Ziburuko Kaskarotenea ikastolari isuna ez igotzea deliberatu zuen atzo Paueko epaitegiak. Marinela auzoko eraikinean egiten duten egun bakoitzeko zigorra 100 eurotik 400era handitzea galdegin zuen Guy Poulou auzapezak, baina eskaria baztertu du epaileak. Pozik agertu ziren atzo ikastolako kideak, nahiz eta ebazpena «garaipentzat» ez hartu. «Pozik gara, isuna ez baita pasatzen 100 eurotik 400era, baina, hala ere, 100 euro pagatzen segitzen dugu», adierazi zuen Laida Mugika Kaskaroteneko lehendakariak, berria jakin zuenean.
Etengabeak izan dira Ziburuko Herriko Etxearen eta Seaskaren arteko liskarrak hilabeteotan. Irailean ikasturtea hasi zenetik, asko izan dira Poulouk ikastolari jarritako oztopoak: isuna jartzeaz gain, argindarra kendu zion azaro hasieran.
Iragan ostiralean, hirugarren aldiz, epaitegian izan ziren herriko etxeko zein Seaskako ordezkariak. Atzo iragarri zuen epaileak auziaren deliberoa: «oraingoan» Seaskaren alde egin du, eta isuna ez handitzea erabaki du. Ebazpenean, kontuan hartu du «Seaskak aterabideak xekatu» egin dituela Marinelako gunetik irteteko, Mugikak azaldu duenez: «Azpimarratzekoa da hori».
Horrez gain, Ziburun «gehiengoan diren hautetsiek» nahi zuten Seaskak bere gain har ditzan uxerraren «gastuak eta kostuak», baita «100 euroko isunaz gain isunaren gaineko interesak ordaintzea» ere. Baldintza horiek ere ez ditu onartu epaileak.
«100 euroko isuna berretsi»
Seaskak nabarmendu du epaileak eguneko isuna ez igotzea deliberatu badu ere «100 eurokoa berretsi» duela, «ikastola lur publikoan baitago oraindik, auzapezaren baimenik gabe». Azaroaren 28an, isuna 7.900 eurokoa zen, «horiei urrian ordaindutako 4.370 euroak kenduak zaizkiolarik». Hori dela eta, irailaren 1eko egoera «berean» dira: «Ikastolak isuna ordaindu beharko du, baldintza duinetan egoteko beste lekurik atzematen ez duen bitartean».
Ziburuko ikastolari eguneko isuna ez igotzea deliberatu du epaileak
Kaskaroteneko ordezkariek Marinela auzotik joateko egindako «ahalak ikusirik» hartu du erabakia, eta Poulouren eskaria alboratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu