Guy Poulou Ziburuko auzapezari karrikan erantzun diote ikastolako gurasoek: Kaxkarotenia ikastolaren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo goizean. Paxkal Indo Seaskako presidenteak azaldu zuen ez mugitzeko hautua egin dutela; ikastolatik «kanporatu» nahi izanez gero ere bertan eutsiko diotela, nahiz eta Poulouk adierazi handik ateratzeko Polizia bidaliko dutela.
Kaxkarotenia ikastola orain bi urte sortu zuten, hiru haurrekin, Ziburuko Marinela auzoan, eskola publikoko eremuan, Laida Mugika Ziburuko ikastolako presidenteak azaldu duenez. Bi urterako hitzarmen bat sinatu zuten herriko etxearekin; Marinelako eskola publikoko eraikinak obretan dira, eta, bitarte horretan, prefabrikatu batzuetan ezarria dute ikastola. Gaur egun, baditu zortzi ikasle, eta heldu den sartzerako hamabi badira izena emanak. Uztailaren 5ean amaituko da hitzarmena, eta auzapezak erran die ez duela berrituko.
Poulouk erran die Piarres Larzabal kolegiora joateko. Gurasoak ez dira ados aterabide horrekin, ordea. Erraten dute pedagogikoki ez dela egokia haurrak eta nerabeak nahastea. Erantsi dute Piarres Larzabal kolegioan ez dela guztientzat lekurik eta ikastolak badituela proiektu propioak ere. Marinelako eskola publikoko lanak heldu den urtean bukatu, eta haurrak irailean itzuliko dira eskolara. Aisialdi zentroa hutsik utziko dutenez, hara mugitzeko eskatu du ikastolak. Aisialdi zentrorako «beste plan batzuk» dituela ihardetsi die auzapezak.
Duela bi aste hitzordua izan zuten Ziburuko Herriko Etxeak eta Seaskak. Irtenbiderik ez zela eta auzapezak jarrera aldatzen ez zuela sumaturik, elkarretaratze bat antolatu zuten gaurko. Ziburuko Postaren aitzinean elkartu ziren, atzo, Sylviane Alaux diputatuaren eta Ziburuko hautetsi abertzale eta sozialisten sostenguarekin, besteak beste. Ikastolaren aldeko oihuak eta kanporatzearen aurkakoak egin zituzten dozenaka gurasok. Auzapezak «borondate eskasa» duela ere salatu zuten.
Paxkal Indo Seaskako presidentea ere izan zen elkarretaratzean. Poulouri galdegin zion «gezurrak» alde batera utzi eta «zintzoki» jokatzea. Indok adierazi zuen Seaskak berak aitzinera eramanen duela ikastola sortzeko proiektua, Poulouk Ziburun ikastola bat jartzeko eraikinik ematen ez badu. Izan ere, 2012an, Poulouk erran zuen berak emanen zuela ikastola jartzeko eraikin bat. Indok erran zuen badutela hori frogatzen duen idatzi bat.
Ziburuko ikastola ixteko arriskuan dela salatu dute
Guy Poulou auzapezak ez dio hitzarmena berritu nahi ikastolari.Orain bi urte sortu zuten; irailean egoitzarik eta lurrik gabe gera liteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu