Koronabirusa

Zientzialariek harriduraz hartu dute erabakia, eta «arriskuaz» ohartarazi

Epaileei egotzi diete neurriak ezartzea «zientzialariekin alderatu gabe». Ostatuak zabalik izatea osasun publikoan eragina izanen duela diote

Donostiako taberna baten terraza, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ion Orzaiz-Edurne Begiristain
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiak tabernak irekitzearen alde hartutako erabakia harriduraz hartu dute BERRIAk kontsultatu dituen osasun publikoko eta mikrobiologia arloko adituek. Ohartarazi dute ostalaritza irekitzeak kutsatzeak areagotu ditzakeela, eta zientzialariei entzuteko eskatu dute.

ANA MARIA GARCIA Osasun Publikoko katedraduna

«Aukera handiagoa ematen ari zaio birusaren transmisioari»

Ana Maria Garcia Osasun Publikoko katedraduna da Valentziako Unibertsitatean, eta Espainiako Gobernuari aholku eman zion joan den udaberrian, konfinamendua arintzeko prozedura ontzeko. EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaz galdetuta, irmo mintzatu da: «Une honetan ostalaritza sektorearen egoera hobetzeko erabaki gisa ikus daiteke, baina atzerapauso bat da birusaren transmisioa eteteko».Garciak ez du zalantzarik ostalaritza kutsatze gune bat dela, eta taberna eta jatetxeak irekitzean «aukera handiagoa» ematen ari zaio birusaren transmisioari.

Halaber, epaileek hartutako erabakietan irizpide epidemiologorik ez dela kontuan hartu salatu du, bai eta justiziak hartutako hainbat erabaki osasun publikoaren irizpideen aurka doazela ohartarazi ere: «Harridura sortzen dit osasuna eta norberaren eskubideak aurrez aurre jarri izanak. Bizi dugun egoera berria da, salbuespenezkoa, eta indarrean dauden tresna juridikoak zaharkituta geratu dira».

MIREN BASARAS Mikrobiologiako irakaslea EHUn

«Neurri gogorragoak ezarri dituzte Europako beste herrialde askotan»

«Harrituta» dago Miren Basaras mikrobiologoa,EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin. «Frogatua dago kutsatzeak ugaritzen direla leku itxietan, maskara behar bezala erabiltzen ez dugunean eta distantzia mantentzen ez dugunean; eta ostatu, taberna eta jatetxe batzuetan ez dira neurriak betetzen». Europako beste herrialde batzuetan, ostalaritzari lotutako neurriak «askoz zorrotzagoak» direla gaineratu du Basarasek, «baita hemengoa baino intzidentzia baxuagoa duten herrialdeetan ere».

Sektorearen beharrak «erabat ulergarriak» iruditzen zaizkio Basarasi; hala ere, uste du osasun publikoak «lehentasuna» izan beharko lukeela: «Ostalaritzaren arazoak konpon litezke beste era batera: laguntzak emanez, adibidez, baina osasun publikoa lehen lerroan jarrita beti».

JOSEBA BIKANDI EHUko Immunologia, Mikrobiologiaeta Parasitologia Saileko irakaslea

«Une kritikoan dator epaia: arnasketa gaitzak ugaritzen diren garaian»

Joseba Bikandi immunologo eta irakaslea ez dator bat ostalaritza zabalik mantentzea justifikatzeko erabili dituzten argudioekin: «Epaileek esan dute tabernek eta jatetxeek eragin txikia dutela epidemiaren zabaltzean, eta hori ez da egia. Badira beste faktore batzuk ere, noski, baina ostalaritzaren eragina ezin da gutxietsi». Adibide batekin azaldu du eragin hori: «Demagun pertsona bat tabernan kutsatzen dela, eta etxera iristean, familiako hiruri pasatzen diela birusa. Estatistiketan azalduko da hiru pertsona horiek etxean kutsatu zirela, baina jatorria tabernan dago».

Bikandi ziur da auzitegiaren erabakiak osasun publikoan eraginen duela, eta «oso desegokitzat» jo du, ikuspuntu epidemiologikotik: «Une kritikoan heldu da erabakia, otsail-martxoetan ugaritzen baitira arnas aparatuari eragiten dioten gaitzak. Beste urte batzuetan, gripearen goraldia izan dugu; aurten, COVID-19arena». Hori dela eta, osasun publikoari buruzko erabaki teknikoak auzitegietan baliogabetzea «eztabaidagarria» dela dio: «Legezkoa bai; egokia, ez dut uste».

IZORTZE SANTIN EHUko irakaslea eta BioCruceseko ikertzailea

«Zientzialariekin alderatu beharko lituzkete neurriak»

Ostalaritza berriro irekitzea «arrisku» bat da osasun ikuspuntu batetik, Santinen arabera. «Ez dakit tabernak irekitzearen eragina kutsatzeen beheranzko joera aldatzeko adina izango den, baina apaltze horren abiadura moteldu dezake». Santinek uste du tabernak eta jatetxeak irekitzea ez dela erabaki egokia izan, kontuan hartuta gaur egun birusaren intzidentzia metatua oso handia dela toki guztietan, eta are gehiago eremu gorrian dauden udalerrietan.

EAEko Auzitegi Nagusiko epaileek emandako argudioen haritik, Santinek azpimarratu du kutsatzeen jatorriaren %90 ezezaguna izanda ere, zalantzarik ez dela ostalaritzak baldintza guztiak betetzen dituela birusaren transmisioa errazteko: «Leku itxiak dira, aireztapen gutxikoak, non maskara kendu behar den une oro jan edo edateko, eta jendeak nahiko ozen hitz egiten du». Osasun publikoari eragiten dizkioten erabakiak hartzeko orduan, adituenikuspuntua aintzat hartu behar dela aldarrikatu du Santinek: «Epaileek ez ezik, agintari politikoek ere zientzialariekin alderatu beharko lituzkete hartzen dituzten neurri eta erabakiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.