Zerk eta nola sortzen duen atxikimendua

Euskal Herriko bortz eskualderen eta sei eragileren barne kohesioa zerk pizten duen ikertu du Aztikerrek, Udalbiltzak hala eskatuta

EHKOlektiboak sustaturiko egitasmo bat. EHKOlektiboa da Aztikerrek ikerturiko eragileetako bat. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Zerk elkartzen ditu Goierriko herritarrak? Zerk Zuberoakoak? Eta nola sortzen dute taldetasuna herri bateko Bilgune Feministako kideek edo Euskal Herriko Laborantza Ganberakoek? Funtsean, zerk eragiten du norbaitek talde edo eskualde jakin batekin atxikimendua izatea? Udalbiltzaren Ikerbiltza ildoaren barnean, horri buruzko ikerketa egin du aurten Aztiker ikerguneak, eta atzeman duten erantzuna ez da izan galdera bezain erraza. Ondorioztatu dutenez, hain zuzen, elementu ugarik dute eragina eskualdeen eta eragileen barne kohesioan: hala ezaugarri materialek nola sinbolikoek. Eta askotarikoak dira, gainera; batzuetan, are, «oso ezberdinak».

Bizkaiko Arratia, Gipuzkoako Goierri, Nafarroako Erribera eta Sakana eta Zuberoa hartu dituzte eskualdeen adibidetzat; eragileen artean, berriz, Durangoko Bilgune Feminista, Gaurgeroa pentsiodunen taldea, Euskoa, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta EHKOlektiboa hautatu dituzte. Horietan guzietan talde eztabaidak egin dituzte, martxotik urrira bitarte, eta hortik ateratakoak dira ondorioak.

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak azaldu duenez, bi urteko prozesu baten bigarren zatia izan da ikerketa: lehendabizikoan, «Euskal Herri mailako ekinaldi kohesionatzaileak» bilatu zituzten, eta, bigarrenean, nahitara jo dute eskala txikiagora, «diskurtso kohesionatzaileen» bila. «Eragile eta eskualde askotan kideak horien parte sentitzen dira aktiboki, oso lotura sendoa dute, eta aztertu nahi genuen hor zeuden ezaugarri edo zergati kohesionatzaileak zeintzuk ziren», azaldu du Asurmendik.

Azaro akaberan aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak, eta, Euskal Herri osora estrapolatzeko moduko erantzun borobilik lortu ez badute ere, hainbat elementu komun atera dituzte. Hauek dira horietako batzuk:

ESKUALDEAK
Bizi kalitatea eta iruditeria


Eremu geografikotik harago, eskualdeetan dauden bizimoduak ikertu ditu Aztikerrek, eta, zehatzago, biztanleek bizi kalitatea definitzeko duten modua. Hala, ikerketan parte hartu duten herritarrek hauek hartu dituzte bizi kalitatearen adierazle gisa: zerbitzu publikoak, mugikortasuna eta lan aukerak izatea, bertzeak bertze. Dimentsio «immateriala» ere nabarmendu dute, ordea: euskaraz bizitzeko aukerak, bizitza kolektiboan parte hartu ahal izatea eta afinitate politikoz sorturiko topaguneak edukitzea, adibidez.

Eskualde guztietan agertu da eskualde horri buruzko iruditeria kolektibo bat, halaber. Honela ondorioztatu dute ikerketan: «Prozesu dinamiko moduan, espazioaren eraikuntza sinbolikoa estuki lotuta dago tokian tokiko nortasunaren sorrerarekin, lurraldearekiko atxikimenduarekin eta espazioaren jabetzearekin». Aztikerrek «interesgarritzat» jo du ondorio hori.

ERAGILEAK
Eraldaketarako nahia


Eragileei dagokienez, bi elementu nagusi identifikatu dituzte: komunitatearen parte izatea «erabaki aktibo» bat dela eta errealitatea eraldatzeko «nahi» bat dagoela. Erabaki «aktibo» horretan «motibazio ezberdinak» atzeman dituzte, baina gehienetan errepikatu egiten da bat: «Taldean egotea subjektuen bizi ibilbidearen oso elementu garrantzitsua da». Aztikerrek ondorioztatu duenez, horrek lotura dauka «subjektuen eraikuntzarekin, nortasunarekin eta ongizatearekin». Bertzalde, eragileetan dauden kideak elkartzen dituena ez da bakarrik errealitate beraren parte izatea: errealitatea «eraldatzeko» nahiak ere batzen ditu.

PUNTU KOMUNAK
Dinamismoa eta eragin positiboa


Eskualdeek eta eragileek ezaugarri ezberdinak dituzte, Aztikerrek ikusi duenez: «Eskualdeak fenomeno geografiko 'natural' moduan uler daitezke, eta, aldiz, eragile sozialetan parte hartzeko hautu pertsonal eta kontzientea egin dute horietako kideek». Ordea, denen arteko hainbat elementu komun atzeman dituzte: zehazki, ezberdintasunaren garrantzia, dinamismoaren aitortza, subjektuen bizi proiektuetan eragin positiboa izatea eta «eduki jakinak» dituzten «proiektu» gisa irudikatzea.

Lehen ezaugarriari dagokionez, Aztikerrek azpimarratu du «sarritan zaila» izan dela zehaztea zerk lotzen dituen komunitate bateko kideak. Kontrara, diferentziak pisu handiagoa izan du, batzuetan: «Barne desberdintasunek, lehiak eta 'bestetasunak' markatzeak pisu handia izan dute diskurtsoetan».

Dinamismoak ere izan du garrantzia, bai eskualdeen irudikapenean, bai taldeenean: «Iraganetik orainera eta orainalditik etorkizunera ez dira modu estatikoan hautematen aztertutako elementuak».

Hirugarrenik, herritarrek inportantzia eman diote taldetasunak euren bizi proiektuetan «eragin positiboa» izateari, helburu jakinak alde batera utzita: «Modu existentzialago batean egiten dien ekarpena irudikatzen dute, munduan eta gizartean kokatzeko». «Energia» eta «indarra» kontzeptuak azaleratu dira, adibidez.

Azkenik, eskualdeetako eta eragileetako ordezkariek «zentzua duen bizi proiektu baten partetzat» daukate taldetasuna, «helburu baten norabidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.