Zero Zabor xedeak Uribe Kostara jauzi

Hondakinak kudeatzeko egungo sistema eraldatzeko asmoz, Zero Zabor taldea sortu dute Uribe Kostako eskualdean. Inguruko udalekin harremanetan jarri dira, eta eredu berria hasi nahi dute Barrikan.

Naiara Elorriaga, Uribe Kosta Zero Zabor taldeko kidea, proiektua aurkezten. URIBE KOSTA ZERO ZABOR.
Sopela
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan hasitako eztabaida hedatzen ari den seinale, Zero Zabor mugimenduan oinarritutako aurreneko taldea sortu dute Bizkaian, Uribe Kosta eskualdean. Naiara Elorriaga da Uribe Kosta Zero Zaborreko partaideetako bat. Hark adierazi duenez, «gaur egun arazo larria daukagu zaborrarekin, eta, horregatik, alternatiba bat bilatu behar da». Zera bilatu behar da, Elorriagaren esanetan: ahalik eta modurik eraginkor eta egokienean kudeatzea herritarrek kontsumitzen dutena, kontsumitu eta gero berrerabil daitekeena eta, azken baten, berrerabili ezin dena.

Egunero erabiltzen diren materialak alferrik ez galtzea da Zero Zabor mugimenduaren helburua. Euskal Herrian aspaldi birziklatzen da, baina «zero zaborrera» ailegatzeko asko dago egiteko; izan ere, gaur egun hondakinen %25 baino ez dira birziklatzen. Gipuzkoako hainbat herritan alternatibak abiatu dituzte, atez ateko bilketa sistema, esate baterako. Hala ere, eredu horrekin birziklapen handiagoa lortu arren, Zero Zabor mugimenduko kideek ohartarazi dute ez dela nahikoa.

Elorriagak azaldu duenez, sistema lineal baten bitartez kudeatzen da zaborra: ustiatu-kontsumitu-bota. «Azken egunotan pil-pilean dagoen kontuak kate luze horren azken parteari erreparatzen dio, hau da, erraustegirik edo zabortegirik nahi den edo ez», esan du. Zero Zabor filosofia, berriz, sistema zirkularrean oinarritzen da: hondakinen sorrera murriztu, materialak berrerabili eta birziklatu. Era berean, birziklatze sistema horretan, garrantzitsuena elementu organikoak konpostatzea dela azaldu du Elorriagak, horrek eragiten baitu beste elementu guztiak banatzea.

Egun, Uribe Kostan %20 inguru baino ez da birziklatzen, bainahondakinen %80tik gora gaika biltzea eta birziklatzea posible dela diote mugimenduko kideek. Elorriagaren ustez, sistema hori edonon ezar daiteke: «Askok diote eskualde honetan biztanle asko dagoela, eta ezinezkoa dela hau bideratzea. Baina munduan adibide asko daude sistema hau erabiltzen dutenak: San Frantzisko eta Canberra, adibidez».

Eskualdean zaborrik ez sortzera heltzea du helburu Uribe Kostako taldeak. «Badakigu orain ezinezkoa dela, baina, gutxienez, herri batean bide horretan hastea bideragarria ikusten dugu», adierazi du Elorriagak. Badakite ez dela egun batetik besterako kontua, baina, hori lortzeko, pixkanaka-pixkanaka neurriak hartuz joango direla jakinarazi dute. «Sistemak bultzada bat eman behar du, guk, herritar moduan, ezin dugulako horren ardura osoa hartu, zaborraren eta hondakinen bilketa ezin dugulako guk egin». Hori udalen lana dela esan du, baina, kontsumitzerakoan banakoak zeresan handia baduela gaineratu du, «birziklatzeko elementuak gaika biltzeko orduan».

Pausoz pauso aurrera eginez

Arazoak arazo, eskualdeko hainbat udalekin harremanetan jarri,eta interesa sortu dute Uribe Kosta Zero Zaborrekoek. Talde guztiz apolitikoa direla adierazi du Elorriagak, baina hondakinen auzia guztiz politizatuta dagoenez, onartu du kostatu egin zaiela udaletara ailegatzea: «Egia da harrera ona izan dugula, baina nabaria izan da salto hori ematea kostatu egiten zaigula». Gauzak astiro doazela aitortu du taldeko kideak, baina uste du dinamika horretan apurka-apurka sartuko direla.

Udalekin eta talde politiko guztiekin bildu dira, baina herri batean zentratzea erabaki dute. «Proiektua Barrikan hastea erabaki dugu, herri txikia delako eta, agian, errazena, bideragarri egiteko», azaldu du Elorriagak. «Han funtzionatzen hasten bagara eta jendea eroso dagoela ikusten bada, proiektua inguruko herrietara hedatuko dela uste dugu», gaineratu du. Aurreneko urratsak egiten hasiko dira: auzokideei informazioa helaraziko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.