Zezenketarik ez egiteko mozioa atzera bota dute Donostian

EH Bildu eta Irabazik egin dute eskaera.EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.DAO plataformak protesta egin du udaletxean

DAOko kideak adi-adi egon ziren atzo udalbatzan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ilunbeko zezenketak aurrera atera ziren atzo, Donostiako udalbatzaren gehiengoak ezezkoa emanda EH Bilduk eta Irabazik aurkeztutako mozioari. EAJ, PSE-EE eta PPren ezezko botoak nagusituta, mozioa aurkeztu zuten alderdien babesa soilik jaso zuen bozketan. Donostiako udalbatza aretoa DAO Donostia Antitaurina Orain plataformako kidez beteta egon zen, denak kamiseta gorria jantzita, zezenketetako odolaren metafora gisa.

EH Bildu eta Irabazi Donostia udal taldeek aurkeztutako mozioak bost puntu ditu. Oro har, hiriko instalazio publikoetan animalien aurkako tratu txar edota sufrimendu fisiko zein psikikoak eragin ditzaketen ekitaldiak debekatzeko eskatzen du. Gainera, tauromakia Donostiako kultur balio moduan ez identifikatzea galdegiten du, eta animaliei tratu zuzen eta etikoa emateko kontzientziazio kanpaina sustatzeko hitza ematen du. Mozioan bertan aurkeztutako ideiez gain, Ilunbeko zezen plazan zezenketak egingo zirela jakin zenetik, 12.000 sinadura pasatxo aurkeztu dizkiote Eneko Goia alkateari, zezenketak debekatzeko eskatzeko.

13:45ean hasi ziren mozioa eztabaidatzen. DAO plataformako kideek udaletxeko areto nagusia bete zuten, eta, bozgorailuetatik gai zerrendako azken puntuaren berri eman zutenean, denak zutik jarri ziren, beren presentzia nabariagoa egiteko. Mozioaren inguruan, soilik Irabazik eta EH Bilduk hitz egin zuten; gainerako alderdiek ez zuten beren ikuspunturik azaldu botoa eman aurretik.

Behin bozketa eginda, alderdi guztiek beren botoaren arrazoiak eman zituzten. Lehena PP izan zen: «Jendearen iritzia errespetatu behar da». PSE-EEk bi arrazoi eman zituen ezezkoa justifikatzeko: lehena, ez dutela «debekuetan sinesten», eta bigarrena, «udal talde batzuetan inkoherentzia» ikusten dutela, Donostian zezenketen aurka dauden arren Iruñean alde baitaude. EAJren arrazoi nagusia «mozioko lehen puntua oso orokorra» dela izan zen. Gaineratu zuten udal batek ez duela eskumenik legez baimendutako ekintza bat legezkoa ala legez kanpokoa den arautzeko. Mozioa aurkeztu dutenei «sinesgarritasun falta» egotzi zieten.

«Bagenekien zer gertatuko zen», esan zuen Nora Barragues DAOko kideak, udalbatzaren ostean. Lorena Goionagak gaineratu zuen oso positiboa izan zela protesta: «Gure presentzia handituz doa, eta aretoa kamiseta gorriz beteta ikusteak poza ematen du». Juan Carlos Borboikoak iragarri du zezenketa batera agertuko dela, eta segurtasun neurri handiak egongo dira. «Zezenketak egiten direnean, ezinezkoa izango da Ilunbera gerturatzea, mozal legea dela-eta», deitoratu du Goionagak. Horregatik, abuztuaren 9an manifestaziora deitu dute zezenketak salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.