Zerrenda bakarraren alde agertu dira Batzarreko militanteen %56

Ezkerraren barruan desadostasunak egonez gero, boto askatasuna eskatu du diputatuentzat

Erredakzioa
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Azken unean, Nafarroako Parlamentuak zerrenda bakarraren aurkako legea eztabaidatu baino bost egun lehenago, balantza alde batera edo bestera mugiaraz dezakeen erabaki bat hartu du Batzarrek: bere militanteei auziari buruz galdetu die, eta gehienak zerrenda bakarraren alde agertu dira. Irakasle izateko azterketak espezialitatearen arabera egiteko eskatu dute, eta ez hizkuntzaren arabera; euskara jakitea meritu izatea, alegia, eta irakasle euskaldunei bi hizkuntzen artean aukeratzeko obligaziorik ez ezartzea.

Batzarren afiliatutakoen %62k hartu dute parte, eta %56k bozkatu dute aukera horren alde. Zuzendaritzak jada jakinarazi dio erabakia bere koaliziokide Ezker Batuari, eta gogorarazi dio, bien arteko akordioaren arabera, desadostasunik egongo balitz boto askatasuna eduki behar luketela euren bi ordezkari parlamentarioek.

Kontsentsu eske

Batzarrek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, «barne-eztabaida prozesu» baten emaitza da aste honetako erabakia: «Prozesu hau Ezkerra koalizioaren barruko normaltasun demokratikoaren eta aniztasunaren barruan ulertzen dugu». Borondatea agertu du Nafarroan aurrerantzean ere «ezkerreko aldaketa plurala bermatzeko gako» izateko.

Nafarroako Gobernuak bi zerrenden sistema kenduko zuela iragarri zuenetik, kritika publikoen jomugan egon da Ezkerra: hizkuntza bidezko bereizketa defendatu du, eta datorren osteguneko eztabaida parlamentarioan PSN, PP eta UPNrekin bozkatuko duela ere iragarri izan du. Ikusteko dago Batzarreren erabakiak aski pisu izango ote duen datorren asteko bozketaren emaitza baldintzatzeko. Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan dauzkan bi ordezkariak —Jose Miguel Nuin eta Marisa de Simon— Ezker Batukoak dira berez; baina, Batzarrek berak nabarmendu duenez, koalizioaren barruko desadostasunek boto askatasuna bermatu behar liekete bi parlamentariei.

Lauko gobernuari eusteko konpromisoa agertu arren, Hezkuntza Departamentuari «txeke zuririk ez» diola emango argitu du Batzarrek: «[Maria Solana, Hezkuntza] Kontseilariari eskatzen diogu mahai gainean jar dezala zerrenda bakarrerako daukan proposamen zehatza, haren ondorio guztiak baloratu ahal izateko». Zerrenda bakarra Akordio Programatikoan sartuta ez dagoenez, gobernuari eusten dioten lau indarren artean «kontsentsuz» onartu behar litzatekeela uste du alderdiak.

Bestalde, gaitzetsi egin du Kontseiluak atzo Iruñean antolatutako manifestazioa, «modu nabarmenean Ezkerraren aurka» zihoala ulertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.