak baztertzera mugatu zen Auzitegi Gorena, «beraz, uko eginda aztertzeari guardia zibilek erabilitako indar fisikoa beharrezkoa edo neurrizkoa izan ote zen». «Omisio» horrek saihestu du gertakariak eta horien inguruabarrak behar bezala aztertzea, «Europako Hitzarmenaren 3. artikuluak eskatzen duen bezala».

Ebazpena aho batez eman badute ere, Helen Keller, Pere Pastor Vilanova eta Georgios A. Serghides epaileek «desadostasun partziala» argitaratu dute. Horiek uste dute badagoela funtsik gertatutakoa torturatzat jotzeko, ez «tratu txar» gisa. Izan ere, nabarmendu dute torturak «larriak» izan zirela —besteak, beste, gogorarazi dute Portuk bost egun igaro zituela erietxean— eta, pentsa daitekeela, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak bere epaian ebatzi zuen legez, erasoen helburua «umiliazioa, zigorra eta mendekua» zirela. Gainera, desados daude Porturi eta Sarasolari eman beharreko kalte-ordainarekin, uste baitute eskasegia dela diru kopuru hori.

Egun, espetxean daude Portu eta Sarasola, ETAko kide izatea leporatuta, 2006ko abenduaren 30eko Barajasko aireportuko atentatua egitea egotzita —2005-2007 urteetako negoziazio prozesuaren haustura eragin zuena—. 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Atzeman eta hamazazpi ordura, guardia zibilek ospitalera eraman zuten Portu, zauri larriekin eta bestelako tortura zantzu nabariekin. Alfredo Perez Rubalcaba zen PSOEren gobernuko Barne ministroa biak atxilotu eta torturatu zituztenean. Guardia Zibilaren bertsioa bere egin, eta esan zuen atxiloketa unean ihes egiten saiatu zirela Portu eta Sarasola, eta horrekin lotu zituen zauriak. Porturi buruzko mediku txostenak, baina, zalantzan jarri zuen zauri horiek atxiloketaren unekoak izatea soilik.

Epaiketa egin ondoren, Gipuzkoako auzitegiak frogatutzat eman zuen Portu eta Sarasola hainbat alditan torturatu zituztela: atxilotu eta gutxira erreka bazter batera eraman zituztela eta han hasi zirela tratu txarrak. Intxaurrondoko kuartelean (Donostia) eta bidaietan ere jo zituztela berretsi zuen epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.