Zestoako Gazte Asanbladak jakinarazi du beste leku bat lortu dutela gaztetxea jartzeko, «herriko gazteen antolakuntzarako espazioa izango den gaztetxe berria». Azaldu dute Zestoako Udalak (Gipuzkoa) duela aste batzuk eskaini ziela gune hori, gaztetxe zaharrak asetzen ez dituen behar batzuei erantzuten diela eta alternatiba onartu dutela.
Orain arteko gaztetxearekin zailtasunak zituzten, gazteek okupatuta zeukaten eraikin hori Elizarena zelako, eta eraikinaren jabeak salaketa jarri ondoren gaztetxea husteko beste agindu bat jaso zutelako irailaren 11n —urtarrilean ere jaso zuten bat—. Dena dela, agindua bertan behera uztea lortu zuten uztailaren 19an. Gazteek Elizari egotzi diote «negoziatzeko borondaterik» ez izatea. Asanbladako kideen arabera, eraikina husteak «Euskal Herrian izandako oihartzunaren eta babesaren ondorioz», Poliziak eta Elizak agindua atzera botatzeko eskatu zuten.
Ikusi gehiago
X sare sozialean zabaldu duten bideo batean, aldarrikatu dute merezi izan duela borroka egitea, eta gaztetxean nolabait parte hartu duten guztiak eskertu dituzte, baita Euskal Herriko gaztetxeen, gazte asanbladen eta Defentsa Komunitatearen elkartasuna ere.
6.500 euro
Orain arte gaztetxea izan den eraikina okupatzeagatik prozesu judizial bat izan zuten Zestoako Gazte Asanbladako bi kidek urtarrilaren 24an. Bi egunen buruan, urtarrilaren 26an, Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak gaztetxea husteko agindua eman zuen. Donostiako Elizbarrutiak jarritako salaketari men egin zion epaileak, eta Elizarena den eraikin horretatik ateratzera behartu zituzten gazte asanbladako kideak. Epaileak prozesuaren gastuak ordaintzeko agindu zien, eta 6.500 euroko kalte ordaina ezarri. Hain zuzen, hori ordaintzeko, gazte taldeak antolatuko dituen ekintzetan parte hartzera deitu dute.
Ikusi gehiago