Zerrenda abertzale eta ezkertiarren alde egin dute

Bil Gaiten taldean biltzen diren hautetsi abertzaleek ahots batez aritu nahi dute 2014ko herriko bozetan

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Azken urteotan mugimendu abertzaleak izandako zatiketak gainditu eta ezkertiar eta abertzaleen boza bateratzeko deia egin du Bil Gaiten taldeak Baionan. Hautetsi abertzaleek egindako urratsa bermatu dute AB, Batasuna eta EAk. 2014an egingo diren herritar bozetan irizpideak bateratu eta ezkertiar eta abertzaleen programa lehen itzuliko zerrendetan islatzea nahi du Bil Gaiten-ek. Hautetsi abertzaleak eta, oro har, militante abertzale guztiak ekinbide horretan parte hartzera deitu dituzte.

Dagoeneko hainbat erabaki hartu dituzte, hala nola ezkerreko abertzaleak oro batera aurkeztea, indarrak biltzea eta eskuinarengandik bereiztea herriko etxeetatik hasita. Ahalik eta herri gehienetan abertzale zerrendak osatzea da xedea, eta, horretarako, denboraz hartu nahi izan dute prestaketa. Lehenik eta behin, xedea adosteko prozedura ezarri dute abian. «Eredu parte hartzailea izanen da, eta tokiko beharrei ihardetsiko diena», erran du Maite Etxeberri Batasuneko ordezkariak.

Ekin diote tokiko bilkuren prestaketari, eta urtarrilean, herri bakoitzeko diagnosia egiteari ekinen diote, eta ondoren, programa ontzeari. Izan ere, hautetsi abertzaleek hobetsi behar duten programa edo irizpideak proposatuko ditu Bil Gaiten-ek, baina zerrenda osatzeko erabakia herritarren esku egonen da. Horrekin batera, hautagaiek hitzarmen bat izenpetu beharko dute, karguan egonen diren denboran bete beharko dutena. Arloz arlo eraiki nahi den programa horretan, militanteen eta adituen iritziak bilduko dira, eta jardunaldiak eginen dituzte apirilaren 6an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.