Zientzia, giza eskubideen zerbitzura

Zientziak, eta bereziki auzi antropologiak, bakeari eta demokraziari egindako ekarpenaz hausnartu dute zenbait adituk Gernikan, Kulturaren eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldietan, eta memoria berreskuratzearen garrantzia nabarmendu dute.

Ezkerretik, Francisco Etxeberria, Maria Oianguren Idigoras, Luis Fondebrider eta Lourdes Herrasti, atzo, Gernikan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ezkerretik, Francisco Etxeberria, Maria Oianguren Idigoras, Luis Fondebrider eta Lourdes Herrasti, atzo, Gernikan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Gernika
2025eko apirilaren 25a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorputz guztiek lorratzak uzten dituzte. Baina ez da beti erraza lorratz horiei jarraitu eta, aztarnetan oinarrituta, horren ibilbidea berreraikitzea. Zientzia lagungarri suertatzen da eginkizun horretan: auzitegiko antropologia, bereziki, baina historia, arkeologia, medikuntza, fisika, kimika eta zientziaren beste alor batzuk ere baliagarriak dira horretarako. Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenaren harira antolatutako Kulturaren eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldiei bukaera emateko, mahai inguru bat atondu zuten atzo, eta gai horixe izan zuten hizpide: zientziak, eta batez ere auzitegiko antropologiak, bakeari eta demokraziari egindako ekarpena.

EAAF Auzitegiko Antropologiako Argentinako Taldeak 40 urte eman ditu gorputzek utzitako lorratzei jarraikiz. 1984an, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren kontrako manifestazio batean zeudelarik, ikasle batzuei albistea iritsi zitzaien, Clyde Snow antropologo estatubatuar ospetsua laguntzaileak bilatzen ari zela, diktadurak desagerrarazitakoak bilatzeko. Gazte horietako batzuk Snow zegoen hotelera joan ziren, harekin elkartzera, eta horrela sortu zen taldea. Hasieran, sei ikaslek osatzen zuten, ez zeukaten aurrekonturik ezta egoitzarik ere, eta bilerak kafetegietan egiten zituzten; egun, 60 ikerlari baino gehiago dira, mundu osoan barreiatutako bost egoitza dituzte, eta 40 urtean 15.000 gorpu baino gehiago berreskuratu dituzte.

«Auzi honetan, gakoa borondate politikoa da. Eta borondate hori sustatzeko ezinbestekoa da gizartearen presioa»

LUIS FONDEBRIDERAuzi Antropologiako Argentinako Taldea

Taldeak egindako lana aintzatesteko, Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika saria emango diote elkarteari. Luis Fondebrider elkartearen sortzaile eta 2021era arte hango presidente izandakoa Gernikan dago egunotan, saria jasotzeko, eta mahai inguruan parte hartu zuen: «Gu unibertsitate publikoko ikasleak ginen; ikastea pribilegioa zen orduan, eta, gure lanarekin, Argentinako gizarteak guri emandakoa itzuli nahi genion». Izan ere, memoria berreskuratzeko prozesuetan, gizartearen bultzada baitezpadakoa dela deritzo: «Auzi honetan, gakoa borondate politikoa da. Borondate politikorik gabe, ez dago ezer. Eta borondate hori sustatzeko ezinbestekoa da gizartearen presioa. Argentinan, gizartearen mobilizaziorik egon izan ez balitz, gobernuek ezer gutxi egingo zuten».

Euskal Herriko ikuspegia ekarri zuten Francisco Etxeberria lege eta auzitegi medikuntzako mediku espezialistak eta Lourdes Herrasti arkeologoak. Etxeberriak esan zuenez, azken urteotan handitu egin da frankismoaren biktimen inguruko interesa gizartean, eta interes hori arlo askotara hedatu da: «Espainian, interes hori literaturara eta zinemara ere iritsi da. Seguru asko, arduradun politikoek ez zuten pentsatu hori gertatuko zela, gai honi heltzea erabaki zutenean. Geldiezina da, eta arazoa da ez garela gauza leku guztietara iristeko. Askoz jende gehiago beharko genuke, eta jakintza alor askotakoak».

«Arazoa da ez garela gauza leku guztietara iristeko. Askoz jende gehiago beharko genuke, eta jakintza alor askotakoak»

FRANCISCO ETXEBERRIAAuzi medikuntzako espezialista

Baina ez da beti horrela izan. Etxeberriak gogoratu ditu 2000. urtearen inguruan, gai honetan lehenengo urratsak egiten ari zirenean, EHUko lankide batzuek egiten zizkioten ohartarazpenak: gaia arriskutsua zela, ez zela komeni bazterrak nahastea eta abar: «Oraindik gogoan dut baten batek esandakoa: alegia, memoria historikoa ez zela memoria, ezta historikoa ere».

Aranzadi elkartearen izenean, Herrasti Espainiako leku askotan egon da, frankismoaren biktimen gorpuak desobiratzen eta identifikatzen: «Ez gara iraganaz hitz egiten ari, gaur egungoaz baizik. Oraindik ere, beldurra handia da. Zenbait lekutan debekatu egin digute desobiratzeak egitea, eta beste batzuetan, ezinezkoa izango zaigu gorpuak identifikatzea, ez dugulako lortzen horretan lagunduko duen senitartekorik topatzea. Senide batzuek ez dute interesik, badakitelako interesa arriskutsua izan daitekeela».

Iragana eta etorkizuna

Fondebriderren iritziz, memoria berreskuratzea horrelako izugarrikeriak berriro ez gertatzeko bermea da, eta, hortaz, auziak, iraganarekin ez ezik, etorkizunarekin ere zerikusia du: «Dirua erabil daiteke desagertuak bilatzeko, edo armak erosteko. Aukeratu behar da. Eta aukeraketa horrek baldintzatuko du nolako gizartea izango dugun etorkizunean». Gainera, gogoeta egitea beharrezkoa dela deritzo: «Franco eta Videla ez ziren ontzi batean iritsi ziren estralurtarrak; gure gizartearen emaitza izan ziren. Argentinan, adibidez, militarrek ez zuketen boterea eskuratuko, klase sozial aberatsaren sostengua izan ez balute. Horretaz hausnartu behar dugu».

Etxeberriak ere uste du alor honetan hartzen diren erabakiek gizartearen norabidea baldintza dezaketela. Nabarmendu zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak haien egitasmoei oniritzia eman zienetik beti izan dutela Jaurlaritzaren sostengua. Baina gehiago egin daitekeelakoan dago: «Gipuzkoan, ikerketa bat egin da frankismoaren jazarpena pairatu zuten medikuen inguruan. Gipuzkoan horrelakoak egiteko laguntzak badaude, Bizkaian zergatik ez?».

«Ez gara iraganaz hitz egiten ari, gaur egungoaz baizik. Oraindik ere, beldurra handia da»

LOURDES HERRASTI Aranzadi elkarteko arkeologoa

Etorkizunari begira, ezkor agertu ziren Etxeberria eta Herrasti. Esan zutenez, ultraeskuinaren gorakadak eta Espainiako leku askotan Voxek eta Alderdi Popularrak boterea eskuratu izanak errotik moztu dituzte memoriari buruzko egitasmoak. «Aragoin, esaterako, dena desagertu da. Deitzen diegu, eta ez dago inor telefonoaren beste aldean», esan zuen Etxeberriak. Herrastirentzat, berriz, ez da kasualitatea Madrilen, Murtzian eta Kantabrian (Espainia) oraindik ere desobiratzerik egin ez izana. Fondebrider, aldiz, baikorrago agertu zen: «Bizirik gaude, eta, azkenean, egia gailenduko da. Ezin da eguzkia atzamar batez ezkutatu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.