Koronabirusa. Ikerketa

ZIENTZIA, PRESAKA

Munduko hainbat ikerketa taldek eta botika ekoizlek lasterketa bat abiatu dute COVID-19ari aurre egiteko sendabidearen bila. Oso azkar ari dira lanean hurrengo izurriterako txertoa asmatzeko eta egungo gaixoak tratatzeko botika egokiak aurkitzeko. Odol plasmaren aukera ere hor dago.

ZIENTZIA, PRESAKA.
jakes goikoetxea
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

Erlojupekoa: horixe da SARS-CoV-2 birusaren kontrako borroka. Zientzia abiada bizian ari da lanean koronabirus mota horrek mundu guztian eragindako ondorio kaltegarriak arintzeko, sendatzeko eta, ahal bada, birusaren beste epidemia baterako prebenitzeko. «Zientzia espresa» deitu dio Ignacio Lopez-Goñi Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia katedradunak.

Dena da berria. Birusa berria da, eta, beste koronabirus batzuen antzekoa izanda ere, inor ez zegoen haren kontra immunizatuta. Alegia, guztiak zeuden kutsatzeko eta gaixotzeko moduan. SARS-CoV-2ak mundua bere egin du, haren aurretik bestelako bizitza bat eta bestelako bizimodu bat existitzen zirela ahazteraino. Baina, egutegian atzera eginda, hiru hilabete eskas baino ez dira igaro haren berri izan zenetik. Galderak gehiago dira erantzunak baino, baita zientzian ere. Hona hemen zientziak eta zientzialariek birusari eman dioten erantzunaren laburbilduma:

Zer bide hartzen ari dira COVID-19ari aurre egiteko?

Hiru nagusi aipa daitezke: txertoa, antibiralak eta odol plasma. Prebentziorako tresna dira txertoak; tratamenduak, berriz, antibiralak eta odol plasma. Oraindik ez dago ez txerto eraginkorrik, ez COVID-19aren aurka balio duela frogatu den antibiralik. COVID-19a gainditu dutenen odol plasma erabili dute Txinan, gaixoen sistema immunea indartzeko. Ikerketa asko egiten ari dira hiruretan.

Ohi baino lehenago lortuko al dituzte?

Badirudi baietz. Alde batetik, baliatzen ari direlako bai beste birus batzuen kontrako botikak, bai beste koronabirus batzuei buruzko informazioa: SARS —2002-2004ko izurritea, Txinakoa— eta MERS —2012koa, Saudi Arabiakoa—. Gainera, horiek ikertzen ari ziren talde batzuek, haien ezagutza eta aurreratutako lana baliatuta, ikerketak abiatu dituzte COVID-19ari buruz.

Bestetik, COVID-19ari buruzko informazioa oso azkar zabaltzen ari da. Mila artikulutik gora daude PubMed datu basean: genomaz, tratamenduez, antibiralez, diagnostikoaz... Beste asko daude argitaratzear. «Zerbait aterako da honetatik guztitik», uste du Lopez-Goñik. «Inoiz ez gara hain prestatuta egon pandemia bati aurre egiteko».

Egon al da denbora nahikoa artikulu sendoak argitaratzeko?

Bai eta ez. Artikulu horietako askok ez dute mami sendorik edo ekarpen eskasa egin dute, COVID-19ari aurre egiteko prozesuan behintzat. COVID-19ak larrialdi egoera eragin du mundu osoan, COVID-19a boladan dago zientzian, eta horrek artikulu uholde bat eragin du. Horietako batzuk, ordea, ez daude ikerketetan edo esperimentuetan oinarrituta: argitaratutako artikuluen bildumak dira, kasu bakarren edo gutxi batzuen deskribapenak... «Txosten epidemiologikoak artikulu bihurtuta», laburbildu eta kritikatu ditu horiek Koldo Garcia Etxebarria genetikako doktoreak bere blogean (edonola.net). Dena berria denez, berehala argitaratzea hobetsi dute, eta ikerketa zientifikoak argitaratzeko egin ohi diren prozedurak, zorroztasuna eta exijentziak arindu. Argitaratu aurreko artikuluen bertsioak ere artikuluen pare tratatzen ari dira askotan.

Ba al daude txertoak sortzeko proiektuak?

Bai, mordoxka bat: 44, OME Osasunaren Mundu Erakundearen zerrendaren arabera. Horietatik bi jada hasi dira entsegu klinikoak egiten pertsonetan probatzeko, bata Txinan eta bestea Ameriketako Estatu Batuetan. Gainerako guztiek oraindik ez dituzte gainditu entsegu aurreklinikoak.

Zertarako balioko luke txertoak?

Txerto eraginkor bat lortuz gero, jendea txertatzeko eta koronabirusa prebenitzeko. Txertatu eta gero, SARS-CoV-2 birusak kutsatuz gero, pertsonaren immunitate sistemak aurre egingo lioke, antigorputzak izango bailituzke. Orain koronabirusa gainditzen dutenek antigorputzak dituzte.

Zenbat denbora irauten du SARS-CoV-2 birusarekiko immunitateak?

Ez dakite antigorputz horiek zenbat denboran eta zer-nolako indarrez irauten duten. Birusa berria denez, gainditzen dutenen immunitate sistema eta bilakaera ikertu beharko dituzte. Txinan birusak kutsatutako eta onik ateratako bi makako berriro jarri dituzte birusaren arriskupean, baina ez dira berriro kutsatu. Ez dakite zehazki zer gertatuko den gizakietan. Ez dakite, gainera, antigorputz horiek nahikoak diren berriro kutsatzea eragozteko.

Stanley Perlman Iowako unibertsitateko (AEB) koronabirologoak Nature aldizkarian azaldu duenez, ikusi zuten MERSa gainditu zuten gaixoen antigorputz maila asko jaisten dela; SARSaren kasuan, ordea, antigorputzak dituzte handik hamabost urtera ere.

Noizko egongo da lehen txertoa?

Auskalo. Batzuek diote hilabete batzuk baino ez direla beharko; gehienek urtebetetik gorako epea aipatu dute. Zergatik? Txertoak sortzeko hainbat prozesu, kontrol eta epe bete behar direlako. Aurrena, sortu egin behar dira; gero, laborategian, zeluletan, frogatu behar da eraginkorrak direla birusaren kontra; animalietan egiaztatu behar da ez direla kaltegarriak eta, era berean, eraginkorrak direla; zer albo ondorio dituzten ikusi behar da; gizakietan probatu, aurrena talde txikietan, gero handiagoetan; eta, azkenik, ekoiztu eta saldu.

Murriztuko al dituzte legezko epeak?

Txertoak onartzeko prozesuak eta epeak zorrotzak izan ohi dira. Hala ere, malgutu izan dituzte, ebolaren kasuan, esaterako, arrazoi humanitarioengatik. Eta erakunde batzuk hala jokatzen ari dira COVID-19aren kontrako borrokan. Moderna ekoizlearen txertoa aldi berean ari dira probatzen animalietan eta gizakietan. Proba klinikoen lehen fasea hasi dute, ikusteko ea kaltegarria den eta ea gorputzak antigenoen aurrean erreakzionatzen duen; hau da, ea antigorputzak sortzen dituen. Duela bi aste hasi ziren txertoa gizakietan probatzen. AEBetako Gobernua da, herrialdeko osasun institutuen bidez, txerto horren babesleetako bat.

«Larrialdirik gabeko egoera batean, bata bestearen atzetik egingo lirateke, baina, kasu honetan, gauza asko aldi berean egiten ari dira», azaldu dio Nature-ri Barney Grahamek, AEBetako Osasun Institutuetako Txertoen Ikerketarako Zentroko zuzendariordeak. «Ez dut uste animalien eredu batean probatzea ezinbestekoa denik entsegu kliniko batera iristeko», esan du Tal Zaksek, Mordernako zuzendari medikoak. 18 eta 55 urte arteko 45 heldu osasuntsutan probatuko dute.

Dilema bat planteatu du Lopez-Goñik: «Gizarteak erabaki behar du noiz nahi duen txertoa: hurrengo urtean, hurrengo izurritean, edo, ohiko prozedurak jarraituta, bost, sei edo agian baita hamar urte barru ere». Berak ez dauka zalantzarik, are gehiago ikusita ez dagoela ez antibiralik, ez txertorik: «Akatsak egin daitezke, bai, baina osasun larrialdi batean gaude; ez dago beste aukerarik». OMEko ordezkariek onartu dute zorroztasun zientifikoaren eta azkartasunaren artean aukeratu behar izan dutela, eta, antibiralen kasuan, azkartasunaren alde egin dute.

Modernaren txertoaz gain, beste bat ere hasi dira gizakietan probatzen, Txinan.

Horrek zer arrisku ditu?

Ikerketak behar den patxadaz ez egitea eta berez arrakastatsuak izan zitezkeen bideak bertan behera geratzea... Beste arriskuetako bat da entseguetan parte hartzen duten pertsonek gaixotasunaren bertsio gaiztoago bat garatzea. Gertatu zen SARSaren kontrako txerto bat probatzen ari zirela, 2004an. «Txertoa probatzen dutenek gaitz larriago bat garatzeko arriskua apala da», Grahamen iritziz. «Baina txertoak azkar ez garatzeko arriskua handia da, eta ez genuke ezer edukiko eskura hurrengo negurako, gutxienez benetan probatzeko».

Ba al daude kontrako iritziak?

Bai. Egoera larria izanda ere, badira ikerlariak esan dutenak ezin direla alboratu txertoak sortzeko eta botikak probatzeko ohiko zuhurtzia eta segurtasun neurriak. Shibo Jiangek argi dauka. Hala idatzi du Nature- n: «Ez gaitezen okertu: funtsezkoa da ahalik eta indartsuen eta azkarren lan egitea botikak eta txertoak garatzeko eta mundu guztiaren esku jartzeko. Baina garrantzitsua da lasterbiderik ez hartzea». Jiangek eskarmentu handia du koronabirusen kontrako txertoetan eta tratamenduetan, SARSaren kontrakoetan batez ere.

Haren iritziz, txerto bat gizakietan probatzea baimendu aurretik, erakundeek neurtu egin behar dute txerto horren segurtasuna birusaren andui ezberdinetan eta animalia espezie batean baino gehiagotan. Jiangek bi animalia espezieena aipatu du, SARSaren kasuan erantzun immunitarioa oso ezberdina izan baitzen espezie batzuetan eta besteetan.

Zeintzuk dira txerto proiektuen estrategiak?

Asko. Helburua da giza gorputzean SARS-CoV-2aren proteinaren bat ekoiztuko duen generen bat sartzea, eta gorputzak proteina arrotz horri —antigenoa— antigorputzak sortuz erantzutea. Txerto proiektu gehienak SARS-CoV-2 birusaren azaleko S proteinan oinarritzen dira: birusak hori baliatzen du giza gorputzeko zenbait organotako —birikak, esaterako— kanpoko geruzetako zelulen ACE-2 heldulekuetara edo hartzaileetara itsasteko, eta haietatik zelulen barrura sartzeko.

Txinako proiektuan, jada gizakietan probatzen hasi direnean, birus bat erabiltzen dute ibilgailu gisa —oso eraginkorrak dira giza zeluletara iristeko—, pertsonaren zeluletan kanpoko material genetikoa sartzeko. Kanpoko material hori SARS-CoV-2ren S genea da.

Modernaren txertoaren kasuan, RNA azido erribonukleiko mezulari zati bat erabiltzen ari dira, SARS-CoV-2aren S proteina sintetizatzeko, sortzeko, jarraibideekin. Giza zeluletan sartu eta gero, zelulek S proteina sortuko dute, gorputzak elementu arrotzak —antigenoak— direla antzemango du, eta antigorputzak sortuko ditu aurre egiteko.

Beste txerto proiektu batzuek gaitz batzuen —gripea, elgorria— birus bizidunak baliatzen dituzte SARS-CoV-2aren proteinaren bat kodetzen duen genea sartzeko. Birus bizidunak dira, baina indargabetuak edo akasdunak, gizakiari ez kalte egiteko.

Horiez gain, bada DNA sintetikoetan oinarritutako proposamen bat ere: DNA horrek SARS-CoV-2aren S genea edukiko luke.

Txertoa aurkitzeaz gain, dosi egokia ere aurkitu behar dute.

Txertoa aurkitutakoan, zer?

Bada, mundu guztiak beharko du, eta ez dago garbi botika ekoizleak gai izango diren beharrezko dosi guztiak ekoizteko. Txertoak sortzeko modu batzuk besteak baino motelagoak dira. Gainera, ez du ziurtatzen behar duten munduko herritar guztiei iritsiko zaienik.

Txertoek balioko al dute egungo pandemiarako?

Ez. Txertoak prebentzio tresnak dira, eta lehen txertoa kaleratzen dutenerako koronabirusaren pandemia hau gaindituta egongo da. Beste baterako balioko luke, «baldin badago», zehaztu du Lopez-Goñik. Ez baita segurua hurrengo urtean COVID-19 izurriterik egongo denik. Aukeretako bat da desagertzea, SARSa eta MERSa desagertu ziren moduan.

Orain diseinatzen den txerto bat eraginkorra izango al da etorkizunean?

Birusek mutazioak izaten dituzte; aldatu egiten dira. Horrek ez du esan nahi, derrigorrean, birusa kaltegarriagoa bihurtuko denik. Beraz, orain birus baten kontrako txertoa diseinatuta ere, birus hori ezberdina izan daiteke urtebete barru. Hala gertatzen da gripearekin. Beraz, orain diseinatutako txertoa agian ez da guztiz eraginkorra urtebete barru. Txertoa aldatu egin beharko litzateke birus mota berriari aurre egiteko.

«Txertoa zeu zara», diote. Hala al da?

Berez, pertsona ez da txertoa; baina, COVID-19aren hedapena geratzeko txertorik ez dagoenez, «txertoa zeu zara» esaten ari dira, adierazteko norberak eragotzi dezakeela koronabirusaren hedapena, neurriak hartuz. Horrela ez lukeelako bere burua kutsatuko eta, beraz, ez lituzkeelako gainerakoak ere kutsatuko.

Zer dira antibiralak?

Birusen kontrako botikak. Birusaren erreplikazioa eragozten dute. SARS-CoV-2 birusaren kontrako antibiralen abantaila da jada probatuta daudela gizakiengan, eta badakitela seguruak direla. Edo, gutxienez, ezagutzen dituzte haien albo ondorioak. Antibiral eraginkorren bat aurkituz gero, orain bertan erabili ahal izango lukete, tratamendu gisa.

Ez dago SARS-CoV-2 birusaren kontrako antibiralik, baina bai beste koronabirus batzuen kontrakoak. Probatzen ari dira, ikusteko ea blokeatzen duten. 70 antibiral edo molekula baino gehiago identifikatu dituzte; beste kontu bat da benetan funtzionatzea.

OMEk nazioarteko partzuergo bat sortu du, Solidarity (Elkartasuna), COVID-19aren kontrako tratamendu bat aurkitzeko. Hainbat herrialdek parte hartzen dute proiektuan, eta partzuergoaren tresnetako bat mundu mailako entsegu kliniko bat da.

Zein antibiral ari dira probatzen?

Hona hemen horietako batzuk, hirurak OMEren Solidarity partzuergoaren babesa jaso dutenak:

Remdesivir: birusa zelularen barruan erreplikatzea eragozten du. Ebolari aurre egiteko sortu zuten, baina ez zuen funtzionatu. Arrakastatsua izan da, ordea, SARSaren eta MERSaren kontra. Baita RNA genoma duten beste birus batzuen kontra ere —halakoa da SARS-CoV-2a—. Munduko hainbat herrialdetan ari dira probatzen, tartean Euskal Herria. Txinan hirugarren faseko proba klinikoak hasi zituzten otsailean.

Ritonavir eta lopinavir: GIB birusaren kontra erabiltzen dira. Bi antibiral horiek erabili dituen ikerketa batek kale egin du Txinan. OMEk beste ikerketa bat bultzatu du, ritonavirraz eta lopinavirraz gain, interferon-beta ere emateko, hantura kontrolatzen duen botika.

Klorokina: berez, malariaren kontrako botika da, baina herrialde askotan jada ez dute erabiltzen, ez delako eraginkorra, parasitoak erresistente bihurtu direlako. Birusa zelula osasuntsuetan sartzea eragozten du. SARS-CoV-2 birusa zelulen heldulekuei lotzen zaie, eta, zelulako PHa jaistean, zelularen eta birusaren mintzek bat egiten dute. Ondorioz, birusa zelulan sartzen da. Klorokinak igoarazi egiten du PHa, eta, beraz, birusak eta zelulak ez lukete bat egingo.

Eta hidroxiklorokina?

Klorokinaren deribatu bat da. Malariaren kontra bai, baina artritis erreumatoidea eta lupusa tratatzeko ere erabiltzen da. Merkea da. Marseillako Unibertsitate Ospitalean (Frantzia) gaixo gutxi batzuen karga birala jaistea lortu dute, baina ez dute frogatu, ordea, onura klinikorik. Txinan ere erabili dute. Dena den, oraindik ez dute egin entsegu kliniko serio eta zabalik.

Zer gertatu da Frantzian hidroxiklorokinarekin?

Eztabaida handia sortu dela haren erabilerari buruz. Marseillako Unibertsitate Ospitaleko Didier Raoulten ikerketak oihartzun handia izan du, eta hidroxiklorokina modu masiboan emateko eskatu dute. Raoulten ikerketak, baina, hutsune asko ditu: gaixo gutxi, karga biralean bakarrik oinarritua, botikarik jaso ez zuen talderik gabe egina —batzuen eta besteen emaitzak alderatu ahal izateko—, emaitza publikorik ez...

Frantziako Gobernuak uko egin zion COVID-19aren aurka hidroxiklorokina modu masiboan erabiltzeari; ostegunean, baina, onartu egin zuen ospitaleratuta zeuden gaixoetan eta tratamendua etxean egin behar zuten gaixoetan erabiltzea, betiere mediku batek aginduta. Lopinavirraren eta ritonavirraren konbinazioa ere baldintza beretan erabiltzea baimendu zuen.

Espainiako Gobernuak mugatu egin du hidroxiklorokinaren salmenta. Ez da saltzen botiketan .

Eta AEBetan?

Donald Trump AEBetako presidenteak «mugarri» deitu zion, eta FDA Elikagaien eta Botiken Erakundeari eskatu zion baimentzeko gaixoei ematea; FDAko arduradunek, baina, Trump baino askoz ere zuhurrago, nabarmendu zuten haren eraginkortasuna ez dagoela frogatuta. Hala ere, Trumpek eta hidroxiklorokinaren ustezko emaitza onek COVID-19aren kontrako botika bihurtu dute jende askorentzat, eta amaitu egin da hainbat botikatan. AEBetan jendeak bere kabuz hartu du, bat baino gehiago hil egin da, eta beste batzuk ospitalean artatu behar izan dituzte.

Ez dira herritarrak hidroxiklorokina erabiltzen ari diren bakarrak. AEBetako ospitale entzutetsu batzuetan ere erabiltzen ari dira, etsita, beste tratamendu batzuek funtzionatzen ez dutenean. Dena den, 3.000 lagun bildu nahi dituen ikerketa bat abiatu dute AEBetan bertan.

Nahikoa izango al da antibiral bakar bat?

Antibiral batek COVID-19aren kontra arrakasta lortuta ere, ikusi egin beharko litzateke arrakasta maila, eta litekeena da antibiral bat baino gehiago erabili behar izatea. Gerta baitaiteke birusak antibiralaren kontrako erresistentzia garatzea ere.

Eta zer egin dezake odoleko plasmak?

COVID-19aren kontrako borrokan asko aipatu dira txertoak eta antibiralak, baina gutxiago plasma eta plasmaren aukerak. COVID-19a gainditu duten gaixoen odoleko plasma izango litzateke. Plasma odolaren likidoa da, globulu gorri, zuri eta plaketarik gabea. Plasma horretan leudeke gaixo horiek sortutako antigorputzak. Beraz, antigorputz dosi bat emango liekete gaixo daudenei, haien immunitate sistema indartzeko. Txinan erabili izan dute. Hori bai, erabili duten medikuek ohartarazi dute garai egokian eman behar zaiela, eta ez dela beti arrakastatsua. Txinak 90 tona plasma bidali ditu Italiara.

Bide hori proposatu du Arturo Casadevallek, AEBetako Osasun Publikoko Johns Hopkins Bloomberg Eskolako irakasleak, antibiralen eraginkortasuna frogatu eta txertoak lortu bitartean. «Plasma botika da bere horretan... Erabili daiteke, bai gaitzak kutsatzeko arriskuan jartzen direnekin, bai gaixo daudenekin», azaldu du. Txertoaren bidez, norberak sortuko lituzke antigorputzak; plasmarekin, zuzenean sartuko lituzkete antigorputzak. Aukera oso segurua da, odola emateko prozedurak oso araututa eta kontrolatuta baitaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.