Juan Mari Olano. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledun ohia eta preso ohia

«Ziegakoa da estatuari geratzen zaion giltza bakarra»

Presoen arloa pil-pilean da euskal politikagintzan, eta alor hori ondo ezagutzen du Olanok, preso ohia eta AAMko eledun izana baita. Ongi deritzo ezker abertzalearen apustu globalari.

GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Andoain
2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Maiatzaren 2an atera zen kartzelatik Juan Mari Olano (Zaldibia, Gipuzkoa, 59 urte), AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiko hamar urteko zigorra beteta —2001-2005 eta 2008-2014 artean eduki dute preso—. Errealitate berrira egokitu eta jende batekin hitz egin ondoren eman du lehen elkarrizketa.

Bi hilabete eta erdi dira kartzelatik atera zinela. Zer aldaketa sumatu duzu euskal gizartean?

Urte asko daramatzat politikan, eta azkeneko urteetan, behintzat, terminologian eta tonuan zinismoak habia egin duela nabaritu dut. Lehen garbiago ziren gauzak: zu hor eta ni hemen, eta talka politikoa. Gaur gezurraren erabilpena eta manipulazioa daude asko. Gauza baikorrak ere ikusi ditut.

Adibidez?

Herrietan jendearekin egon naizenean, haien begiradan sumatu dut aldaketarik. Lehen, urrun ikusten zintuenak, gaur begietara begiratzen dizu. Normala ere bada, urteetan tentsio handia egon baita alde guztietan. Pertsona anonimoek aurrera egiteko borondatea daukatela uste dut.

Gizartea aktibatuta al dago?

Bai. Hor dago Gure Esku Dago, hor urtarrilean Bilbon eta urte osoan han eta hemen presoen eskubideen alde egiten diren mobilizazioak... Nahiz eta estatuak gizarte dinamikak ere kriminalizatzen dituen, jendeak aurkitzen ditu bideak aurrera egiteko. Gizartea aktibatua dago. Paralisia herritarrengan ez dut ikusten; oro har, egitura politiko, sindikal eta instituzionaletan baizik.

Azkeneko aldian, 2008ko irailetik egon zara preso. Barrutik nola kasu egin zenion ezker abertzaleko eztabaidari?

Presook ere hartu genuen parte eztabaidan, denok ere gidoi igualtsuarekin. Neuri, eztabaidako ideiak-eta ez zitzaizkidan berriak, lehendik zetozelako. Hau da, ezker abertzaleak apustu berri honi buruzko eztabaida ez zuen 2009an hasi; lehenago baziren kanpai hots horiek. Kartzelan, ilusio handiarekin bizi izan nuen eztabaida, orrialde historiko bat pasatzeko aukera genuelako. Bertigo pixka bat ere baneukan, ez delako batere erraza 50 urtean borroka egin duen sektore sozial batek aldebakartasunez horrelako aldaketa bat egitea, eta trukean ezer izan gabe. Baina, niretzat, helbururik garrantzitsuena zen zatiketa saihestea, urteotako balioak eta proiektua hankaz gora joan zitezkeelako zatiketarekin.

Hausturaren aukerarik egon al zen?

Tensioak eta gatazka dialektikoak egon ziren, baina logikoa zen. Gainera, estatuaren eta beste indar politiko batzuen aldetik oso apustu handiak egin izan dira zatiketa politikoa egon dadin; ezker abertzalea, egotekotan, domestikatua eta txikia nahi zuten. Guk, aldiz, kapital soziopolitiko hori dena biltzea nahi genuen, Euskal Herri berri baterako inbertitzeko.

Une batean ez al ziren ezker abertzalean elkarren oso kontrako bi ildo izan? Esate baterako, Bateragune auziko epaiketan hori islatu zuen Otegik.

Lehenengo, azpimarratu nahi dut orain Bateragune auzian zigortuta daudenek sinbolizatu zutela ezker abertzaleko eztabaida jendaurrean, barruan dinamizatu ere bai, baina ez da zuzena pentsatzea planteamendua talde harena zela eta gainerako guztiak konbentzitzen saiatu zirela. Behin hori esanda, ezker abertzale barruan, egitura guztietan, bi ildo zeuden; hau da, estrategia aldatzearen aldekoak eta kontrakoak zeuden, eta gehiengoz hartu ziren erabakiak.

Espainiako Estatuak zergatik egin zuen ETAren indarkeria amaitzearen aldekoen kontra?

Ez zitzaiolako interesatzen borroka armatuaren amaiera; ez zaio interesatzen gatazkaren konponbidea. Horretarako, gainera, ehunka gizon-emakume dauzka kartzelatan, eta gaur egun ziegakoa da geratzen zaion giltza bakarra, bestela ez baitago ulertzerik urte hauetako espetxe politika eta auzitegien jokabidea.

Ezker abertzaleak lehenago har al zezakeen erabakia, Lizarra-Garazi garaian edo?

ETAk esana du euskal gizarteak baduela nahiko heldutasun eta prestasun burujabetzarenbideari heltzeko eta iritsi zelagaraia herritarrei uzteko protagonismo osoa. Ni ados nago esaldi horrekin.

Asmatu al du ezker abertzaleak apustuarekin?

Bai, ez dago zalantzarik. Nik ez dut ahotsik entzun apustua ezbaian jartzen. Beste kontu bat da emaitzena. Izan ere, hemen gertatzen da batzuek emaitzak segituan espero izaten dituztela, baina fruituak epe ertainera etortzen dira, nire ustez. Garrantzitsuena da jendearen mentalitatea aldatzea. Mende erdi bateko estrategia bat egon da, eta egun batetik bestera elkarlanean jartzea ez da erraza. Herri gisa denbora bat behar da konfiantza sortzeko. Horrez gain, gizarteak etengabe egon beharko du prozesuaren gainean; herri mugimenduaren papera oso garrantzitsua da.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen jarduera armatua bukatu zuela. EPPK-k bi urte pasara atera zuen bere eztabaidaren adierazpena; preso zinen orduan. Zer dela eta, bi urteko tartea?

Espetxe politika izugarria da, eta oso baldintza zailetan eztabaidatu genuen. Funtzionarioak eta guardia zibilak kartzelan paperen bila ibiltzen dira, suntsiketa masiboetarako armak balira bezala... Bestalde, EPPK-n oker bat balitz bezala ikusten zen berehalako eta ustezko premiei erantzuteagatik pausoak ematea. Beraz, beste patxada batekin heldu genion eztabaidari, eta gauzak txukun eta sakon hitz eginda eta kanpoko eragileekin ere kontrastatuta egin zituen kolektiboak.

Zein zen aldaketaren zergatia?

Kolektiboak duela gutxi arte izan duen espetxe ildoa 1980ko hamarkadan ezarri zuten, preso guztien eskubideak defenditzeko. Ez zen norbanako irteeren alde egin, zartagina estatuari ematea baitzen hori, diskriminaziorako. Espetxe politika hura presoen eta ezker abertzalearen aurkako arma bat zen, eta kolektiboak desaktibatu egin zuen. Zer aldatu da? Beste estrategia bat dago, baldintza soziopolitikoak aldatu egin dira, eta, gainera, kolektiboak hausnarketa bat egin du, estatuei aitzakiak kentzeko.

Orain, Presoen damua edota ETA desagertzeko eskatzen dute estatuek eta.

Presoek legediak eskatzen dituen urrats guztiak egin dituzte, eta legeak dioena betetzeko eskatu dute, hasieran eskaerak espetxe administrazioan aurkeztuta. Ezezkoak jaso direnez, orain Auzitegi Nazionalera joango dira eskaerak. Hori Erkorekak ere jakingo du; despistea izango zuen...

EAJk zergatik egotzi die presoei kartzelako egoerak hobera egin ez izana?

Erantzukizuna kolektiboaren eta ezker abertzalearen gain jartzeko asmoz. EAJ etengabeko hauteskunde eskizofrenia batean bizi da. Orain, berriro hauteskundeak ikusten ditu, hurrengo urtekoak. Nire ustez, EAJk pentsatzen du gatazkaren ondorioak gainditzen badira, politikoki etekina ez diola berak aterako. Azken adierazpenekin, presoek konpromisoak bete ez dituztela-eta esanez,Rajoyren gobernuari izugarrizko estaldura eman dio, ardura ezdagoen tokian jarrita.

Estatuaren jarrera itxia bada, zergatik egin ditu kolektiboak eskaerak?

Kolektiboak neurriak martxan jarri baditu, ez da Frantziako eta Espainiako gobernuak biguntzeko edo trukean zerbait emango dutela pentsatzen duelako. Zuzen-zuzenean euskal gizartera eta nazioartera begira egindako pausoak dira. Oraingoz, hiru helburu ditu kolektiboak: gaixotasunak larriak dituztenak kaleratzea, adin bat dutenak ere kaleratzea, eta presoak Euskal Herriratzea. Gero eta sektore zabalagoek babesten dituzte eskaera horiek.

Urkulluk ere bai, Jaurlaritzako lehendakari gisa?

Nabarmena da ez dituela euskal presoen giza eskubideak babesten. Ezta lehen Garaikoetxeak, Ardanzak eta Ibarrretxek ere.

Auzitegietan jarrera aldaketarik ba al da? Izan dira epaile batzuen adierazpenak norabide horretakoak.

Egia da epaileen artean gatazka bat dagoela legea interpretatzeari buruz, dela presoen arloan, dela epaiketa politikoetan. Jarrera aldaketa bat den? Ez. Adierazle batzuk dira, besterik gabe. Jarrera aldatzeko oraindik indarra egin behar dugu gizarte gisa, eta nazioartean ere bai. Herri gisa, eta presoen kolektiboa inor baino gehiago, propio egindako legedi bat pairatzen ari gara, eta hori indarrean dago oraindik.

Eman beharreko pauso guztiak emanda al ditu ezker abertzaleak?

Ezker abertzaleak iragarria du prest dagoela eman beharreko pauso guztiak emateko. Kontua da pausoek zerbaiterako balio behar dutela, eta ez norbaitek balizko orube etiko gisa planteatzen duelako. Urratsek gizartearen taupadekin batera joan behar dute. Ezker abertzaleak egin ditu urratsak, inork baino handiagoak, eta egingo ditu gerora ere.

Gatazkaren ondorioak gainditzea ezinbestekoa al da eduki politikoko gaiei eusteko?

Ondorio batzuk ezin dira konpondu, batzuek ez dute atzera bueltarik, zoritxarrez; eta alde guztietan daude ondorio horiek. Konpon daitezkeen ondorioei heldu egin behar zaie, baina ezinezkoa ikusten dut soilik atal hori konpondu ahal izatea. Ikuspegi integral bat behar da gatazkaren ondorioak gainditzeko. Hori erabat lotuta dago burujabetzaren prozesu politikoarekin, demokratizazioarekin. Euskal demokrazia eraikitzearen bataila politikoarekin lotuta dago gatazkaren ondorioak gainditzea. Elkarrekin eraman beharreko erreiak dira. Nire ustez, ezker abertzale osoak hala pentsatzen du.

Lanean segitzeko prest?

Preso izan dena gero ere militantea da, era batera edo bestera, indar handiarekin edo txikiarekin. Kartzelan dagoen kapital politikoa handia da, gaitasun politiko izugarrikoa da. Presoek asko eman diezaiokete herri honi etorkizun berri bat loratzeko. Horri uko egiteak ez du logika politikorik, nahiz eta askok ez pentsatu presoek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.