Ziburuko ikastola auzitara eraman du udalak, eta isuna handituko dio egunero

Abuztuaren 12an iraganen da epaiketa, Baionan.Eraikinean gelditzen diren egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko du ikastolak

Ziburuko auzapezaren borondate eskasa salatzeko elkarretaratzea egin zuten uztailaren 9an. SYLVAIN SENCRISTO.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Guy Poulu auzapezak auzitara jo du Ziburuko (Lapurdi) Kaxkarotenia ikastolaren aurka. Salaketa jasota, abuztuaren 12an joan beharko du ikastolak Baionako auzitegira. Bestalde, gaur egun ikastola dagoen eraikinean jarraitzen duten egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko dute.

Ikastolako eta Seaskako kideak «harrituta eta haserre» daude jasotako aginduarekin. Ostiralean bilduko dira abokatuarekin, juridikoki zein aukera dauzkaten aztertzeko, baina argi utzi dute heldu den ikasturtean Ziburun ikastola bat izanen dela. Ikasturte honetan zortzi ikasle jaso ditu Ziburuko ikastolak, eta heldu den ikasturterako hamabi haurrek eman dute izena.

Gatazka, hasieratik

Bi urte besterik ez du Ziburuko ikastolak, baina sortu zenetik izan ditu tirabirak herriko etxearekin. Marinela auzoko eskola publikoan lanak egin behar zituztela eta, Ziburuko auzapezak berak proposatu zion ikastolari eskolako eremuan zegoen eraikina erabiltzea; uztailaren 5ean bukatu zen bi urterako izenpetutako hitzarmena. Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak azaldu duenez, haur eskola bat sortuko zuela agindu zien Poulu alkateak, eta, besteak beste, ikastola bertan kokatzen ahalko zela. Alta, halakorik ez du egin oraindik, eta, eskola publikotik aterata, eraikinik gabe geldituko litzateke ikastola.

«Maiatzean, hitz egin genuenean, eskola publikoa etortzean gu bertatik joateko prest ginela adostu genuen, baina aterabide bat behar genuela», adierazi du Gorostiagak. Auzapezak, ordea, irtenbiderik eman ez, eta bide juridikora jo du. Eskola publikoak Marinelako lanak bukatu bitartean erabiltzen duen aisialdi zentroan kokatzea izan daiteke aukera bat. Bestela, gaur egun ikastola dagoen eraikina erabiltzen jarrai dezaketela erran du Gorostiagak: «Gu gauden lur mutur txiki horretan ez dago beste inolako proiekturik. Etorkizunean bai, baina oraingoz ez: hor ikastolak ez du trabatzen». Gainera, Omisaindura arte eskolako ikasleak bertara eramateko asmorik ez duela uste du ikastolak, oraindik lanak ez baitituzte bukatu.

Bitartekari bat ere aritu da herriko etxearen eta ikastolaren artean erdibideko konponbide baten bila, baina auzapezak ez du aukera bat bera ere ontzat eman.

Presaz hartutako erabakia

Gorostiagak adierazi duenez, «onartezina eta ulertezina» da erabaki hau, eta baita horren berri emateko aukeratutako momentua ere: «Uda erdian bidali digute; heldu den sartzerako, kanpoan utzi nahi gaituzte».

Dena den, Seaskak argi du irailean Ziburuk ikastola izanen duela. «Ezin dugu onartu gaur egun euskarak duen egoerarekin ikastola bat ixtea, batez ere, auzapez baten burugogorkeria, gezur eta bete gabeko hitzengatik». Hetsiko balute, ikastolarik gabeko Lapurdi kostaldeko herri bakarra litzateke Ziburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.