Zezenketak kentzea erabaki dute Karrantzako herritarrek

Herri kontsulta egin dute, eta 343 lagunek jaietan zezenketa gehiago ez egitea bozkatu dute. 252 izan dira zezenketak mantentzearen aldeko botoak.

Zezenketa bat Karrantzako zezen plazan, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU
Zezenketa bat Karrantzako zezen plazan, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko abenduaren 9a
08:55
Entzun

Aurrerantzean ez da zezenketarik izango Karrantzako El Suceso zezen plazan (Bizkaia). Atzo herri galdeketa egin zuten, eta hala erabaki dute herritarrek. Zezenketak mantentzeko proposamenak aurkako 343 boto izan zituen, eta aldeko 252. Karrantzan 2.700 lagun pasatxo bizi dira, 16 urtetik gorako herritarrek zuten bozkatzeko eskubidea, eta, beraz, hautesleen %25 inguruk eman zuen botoa.

Raul Palacio Portillo alkateak EITB-ri adierazi dionez, «herritarrek emandako iritzia errespetatzea eta festak beste modu batera antolatzea» dagokie orain.

Ez da Karrantzan gai horren inguruan galdetu duten lehen aldia. 2013an ere egin zuten galdeketa, baina emaitza ezberdina izan zen: zezenketak mantentzea erabaki zuten. Orduko galdeketan, ekitaldi horren aldeko 409 boto jaso ziren, aurkako 334 eta hamazazpi abstentzio.

Ia hamabi urte igaro dira, eta kontsulta berriro egitea erabaki dute. «20 urte inguruko gazte pila bat dago, gure herrian horrelako gauzak erabakitzen parte hartu nahi dute, eta askotan galdetu digute ea noiz egingo dugun beste kontsulta bat eurek ere iritzia emateko», azaldu zion Palaciok Bizkaiko Hitza-ri. Karrantzako Jai Batzordeak ere eskatu zuen galdeketa egiteko.

Galdeketak, dena den, ez dio Karrantzako tauromakia tradizio osoari eragingo, zezenketen inguruan baino ez dutelako galdetu. Jaietan, urtero, izkingile saioak eta bigantxekin kuadrilla arteko jolasak izaten dira, tartekatuta: urte batean izkingileak eta hurrengoan kuadrilla jolasak bigantxekin.

Zezenketa irailaren 18an izaten zen, herriko jaietako egun handian. Sei zezen toreatu eta hiltzen dituzte zezen plazan, baina azken urteetan ehun lagun inguru soilik joaten ziren ikustera. Orain, festetan zezen plaza erabiltzen jarraitzeko asmoa dute, baina beste modu batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.