Behin erreskatea bukatuta? Lasaitua hartzen duzu, argi dago hori. Baina lotsa sentitzen duzu orduan: lotsa. Ez dago eskubiderik gertatzen ari dena gertatzeko: ez dauka inolako zuribiderik». Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko presidenteorde Iñigo Gutierrezek ezin ditu sentimendu mingotsak alboratu iragan azaroaren 21ean Aita Mari itsasontziarekin Mediterraneoko uretan egin zuten erreskatea oroitzean. Haren bidez lortu zuten arriskuan zeuden 79 migratzaile onik lehorreratzea: Pozzalloko portura eraman zituzten, Italiara. Beste askori lagundu ezinaren sentipen etsiarekin amaitu zuten, ordea, misioa: «Ehunka mila milia koadro arakatu behar dira migratzaileen bila: itsaso zabalean. Oso zaila da deus ikustea». Baina prest dira berriro itsasoratzeko; egunik ez dute jarria oraino, baina heldu den aste honetan berriz martxan egotea espero dute. Berandu baino lehen: «Badakigu azkenaldian Libiatik txalupa asko irteten ari direla».
Atenasen daukate ontzia egun; izan ere, azaroko misioaren ostean propio erabaki zuten Espainiaren administrazioaren peko portu batera ez bueltatzea. Espainiako Gobernuak orain arte modu zekenean jokatu duela sentitzen dute: hain justu ere, itsasoratzeko eta erreskateak egiteko baimena emateko orduan eragozpenak eta trabak besterik ez dizkie jarri. Horren ondorioz, igaro udan, ontzia konpontzeko Pasaiako portuan (Gipuzkoa) bolada bat egin eta gero, hainbat alditan atzeratu behar izan zuten itsasora irteteko eguna: baimen osoa falta zuten. Eta ez zuten lortu. «Hain justu, eman ziguten azken baimenean, ohartarazpena hortxe dago: 'Ezin du era alderraian nabigatu horren bidez erreskateak egiteko'. Oraindik ere baimen horrekin gaude», onartu du Gutierrezek.Espainiako gobernu berriak aldarrikatu dituen «progresismo mezuen» harira, espero dute ontziaren jardunaren aldeko jarrera argiagoa, baina ontzia ez da bueltatuko oraino. «Espainiako agintariek inolako eragozpenik jarriko ez dutela bermatzen ez duten bitartean, ez gara itzuliko. Ez dugu nahi traba gehiagorik».
Orain abiatuko duten misioa, «alde administratibotik» behintzat, aurrekoa baino lasaiagoa espero dute Itsas Salbamendu Humanitarioko arduradunek. Izan ere, azaroko operazioaren ondoren, txalorik ez zuten jaso Espainiako agintarien partetik, baina zigorrik ere ez da heldu. «Oraindik ontzia jendez lepo beteta genuela, dei bat jaso genuen: Itsasoko Zuzendaritza Nagusitik deitu zuten, eta errieta egin ziguten. Ez da ezer gehiago gertatu», azaldu du Gutierrezek. Uste dute Eusko Jaurlaritzaren babesa erabakigarria izan zela bide horretan; erreskatearen berria zabaldu eta segituan txalotu zuen operazioa Iñigo Urkullu lehendakariak.
Ontzian migratzaileak hartu eta gero, portu seguru batean sartzeko baimena lortzea izan zen berehalako xedea, eta kezkarako motiboa. Antzeko misioetan diharduten ontziei behin baino gehiagotan jarri dizkiete trabak lehorreratzeko orduan, eta egoera aski zailetan egon dira: nora jo ezinik. Azaroko erreskatean ere, ontzia jendez beteta ikusita, kezka uneak izan zituztela oroitu du Itsas Giza Salbamenduko kideIzaskun Arriaranek; erizaina da, eta eskifaian zihoan. Espainiako agintarien aldeko urratsei so egon zirela gogoratu du, egoera bideratzeko ezinbestekoak zirela iritzita: «Orduan egin zituzten; orain ikusi egin beharko da».
Hegazkinak eta droneak
Helburua itsaso zabal-zabalean intxaur oskolak aurkitzea denean, artegagarria ere bada galdera: «Non jarriko gara?». Mediterraneoan antzeko jardueretan ari diren gainerako erreskate ontziak non dauden kontuan hartu, eta ahalik eta tokirik egokiena hautatzen saiatzen direla azaldu du Gutierrezek; zerumugara begira beti, olatu eta apar artean txalupa bat noiz agertuko. Adierazi du laguntza bakarra antzeko beste boluntario sareen bidez lortzen dutela. Gainerakoak mutu dira. «Lehen, agintariek abisuak ematen zituzten txalupen inguruan; egun, ez. Dena dakite; ingurua dronez josia dago, eta hegazkinez. Itsasoan geundela, gure gainean droneak sarri askotan ikusi genituen, hegazkinak ere bai. Beraz, dena dakite, baina ez dute deus esaten». Egoera etsiak sortzen ditu horrek: «Gu han geundenean, han inguruan zebiltzan hamabost ontziren berri izan genuen. Zer jazo zen horiekin? Han genbiltzan ontziok erreskatatu genituen lau. Beste bat, Maltako kostazainek; beste bat, Libiakoek. Gainerakoak? Arrastorik ez».
Iltzatuak ditu ontzian eraman zituzten migratzaileen lekukotasunak. Odiseak: «Bazen jendea bost urte zeramatzana bidean». Zauriak: «Libian pasatu behar izan dituzten guztiak? Danteren infernua da hori: Danteren infernua, Lurrean». Agurraren mingotsaz ari da Arriaran: «Badakizu porturatzen direla; baina oraindik ere bide luzea geratzen zaie. Kaira iritsi, eta atxikitze zentro batean sartu zituzten, kartzela antzeko batean. Pozgarria da 79 pertsona horiek portura eraman izana; baina ez dira haien zailtasunak bukatu. Izugarria da». Migratzaileak herrialdeka banatzeko antolatu den kuota sistemaren arabera banatuko dituzte. «Eta behin herrialde horietara helduta ere, zailtasun gehiago izango dituzte. Ez sinestekoa da».
Migratzaileak. Euskal Herriko eragileen elkartasuna
Zeruertzean txalupa bat noiz agertuko
Atenasen da 'Aita Mari' ontzia; plana da heldu den astean berriz erreskate lanetan hastea. Itsasontziaren ardura dutenek propio ebatzi dute hura Espainiako administrazioaren peko kai batera ez itzultzea, badaezpada ere: «Ez dugu nahi traba gehiagorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu