Michele Alliot-Marie Zigor Auzitegian epaituko dute, fiskaltzaren iturriak aipatuta Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapezorde zela bere kargua bere intereserako erabili izana leporatzen diote. Elkarte batzuei emandako diru laguntzetan da aferaren funtsa. 2009tik 2013ra, urtero 25.000 euro eman zizkien Alliot-Marieren aita buru zuen festibal bat antolatzen zuten elkarte batzuei. Orotara, 200.000 euroko desbideratzea leporatzen diote.
Bere kontrako akusazioak ukatu zituen Alliot-Mariek bere garaian, eta hala berretsi dute haren abokatuek erdarazko egunkari hartan: «Ez dugu inolako lanik izanen haren errugabetasuna frogatzeko», adierazi dute Remi Lorrain eta Christophe Ingrain abokatuek.
Alliot-Marie pertsonaia politiko garrantzitsua izan da Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan. Donibane Lohizuneko auzapez izateaz gain, Frantziako Asanbleako diputatu izan zen urteetan, eta Frantziako Gobernuko zenbait ministerio garrantzitsuren ardura izan zuen Jacques Chirac eta Nicolas Sarkozy presidenteen agindupean: besteak beste, Defentsa, Justizia, Kanpo Aferak eta Barne Ministerioa. Gaur egun 77 urte ditu.