EH Bilduren III. Kongresuan onartutako hiru proposamenen artean, honek eragin du eztabaidarik handiena: «Euskal Herriaren gehiengoa ordezkatzeko zerrenda bateratua» egitearen aldeko hautuak. Izan ere, Arnaldo Otegi idazkari nagusiak Espainiako Gorteetarako eta Europako Parlamentuetarako bozetara «nazio gisa» aurkezteko proposamena berretsi duen arren, EAJk, Sumarrek eta Ahal Dugu-k ez dute proposamena ontzat jo. Arlo soziekonomikoari erreparatu diete denek. EAJk ez du posible ikusten ezker konfederalera batzea, eta beste biek ez dute pentsatu ere egin nahi «euskal eskuinaren» zerrenda berean egotea.
Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak eman zuen koalizioaren proposamenaren berri larunbatean, eta hura xehatu du gaur Otegik Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Haren eraginkortasuna defendatzeko, bi hauteskunde mota bereizi ditu. Batetik, udal, foru eta erkidego mailakoak daude, eta horiek jo ditu «termino sozial eta ekonomikoetan» lehiatzeko hauteskunde esparrutzat.
Bestetik, Espainiako Gorteetarako eta Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezteko, berriz, nazio auziari erreparatu beharra lehenetsi du, eta bi aukera daudela zehaztu. Aukeretako bat egungoa da: alderdi gisa aurkeztea, alegia. Haren esanetan, EH Bilduk ez du arazorik egungo ereduari eusteko, eta azken bozetako emaitza onei erreparatu die hori baieztatzeko; egun, sei diputatu, lau senatari eta europarlamentari bat ditu. Halere, uste du hobe litzatekeela lehiak baztertu eta «herri bezala» aurkeztea: «Herri ahotsa eramango duen hautagaitza herritar bat osatuz, alderdi ezberdinen artean, eta minimoen programa batekin».
Gutxieneko programa horren zutabeak nazio auziari lotutakoak lirateke, azaldu duenez. Hala nola nazio aitortza, estatus politiko berri baten beharra eta erabakitzeko eskubidearen defentsa. «Termino sozial eta politikoetan, arazo gehiago egongo lirateke, baina adostu daiteke gutxieneko programa bat».
«Propaganda operazioa»
Horiek hala, Otegik EAJri eta Geroa Bairi luzatu die eskua, baina baita ezker konfederalari ere. Edo era orokorragoan, «Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela dioen edonori». Oraingoz, baina, erantzunak ezezkoak dira. Hala azaldu diote EAJren EBBko eta EAEko Ahal Dugu-ren eta Sumar Mugimenduaren zuzendaritzako iturriek Europa Press berri agentziari.
Jeltzaleek uste dute proposamena ez dela serioa, ezta koherentea ere. Hala, «propaganda operaziotzat» jo dute. Izan ere, EBBko iturrien arabera, EH Bilduk euren «etsairik txarrena» izango balitz bezala tratatzen du EAJ euskal erakundeetan, bi ereduen arteko «antagonismo bateraezin» bat azalarazteko asmoz. Horren adibidetzat jarri dituzte EAJ «eskuineko alderdi» gisa kalifikatzea eta haren politika ekonomikoa «neoliberaltzat» jotzea.
Era berean, iturri jeltzaleen iritziz, «akordio hipotetiko ororen» oinarria unean uneko koiuntura politiko batek izan behar du, eta gehitu dute egungoa ez dela halako koalizio baten aldekoa. Izan ere, norabide horretan urratsak egin ahal izateko, jeltzaleek uste dute EH Bilduk diskurtso hutsa alde batera utzi eta ekintzak egiten hasi beharko lukeela, eta benetan akordioak erdiesteko nahia erakutsi. «Nola aurkeztuko zara Madrilgo hauteskundeetara etxean etsaitzat jo duzunarekin batera, akordio garrantzitsu orori —fiskalitatea, hezkuntza, Osakidetza, Ertzaintza— ihes eginda?», horixe leporatu diote iturri horiek koalizio subiranistari.
Horri segida emanez, arlo soziekonomikoari heldu diote, eta argudiatu Madrilen ere erabaki garrantzitsuak hartzen direla arlo horretan. Hala, EAJkoek ez dute posible ikusten Ahal Dugu-rekin eta Sumarrekin akordiorik egitea. Azaldu dutenez, alderdi horien eta EH Bilduren posizio ideologikoek bat egiten dute EAJren kontra: «Ezker federal deitzen dioten blokean txertatuko da EAJ? Ez».
Hain zuzen, kontrako noranzkoan interpretatu dute auzia Sumarrek eta Ahal Dugu-k. Sumar Mugimendukoek defendatu dute «zerbitzu publikoen, lan eskubideen eta trantsizio ekologiko justu baten» aldeko alderdia dela eurena, eta ondorioz ez duela bat egingo «euskal eskuinarekin» batera aurkezteko asmoarekin: «Nahigabetu egiten gaitu EH Bilduk EAJren besoetara jauzi egiteak, nazionala sozialaren gainetik jartzen duen aliantza baten bila».
Alderdi moreak, berriz, Otegiri erantzun dio ez duela berak ezarriko alderdiaren bide orria, are gutxiago «zentro eskuinera» bira egiteko. Izan ere, Ahal Dugu-ren arabera, EH Bilduk proposatutako koalizioak arlo nazionala du oinarri, eta ez soziala: «Ez dugu ulertzen bere burua ezkerrekotzat duen alderdi batek hauteskundeetara eskuinarekin batera joan nahi izatea, haren lehentasuna ez bada, behintzat, betiko bera: subiranismoa lehenik».