Ikastoletan eta plazetan Ipar Euskal Herriko haur eta nerabeen hizkuntza errealitatea eraldatzeko zenbait gako eman ditu Xan Aire Seaskako hizkuntza proiektuaren koordinatzaileak (Urepele, Nafarroa Beherea), Udaltop jardunaldian. Seaskak egindako «mikroinkesta» bat baliatu du horretarako. Ingurune soziolinguistikoak euskaran duen eraginaz ikerketa «sakonagoak» behar direla nabarmendu du.
Ipar Euskal Herrian, adin batetik aurrera zaila da euskaldun gisa «zutik egotea». Horren arrazoiei gutxiegi erreparatu izan zaie?
Segur aski. Denon obsesioa, edo xede nagusia behintzat, izan da hiztun berriekin masa kritikoa lortzea. Hori funtsezkoa izan da garai batean, noski, baina, jendea euskaldundu ahala, ez dugu euskaldun izateko baliabiderik eman, eta konturatzen ari gara helduen munduan eta ikastolen inguruko kontuetan zerbait egiten ez badugu zaila dela jendearentzat, eta bereziki gazteentzat, euskaldun gisa jendartean egotea.
Ikastolek euskalduntzeko bidea hobeki zedarritu behar dutela nabarmendu duzu, besteak beste, curriculumaren esparruan eraginda. Nola?
Alde batetik, modu zehatzagoan ikusi behar da hizkuntzaren ezagutza eta batez ere ahozkoa nola garatzen den. Hori bizkarrezurra litzateke, eta, bizkarrezur hori gorpuzteko, literatura landu behar da, hizkuntza dentsitatean irabazteko, espiritu kritikoa zorrozteko eta sortzaile izatera bultzatzeko. Eta, bestalde, curriculumean aspektu historiko-soziala ez dugu lantzen; hizkuntza komunitatearen kontzeptua bera eta bere bilakaera, eta zer lotura egiten duten gure ikasleek hizkuntza komunitate horrekin.
Ikasgelak ez ezik, ikastetxeetatik kanpoko guneak ere aztertu dituzue, eta ondorioztatu espazioaren nolakotasunak eragin zuzena duela hizkuntzan.
Gure ikasleek eta hezitzaileek barneratua dute soilik beraiek eragiten dutela haur eta gazteen portaeran, eta hori deseraiki beharra dago; alde batetik, Arrue bezalako ikerketekin, lan marko arrazionalago bat ekarriz. Marko horretan, faktore pertsonalez gain, beste batzuk azaleratzen zaizkigu, espazioari, objektuari edo materialari lotuagoak. Esaterako, soilik kirol erdaldunetan jolasten uzten baditugu, ikastolan ere jarraituko dute erdaraz jolasten, eta, gainera, guk nahi ez ditugun balio batzuk erreproduzituz. Kirol eremu horiek pixka bat lausotuz eta jolas aniztasuna sustatuz, berriz, ikusten dugu harreman modu berriak badirela, eta hor euskararen erabilera ez-formalak eta espontaneoak gora egiten duela. Horiek guztiak gure mikroinkestetatik ateratzen ditugun lehen ondoriotxoak dira, baina zinez beharko genuke ikerketa sakonago bat, frogatzen duena elkarrekintzak zer eragin duen haur eta gazteen arteko euskararen erabileran.
Beste sozializazio eremu bat ere aztertu duzue: plazak. Euskarak balio jakin batzuen eroale izan beharko luke horietan?
Feminismoarekin ikusten dugu badela feminista izateko modu asko. Zergatik ez euskaldun edo euskaltzale izateko moldezabalago bat? Asko gustatzen zait Antton Lukuk egiten duen formulazioa: «Euskaraz badakizu, ongi etorri klubera». Ba ote da postura irekiagorik? Uste dut ideia horrek balio digula hizkuntza komunitate gisa gure autopertzepzioa eta autoestimua indartzeko. Gureak, hizkuntza minorizatu baten bueltan bildua den komunitate batek, itxi itxura eman dezake, eta ideia horrek kontrakoa erakusten du: mundura irekita dagoen komunitate bat gara, eta, gurekin izan nahi baduzu, hizkuntza nahikoa duzu. Uste dut horrek eragin ahal duela gazteak dantzan sarraraztea. Oso urrun geratzen zaie gure komunitatea plazan, eta ez dute euskaldunon komunitatearekin ez euskararekin amesten. Eta uste dut ametsa faktore oso garrantzitsua dela gaurko egunean ere, haur eta nerabeen errealitateak aldatu nahi baditugu.
Ametsoi loturik, euskarak borroka askatzaileekin dituen konexioez hausnartu duzu. Horiei loturik behar luke?
Ikusten ditut gazteak beren tokia aurkitzen feminismoan, ekologismoan eta horrelako borroketan, baina ez dakit euskararen borrokan tokia aurkitzen duten, ezta gauza horiek euskaraz lantzen dituzten eta euskararen mugimendua mugimendu horiekin lotzen duten ere. Borroka askatzaileak dira, eta guk ere badugu askatzeko beharra; beraz, garrantzitsua da ikustea hor zer lotura egin daitezkeen, eta jakitea zerk daukan amets hori sustatzeko potentziala.
Herri kulturari ikusten diozu potentzialitatea, besteak beste. Euskara helburu bainoago gozamenerako iturri izatean datza gakoa?
Gozamena eta transgresio puntu bat. Euskara zikina aldarrikatu da Korrikako azken mezuan, eta uste dut, libertimenduan adibidez, gazteriak bizitzaz lokazten duela euskara, izan zirtzilkerietan, izan bertsotan, kantu herrikoietan...Horrek badu potentzialitatea. Edo Baionako Zizpa gaztetxean, adibidez, astero rap tailer bat egiten dute euskaraz, eta hor ere interesgarria izan daiteke ikustea raparekin ere euskara zikinago bat eskuragarri dela gazteriarentzat, horrekin identifika daitezen.
Babes instituzionalaren beharra nabarmendu duzu. Nolakoa?
Ez dut esan nahi bakarrik instituzio publikoen esku hartze gehiago behar dela, baizik eta egituratua den orok gaurko egunean baduela betebehar hori, euskaldunak beren praktiketan babestekoa. Euskaldunak babesteak ekartzen du erdaldunekiko bizikidetza ere hobetzea; beraz, euskara hobekuntza perspektiban jartzen du. Eta beste ideia nagusia da babes horren bidez euskara helduon hizkuntza eginen dela. Egituratua den elkarte edo instituzio batean euskaraz egiten ahal badugu, hori helduon hizkuntza da, eta gazteek helduei so egiten diete. Zinez pasatzen da elkarte mundutik, instituzio publikoetatik, enpresetatik... Hor badago mugimendu bat sustatzeko, instituzioek babesa ekar dezaten, eta herri mugimendua ardura dadila gehiago ametsaz, oso garrantzitsua baita.
Euskara. Udaltop. Xan Aire. Seaskako hizkuntza proiektuaren koordinatzailea
«Zergatik ez euskaldun izateko molde zabalago bat?»
Euskara balio irekiei lotzeak Ipar Euskal Herriko haur eta nerabeak hurbil ditzakeela uste du Airek. Ikastoletako curriculumaren esparrua, «bizkarrezurra», hobetu beharraz ere aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu