Iker Barbero. Zuzenbide irakaslea EHUn

«Zertan oinarritzen dira kanporaketa horiek? Zein da planteamendua?»

Estatuetako oinarrizko legeetan onesten diren eskubideak kolokan ikusten ditu Barberok mugetan egun hartzen diren zenbait erabakitan: gardentasun urrikoak dira, eta kezkagarriak dira horien ondorioak.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
EHUn Zuzenbide irakaslea da Iker Barbero (Bilbo, 1980). Propio aztertu izan du mugan egiten diren kanporaketen gaia, eta uste du kezkatzeko erako prozedurak erabiltzen direla; baita formalak eta ezagunak direnean ere.

Mugan bertan migratzaileak kanporatzea: sartzen ez uztea. Legez ba al dute inolako euskarri motarik halako jokabideek?

Legedi ezberdinak daude hor. Batetik, Frantziako legedia dago. Frantziako legedian aurreikusten dira aukera batzuk egoera irregularrean dauden pertsonak kanporatzeko. Hor bereizi behar dira prozedura formal baten bidez kanporatzen direnak eta era informalean egiten direnak. Azken era horretan ezin da jakin zer legetan oinarrituta ari diren.

Eta prozedura formal bat abiatzen den aldiro, haien eskubideak errespetatu behar dira, ezta? Esaterako, asiloa eskatzeko era ahalbidetu behar zaie...

Bai, pertsonak jakin behar du atxilotuta dagoela, eta jakin behar du zergatik dagoen atxilotuta, eta zeintzuk diren bere eskubideak. Besteak beste, asiloa eskatu nahi badu, aukera izan beharko luke.

Sarri Malagako Akordioa erabili izan da hainbat kanporaketa egiteko, Espainiaren eta Frantziaren arteko akordio bat. Prozedura egokiak egiten al dira hitzarmen horretan oinarrituta?

Akordio horren bidez, Frantziako Poliziak burokrazia txiki bat egin, eta Espainiako Poliziari bueltatu diezaioke mugan aurkitu duen pertsona bat; hau, esaterako, Biriatun asko egiten zen. Frantziako Poliziak entregatu, eta gero Espainiako Poliziari dagokio erabakitzea zer egin pertsona horrekin. Kontua da pertsonak de facto kanporatzen ari direla; zenbaitetan furgoneta batean, edo zuzenean pertsona horiek trenean atzeman, eta esaten diete: «Etorri zaren tokitik itzuli».

Iturri hainbatek eztabaidagarritzat jo izan duzue Malagako Akordioa, baina itun horrek zehazten dituen gutxienekoak ere ez dira betetzen, beraz, egun mugako kanporaketetan...

Hain justu, azken urteotan, behera doaz Malagako Akordioaren araberako kanporaketak. Hala ere, zenbait poliziak adierazi izan dute kanporaketa asko egiten direla oraindik ere mugan: zenbait poliziak halaxe adierazi izan dute, esate baterako, hedabideetan. Baina bai, Jon Iñarritu senatariak Espainiako Senatuan eskatu zituen datuen arabera, jada kopuruak oso baxuak dira. Jaisten joan dira; hori da datuak ikusita egiten den irakurketa. Baina poliziek diote egiten direla; are gehiago, areagotu ere egin direla. Beraz, galdera da: Malagako Akordioa aplikatzen ez bada? Zertan oinarritzen dira kanporaketa horiek? Zein da planteamendua? Akordioa bazen, nire ustez eztabaidagarria, zenbait puntutan bi estatuetako oinarrizko eskubideen interpretazio konstituzionalaren aurkakoa ere badela esango nuke. Baina bide hori ez bada erabiltzen, zer erabiltzen da?

Kanporaketetan gardentasuna falta da hori jakiteko...

Ona litzateke Frantziako Poliziak edo prefeturak argitzea zer arautan edo zer protokolotan oinarrituta egiten dituen kanporaketak.

Oro har, bidea formala denean ere, zailtasunak dituzte migratzaileek prozedura horietan zer gertatzen den jakiteko. Prozedurarik ere ez dagoela jakiteak asko zailtzen du dena, ezta?

Bai, azkenean, defentsa on baterako abokatuek jakin behar dute zein izan den auzitarako araua, eta hori jakiteko pertsonek jakin behar dute zertan oinarritu den kanporaketa hori. Aldiz, ez badago ezer, bada, alde batetik, ezingo dira kasuak zenbatu. Bestetik, legeak esaten du ebazpenek oinarrituak izan behar dutela: bada horretarako jakin beharko da kasu bakoitzaren motibazioa zein artikulutan oinarritzen den.

Malagako Akordioa ere ez dela erabiltzen diozu, kezkaz. Esan duzu moduan, ordea, auzitan jartzeko erakoa da itun hori ere. Badira araudi gehiago migrazio arloan. Gailen daiteke hitzarmen hori indarrean diren gainerako legedien gainetik?

Zuzenbidean horri esaten zaio iturrien sistema; zein lege dago gainerakoen gainetik? Argi eta garbi, guztien gainetik kokatuko nituzke bi: alde batetik, estatuen konstituzioak; kasu honetan Espainiako eta Frantziako konstituzioak. Batez ere, horietan jasotzen direlako oinarrizko eskubideak; baita atzerritarrenak ere, eta baita egoera irregularrean daudenen pertsonenak ere. Bertan jasotzen bada pertsona horiek zenbait eskubide dituztela, besteak beste, prozedura duin bat izatekoa, edo abokatu bat izatekoa, bada hori bermatu egin behar da. Maila berean kokatuko nuke Europako Batasuneko araubidea; izan ere, hortik ere zenbait eskubide ondorioztatzen dira. Orduan, Malagakoaren moduko akordio batek esaten duenean, adibidez, itzulketak gauzatuko direla formalitaterik bete gabe, hori ezin da interpretatu pertsonaren eskubideak bermatu gabe. Nire ustez, Malagako Akordioa aldatu egin beharko litzateke, edo zentzu garantista batean interpretatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.