Marta Macho

Zientzialaria, bata morea jantzita

Matematikaria eta feminista. Emakumeen zientzia lanak dibulgatu ditu, batez ere. Egin duen lana saritu du Emakundek, emakumeak zientziara gerturatzeagatik eta andre zientzialariak ikusarazteagatik.

Gasteiz
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Feminismoa emakume izateagatik ezagutu zuela esan du Marta Machok (Bilbo, 1962). Matematika ikasi zuen. Karreran ez zuen bestelako trataera edo jarrerarik igarri emakume izatearren. Bai, ordea, doktore tesia lantzen zebilela, eremu maskulinizatu batean. Harrezkero, irakurriz, eztabaidatuz, entzunez ikasi du feminismoaz. Besteak beste, dibulgazio lanetan jardun da, zientzia gizarteari helarazten. Emakumeen lana dibulgatu du, ezohiko moduan. Historian zientzialariak izan ziren emakumeen eta gaur egun zientzian dabiltzanen lanak hedatzen ditu Mujeres con ciencia blogaren bidez (Emakume zientziadunak). Haren lana saritu du Emakundek, emakumeak matematika eta zientzien mundura gerturatzeko egindako ahaleginagatik eta emakume zientifikoak ikusarazteagatik.

«Erreibindikazio txoko bat bada bloga», azaldu du Machok. «Garrantzitsuena, hala ere, dibulgazioa da». Historiak ezkutatutako emakume zientzialariak aurkezten ditu. «Askotan, bizitza eredugarriak dira, emakume indartsuak izan direlako. Ez dituzte ikerketa lanak bertan behera utzi egoera zailetan egon arren». Garbi du emakume horiek izan zirela aitzindariak.

Berdin-berdin goraipatzen du egungo andre zientzialarien lana. Batez ere, emakume gazteentzat «gertukoagoak» direlako. «Gaur egungo emakumeak zientzian lanean ikusten badituzte, ohartzen dira hezur-haragizkoak direla, eurek ere lor dezaketela zientzialari izatea». Egoera zailetan aurrera egindakoen berri izateak bestelako eragina daukala uste du: «Pentsatu ohi da emakume berezia dela arazo horiei guztiei aurre egin diena, eta norbera ez dela horren berezia».

Zientzien munduan

Matematikak «dibertigarriak» iruditzen zaizkio Machori; horregatik erabaki zuen ikastea. Baita erraz menderatzen zituelako ere. Karrera ikasketak amaitutakoan, doktore tesia egin zuen LyongoClaude Bernard Unibertsitatean. Han igarri zituen emakume izatearen lehenengo oztopoak: alde batetik, gizonezkoek beste tratu bat jasotzen zutela; bestetik, lehiakortasun gogorra zegoela. «Emakumeak ez gaituzte hezten gizonak beste lehiatzeko. Ez badiozu eusten, lantzen zabiltzan gaia kentzen dizute. Izan ere, jende asko dabil gai bera lantzen. Emakume askok amore ematen dute lehian, eta lana utzi».

Zientzien munduan parekidetasuna lortzeko aurrerapauso asko eman direla uste du Machok, emakume gehiago dabiltzalako zientziak ikasten edo zientzietan lanean. Hala ere, oraindik arlo maskulinizatuak daudela salatzen du; ingeniaritza aipatu du.

Emakumeek «nahiago» dituzten arloak ere nabarmendu ditu. Biologiarekin lotuta daudenak, adibidez: «Bio-osasunean askoz emakume gehiago daude. Lotura izan dezake ikasketa horien etorkizuneko lanekin; zaintza lanarekin lotura sendoagoa daukate».

Dibulgazio lanetan jarduteko ere estilo propioa dauka Machok. Literatura erabili du matematikak gizarteari helarazteko. «Matematika edonon dago: goizean esnatzeko erabiltzen duzun iratzargailuan, esaterako. Literaturan ere bai». Liburuetako pasarteak erabili ditu matematika helarazteko: «Esaterako, Planet of the Apes liburuan [Tximutzarren planeta], Pitagorasen teorema erabiltzen du gizakiak tximuekin komunikatzeko. Hizkuntza unibertsala da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.