Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu egiteko inbestidura saioan, UPN izan da PPrekin eta Voxekin batera ezezko botoa eman duen bakarra. Kanpainan emandako hitza betetzea funtsezkotzat dauka Alberto Catalan UPNko diputatuak (Corella, Nafarroa, 1964). Hain zuzen ere, koherentziarik eta sinesgarritasunik ez izatea aurpegiratu dio Alderdi Sozialistari: «Ezin da gezurrik esan».
Zergatik ez duzue PSOErekin negoziatu?
Aurretik esan dugulako ez genuela Sanchezen inbestiduraren alde bozkatuko, ez baita modurik hoberena Nafarroaren eta Espainiaren interesak defenditzeko. Oso argi dugu, aintzat hartuta norekin gobernatu duen Alderdi Sozialistak eta nola zuritu dituen ETAren oinordekoak, botereari eusteko. Estrategia horretan, UPN ez da sartuko.
Nafarroako Parlamentuan, baina, UPNk laguntza eskaini dio PSNri aurrekontuei eta zerga neurriei begira. PPk eta Voxek baldintzatzen al dute zuen jarrera?
Inondik ere ez. Madrilen, Nafarroako Parlamentuan eta udaletan, politika bera egiten dugu. Nafarroaren interesak lehenesten ditugu beste ezein interes alderdikoiren gainetik. Guk gobernabiderako eta aurrekontuen egonkortasunerako akordioa eskaini diogu PSNri, betiere Bildu bezalako alderdi baten babesari uko eginez gero, ez baitituzte ETAren atentatuak gaitzetsi. Funtsezko baldintza da ETAko politikariak ez zuritzea.
UPNk bat egin du azken bi asteburuetan Iruñean antolatutako protestekin. Eskuineko haserreari etekina ateratzeko asmoa al dago?
Batere ez. Ez dago inongo interes politikorik. Argi dago jendea kalera atera daitekeela Espainiako Gobernuaren politikaren aurka dagoela adieraztera. Betiere, besteenganako errespetuz eta indarkeriarik erabili gabe.
Zergatik zaudete amnistia legearen aurka?
Batik bat ez dagoelako konstituzioan jasorik. Trantsizio demokratikoaren eta konstituzioaren beraren aurkako traizioa da, baita sistema demokratikoaren aurkako umiliazioa ere. Zuzenbide estatuaren funtsezko oinarrietako bati eragiten dio bete-betean: berdintasunari. Duela aste gutxi arte, horixe esaten zuen Pedro Sanchez presidenteak, baita ministro askok ere: ziotenez, amnistia legez kanpokoa zen, inkonstituzionala, eta ez zen gertatuko. Puigdemont jaunaren zazpi boto behar zituztelako aldatu dute iritzia.
Amnistiaren legea konstituzioaren aurkakotzat jo izan da haren edukia jakin aurretik, eta, legelari batzuk kontra dauden bezala, beste batzuk alde daude. Ez al da hau guztia iritzi politiko hutsa?
Iritzia al zen Sanchezek esaten zuenean legez kanpokoa zela eta inkonstituzionala zela? Argudio politiko bat al zen haren ministroek ere hala esaten zutenean? Argi eta garbi, ez. Legelari adituek esatea ez duela tokirik konstituzioan, hori bada argudio nahikoa ikuspegi horri eusteko. Auzia ez da legearen edukia ezagutzen ote den edo konstituzionala den. Ez du tokirik Espainiako Konstituzioan. Are gehiago: 2021eko indultuak aztertzeko Justizia Ministerioaren txostenetan ageri zen inkonstituzionala zela eta delituak ezin zirela ezabatu.
Aurrekari handi bat dago, trantsiziokoa.
Konstituzioaren aurrekoa izan zen, erregimen aldaketa baten ondorioz egina. Ez zuen behar izan, gainera, hitzaurrean hainbeste orrialde idaztea. Adibide horrek ez du balio.
Europako kasuistikak ere ez al du balio? Bigarren Mundu Gerraz geroztik 50 amnistia baino gehiago ezarri dira. Azkena aurten, Portugalen.
Esango nizuke entzuteko legelari adituek zer dioten, Europako Batasuneko beste herrialdeekin egindako alderatzeak manipulatu egin direla. Baldintzak eta egoerak ez dira berak. Zuzenbide Konstituzionaleko katedradun Manuel Aragonen arabera, errealitatea desitxuratzeko modu bikaina da. Ematen ari diren adibideek ez dute balio, eta, ondorioz, faltsutzeko eta engainatzeko saio bat dira.
Legeak berak dioenez, botere legegilearen ahalmena da, ezohiko eta tentsio instituzional handiko egoerei aurre egiteko. Ez al da gatazka politikoei politikoki aurre egiteko tresna baliagarri bat?
Inondik ere ez. Sanchezek berak esan zuen Puigdemont Espainiaratuko zuela, eta Kataluniako historiaren orrialderik beltzenetarikoa zela. Orain, zazpi botoren beharrean dagoelako, xantaiari amore emateko prest dago.
Eta ez al dago politika arazo politikoak gainditzeko?
Ez, ez; ez da auzi politiko bat. Delituak egin dituen eta erantzukizuna bere gain hartu behar duen jendea da.
«Gu erne egongo gara, beldur baikara ez dutela ezer esango, baina, atzetik, ilunpean, akordioak egingo dituztela [EH Bildurekin], edo horri buruz ariko direla hizketan»
EH Bilduk ukatu egin du, baina zuek salatu duzue akordioa duela PSOErekin. Zeren beldur zarete?
Deigarria da: EH Bildu da Sanchezen hautagaitzaren alde bozkatu duen eta idatziz hitzarmen publikorik sinatu ez duen alderdi bakarra. Guk eskatu diogu Pedro Sanchezi esan diezagula zer akordio egin dituen haiekin. Zergatik? EH Bilduk bi lehentasun azpimarratu dituelako: presoak eta lurraldetasuna. Lurraldetasunaz mintzo denean, mahai gainean jartzen du Nafarroaren bat egitea. Eta ETAko presoez mintzo denean, zigorren baldintzak murrizteaz ari da. Gu erne egongo gara, beldur baikara ez dutela ezer esango, baina, atzetik, ilunpean, akordioak egingo dituztela, edo horri buruz ariko direla hizketan.
Nafarroan, Iruñeko Udalean zentsura mozioaren aukera aipatzen ari da.
Zertarako aipatu zer gerta daitekeen, ez bada halakorik gertatu? Zientzia fikzioa da. Gauza bakoitza bere tokian.
EAJren akordioari dagokionez, PSOEk konpromisoa agertu du Nafarroarentzat I+G eta beken transferentzia hitzartzeko. Haren edukiarekin bat zatozte, ala ez?
Gu bat gatoz Nafarroak eskumenak bere gain hartzearekin, baldin eta gaur egungoa hobetzen bada, eta batik bat Foru Hobekuntzan hala jasota dagoelako. Dena den, gaitzetsi egiten dugu, uste dugulako erakunde arteko errespetua urratzen dela baldin eta konpromiso hori hitzartzen bada Nafarroan babes gutxien duten alderdiekin.
EAJ Geroa Bairen bazkide da, eta maiatzean 43.000 boto pasatxo lortu zituen.
Ordezkaritza minoritarioa da. Negoziazio hori Espainiako eta Nafarroako gobernuek zuzenean egin dezakete. Hori da legeak markatutako bidea.
Horregatik da konpromiso bat, eta gobernuen artean negoziatu beharko da ondoren.
Bai, baina hitzartzean ez dute denborarik galduko esaten hori eurek negoziatu zutela.
UPNk ez al die beste alderdiei utzi halako garaipen politikoak lortzen?
Ez, bakoitza bere garaian. Gobernatu genuen urteetan, beste kontu batzuetan geunden zentratuta, eta kito. Beste erkidegoekin alderatu zitekeen adierazleetan, nagusi zen Nafarroa. Gaur egun, hori galdu da. Tamalgarria da.