Emakumeen Patronatuko erreformatorioak

Ziegetan ahaztutako neskak

Emakumeen Babeserako Patronatua 1941ean sortu zuen Francoren erregimenak, «galbidean» ziren emakumeei «laguntza emateko»; egiaz, isilpeko espetxe sistema bortitza izan zen, milaka neskaren aurkakoa. Patronatuaren erreformatorioetan izandako hiru emakumerekin solastatu da BERRIA.

Falangearen emakume atalaren barnetegia, Gallartan (Bizkaia). BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Hamabost urte nituela, ama nire logelan sartu zen goiz batean. Familia medikuarekin zetorren, Opus Deikoa berau. Esan zidaten gripearen aurkako txerto bat jarriko zidatela. Xiringa besoan sartu zidaten, eta gogoan dudan bakarra da beste nonbait esnatu nintzela. Ohea, armairu bat eta gurutze bat paretan zintzilik, besterik ez zegoen gela hartan. Oso izututa nengoen, ahoa idor. Ateraino joan nintzen, baina giltzaz itxita zegoen. Leihoa ere itxita, barra lodiekin. Kanpora begiratu, eta ingurua arrotz zitzaidan, baina han aparkatuta zeuden autoen matrikulei erreparatu nien: denak M letraz hasten ziren. Orduan jakin nuen Madrilera eraman nindutela, erreformatorio batera».

Consuelo Garcia del Cid Guerra bezala (Bartzelona, 1958), milaka neska beren etxetik aterarazi zituzten, Emakumeen Babeserako Patronatuaren menpeko kolegio, umezurztegi eta erreformatorioetan sartzeko. 1941. urtean sortu zen erakunde hori, eta Carmen Polo izan zen ohorezko presidentea, Francisco Franco diktadorearen emaztea. Xede zuen «galbidean» ziren emakumeei «laguntza ematea» —prostitutei, adibidez, baina baita umezurtzei eta «promiskuo» edo «errebelde» gisa sailkatutako gazteei ere—, ez zitezen atera sistemak ezarritako bidetik. Praktikan, emakume adingabeentzako espetxe sistema bat izan zen. Ofiziala eta klandestinoa, aldi berean. Sekretua, baina denen begien aurrean. Han atxikitako hiru emakumek testigantza eman dute hil honetan Iruñeko Katakrak gunean, Amatasunak eta sorgin ehiza jardunaldietan.

Frankismoko barnetegiak, 'Els internats de la por' dokumentaleko irudi batean.

Patronatuaren leloa honako hau zen: Eroritako edo erortzear diren emakumeen morala zaintzea. «Zer esan nahi zuen horrek? Bada, ia edozer», gogoratu du Garcia del Cidek: «Adingabea izanda, salatzen ahal zintuzten minigona janzteagatik, kalean erretzeagatik edo zinema aretoko azken lerroetan zure nobioarekin musuka aritzeagatik». Bere kasuan, «errebelde izateagatik eta diktaduraren aurka hitz egiteagatik» salatu zuen bere familia kontserbadoreak, eta Emakumeen Babeserako Patronatuak onartu egin zuen salaketa.

Bide askotatik iristen ziren neskak patronatura. Familiek beraiek eramandakoez gain, Poliziak atxilotutakoak zeuden han, eta baita «moralaren zaindariek» salatutakoak ere. «Gazteen peskizan ibiltzen ziren igerilekuetan, zinema aretoetan, tabernetan, dantzalekuetan... Bekatuzko jokabideren bat antzematen bazuten, Poliziari hots egiten zioten, neska atxilotzen zuten eta ikuskatze zentro batera eramaten zuten, azterketa ginekologiko bat egitera, eta horren araberakoa izaten zen diagnostikoa ere: sexu harremanen zantzurik antzematen ez bazuten, neska hori osoa zela idazten zuten txostenean; bestela, osatugabea». Mediku txostenetan, gainera, maiz nahasten zituzten psikiatriari lotutako kontzeptuak kristau fedearekin edo moralarekin lotutako beste batzuekin: «Lausotua du bere balioen eskala», «burugogorkeria nabarmena adierazten du», «portaeraren nahasmendu larria du», «aise haserretzen da»...

Diagnostikoa eskuetan, patronatuak 25 urteraino luza zezakeen emakumeen adingabe izaera, eta ordena erlijioso baten tutoretzapean uzten zuen. Horiei emana zien patronatuko harrera etxeen, erreformatorioen eta umezurztegien kudeaketa. «Mojen esku zegoen negozio osoa: Erredentzio Santuko Oblatuak, Trinitarioak, Adoratzaileak, Hirugarrendar Kaputxinoak, Karitateko Alabak, Gurutzada Ebangelikoetako Ordena Sekularra...», gogoratu du Garcia del Cidek. Zentro horietan emaniko egun bakoitza «infernua» izan zen harentzat: «Hor barruan ez genuen eskubiderik, baina jendeari bost axola zion. Inor ez zen gutaz arduratu».

Umiliazioak eta tratu txarra

«Nire delitua izan zen umezurtz izatea». Fatima Diezek (Bilbo, 1962) ongi gogoratzen ditu erreformatorioan emaniko urteak. «Nire harrerako gurasoak Primo de Riveraren jarraitzaile sutsuak ziren: Gallartako [Abanto, Bizkaia] Falangeren emakume atalera bidali ninduten bi urtez, eta handik, Adoratzaileen erreformatoriora». Ordena erlijioso horren bost barnetegitan izan zen: «Batetik ihes egin eta beste batera bidaltzen ninduten, horrela ibili nintzen 13 urte bete arte».

Denetan, tratua «umiliagarria» izan zela gogoratu du Diezek: «Irainak, zigorrak, kolpeak... Sadiko hutsak ziren. Edozer egin zezaketen gurekin, are gehiago gurasorik ez genuenokin». Horregatik, mojek jartzen zizkieten zigorren beldur bizi ziren haurrak: «Bakartze ziegak zituzten, baina beste izen bat zuten: gogoeta eta katarsi gelak. Egunak eta gauak ematen genituen gelaxka haietan, jatekorik gabe».

Mojak gogor lan eginarazten zieten erreformatorioetan bizi ziren emakumeei.

Zigor fisikoez bereziki akordatzen da Mariaje Lopez (Getxo, Bizkaia, 1957). Bizkaian jaiota ere, Erredentzio Santuko Oblatuek Madrilgo Carabanchel auzoan zuten komentura bidali zuten, haren ama alarguna zelako eta ezin zuelako bere gain hartu bi seme-alabaren ardura. «Dickensen nobeletako umezurztegi bat zen hura», dio, Madrilgo zentroa gogoratzean. «Gutako norbaitek 'kaka zaharra!' esaten bazuen, adibidez, zorua mihiarekin garbiarazten ziguten. Nik neuk 50 gurutze marraztu behar izan nituen behin zoruan, mihiarekin. Hainbat egunez belztuta izan nuen mingaina». Komunzuloak esku hutsez libratzea edo hainbat orduz belauniko egonaraztea ziren mojek ezarritako beste zigor batzuk.

Haur lapurtuak

Horrez gain, egunean hainbat orduz lan eginarazten zieten. «Lan esklaboa zen», azaldu du Lopezek. «Denetarik egiten genuen: alfonbrak josi, futbolisten kromoak sobreetan sartu, Iberiaren hegazkin txartelak tolestu eta gomatxo batez lotu... Hori bukatzean, komentua goitik behera garbitu behar genuen, gainera». Antzeko oroitzapena du Diezek ere: «Adoratzaileek industria makinen enpresa bat zutenez, makina horietan ematen genuen ordu pila bat. Gurea eskola bat zela esaten zuten, baina ez zen egia: eguna ematen genuen lanean, errezotan eta garbitzen, eta hiru eskola ordu baino ez genituen. Hori ez da eskola bat».

Bertan bizi ziren adingabeei ematen zieten tratu txarraz harago, bestalde, patronatuak kudeatutako zentro batzuetan emakume ezkongabeen ume jaioberriak lapurtu zituztela salatu du Consuelo Garcia del Cidek: «Peñagrandeko egoitzan, esate baterako [Madril], ehunka haur lapurtu zituzten mojek; erditu ostean, jaioberria eraman egiten zuten garbitzeko aitzakiarekin, eta handik ordu batzuetara amari esaten zioten umea hilik jaio zela». Beste batzuetan, berriz, ez zuten disimulatzeko beharrik ere: «Haurdun ziren neskak irainka tratatzen zituzten; esaten zieten puta zikinak zirela, eta hobe zutela umea adopzioan eman, eurek inoiz emanen ez zioten bizimodu duin bat izan zezan».

Falangearen emakume atalaren barnetegia, Gallartan (Bizkaia).BERRIA

Horren guztiaren ondorioz, ordena erlijiosoen menpeko erreformatorioetan ohikoak ziren ihes egiteko ahaleginak. «Saiatzen ginen ihes egiten, baina gero... zer?», gogoratu du Fatima Diezek: «Ihesaldia prestatzen duzu, kontu handiz mugitzen zara, eta behin kanpoan zaudela, izugarri pozten zara mojak engainatzea lortu duzulako, baina ezin duzu ezer egin. Bakarrik zaude».

Etsipen horrek zenbait emakume «autolesioetara edo suizidiora» bultzatu zituela gaineratu dute hirurek. «Burua paretaren kontra jotzen genuen, beste batzuek zainak irekitzen zituzten, eta asko ziren bere burua seigarren solairutik behera botatzen zutenak ere», esan du Diazek. Halakoak, baina, ez ziren inongo erregistrotan azaltzen: «Mojek ez ikusi egiten zuten. Baten batek zainak mozten zituenean, zauriak josi, uniformearen mahukak jaitsi, eta esaten zioten isilik egoteko eta tontakeriak egiteari uzteko».

Mariaje Lopezen irudiko, tratu txar haiek guztiek helburu bakarra zuten: neska otzanak heztea, sistemaren neurrira. «Erregimenaren gustuko emakumeak nahi zituzten: otzanak, santujaleak eta senarraren, aitaren edo gizartearen menpe». Prozesu horretan, gazteei «identitatea» erauzten zietela gaineratu du: «Nik izena ere galdu nuen erreformatoriora iritsita: jada ez nintzen Maria Jesus edo Ketxu. Ni nintzen 125. Gizatasuna kentzen dizu horrek».

Aitortzarik ez

1985ean desegin zen patronatua ofizialki, inork ezer aitortu gabe. Are: zentroak kudeatzen zituzten ordena erlijiosoak, urteekin, «gobernuz kanpoko erakunde» bihurtu direla gaineratu du Garcia del Cidek: «Diru publiko ugari jasotzen dute, eta sariak ere eman dizkiete». Zehazki, Adoratzaileen ordenak Espainiako Erregea saria jaso zuen 2014an, «giza eskubideen alde eginiko lanagatik»; eta Bizkaiko diputazioak Zirgari berdintasun saria eman zien Oblatuei.

Egia eta aitortza eskatzen dute patronatuko erreformatorioetan izandako emakumeek. «Ez dut kartzela zigorrik eskatuko, baina behintzat barkamena eska diezadatela», esan du Garcia del Cidek: «Erreformatoriotik aterata, zin egin nuen hau guztia kontatuko nuela; 39 urte behar izan nituen nire hitza betetzen hasteko, eta ez dut orain isiltzeko asmorik».

Emakumaren Babeserako Patronatuko agiriak: egunkariko albisteak, iragarkiak eta adingabeei azterketa psikiatrikoa egin osteko mediku txostenak.Consuelo Garcia del Ciden artxibategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.