Indarkeria matxista. Babes neurriak

«Zergatik egon behar dut nik kontrolpean?»

Manuelaren senar ohiak eskumuturrekoa darama. Gizonak maiz uzten du gailua kargatu gabe, eta, alarmak etengabe jotzearen ondorioz, antsietate arazoekin dabil emakumea.

Manuelaren gailua, mahai gainean. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ez du identifikatua izan nahi; beraz, ezizen bat erabiltzea galdegin du: «Manuela». Xehetasun asko eman gabe azaldu du zergatik behar dituen babes neurriak: «Ni hiltzen saiatu zen». Adineko emakume bat da, eta badira urte batzuk eraso larri hori gertatu zela, baina beldurra ez da desagertu. «Bizi osoko senarra zen. Pentsa dezakezun okerrena izan zen bizi hura: jipoiak, sufrimendua... Pentsatzen nuen harreman guztiak zirela horrelakoak». Espetxe zigorra bete eta kalera atera zenean, urruntze agindua ezarri zioten gizonari. Orduan jarri zizkioten babes neurriak Manuelari: «Hain eraso bortitza izan zen, non epaileak arrisku handikotzat jo baitzuen. Garai batean, bizkartzaina eraman nuen. Eta orain tresna honekin nabil», esan du, gailua mahai gainean jarriz. Bezperan jaso du azken abisua: «Deitu zidaten ohartarazteko erasotzaileak ez zeukala kargatuta bere gailua. Berak ez du kargatzen, baina niri deitzen didate».

Ikusi gehiago:Kontrol telematikoa hobetu beharra

Azaldu du ohikoak direla gizonaren huts egiteak: «Etengabea da: nahita egiten du. Eta hasieran maizago egiten zuen». Sakelako telefonoan erregistratuta dauzka abisuak: «Batzuetan astean behin izaten da, eta beste batzuetan egunean hiru aldiz. Goizaldeko 03:00etan ere deitu izan didate, ea ondo nagoen, haren gailuak ez duelako bateriarik eta, beraz, ez dakitelako non dagoen. Teorian, gero bueltan deitu behar didate, jakinarazteko erasotzailea kokatu dutela, eta lasai gera nadin, baina batzuetan nik deitu behar izaten diet, bi edo hiru ordu kirioak dantzan pasatu ostean».

Horrelakoak izan dira gorabehera guztiak, hau da, senar ohia ez da hurbiltzen saiatu, baina Manuela ez da fio: «Halako zerbait gertatzen zaizunean, ez zaude inoiz lasai. Inguruan askotan ikusi dugu: ez dizute ezer egiten hogei urtean, egun jakin batean egiten dizuten arte». Osasunean ere eragin dio: «Antsietate handiarekin nabil; behin bihotzeko arin bat ere izan nuen». Gaineratu du eraso hark bizia aldatu ziola: «Hondoratu egin ninduen. Tentsio handia dut oraindik; iruditzen zait etxean ikusten dudala. Lo ere izututa egiten dut, uzkurtuta, ez dut atsedenik hartzen». Zauri sakonak ditu, baina aspaldi agortu zitzaion sostengu psikologikoa: «Urte eta erdiren ondoren, alta eman zidaten: epe horretan amaitu egiten da laguntza».

«Beste metodo bat»

Bizkartzaina izan zuen garaiari buruzko oroitzapen hoberik ere ez du: «Oso gogorra da: joan-etorriak mugatzen dizkizu, azalpen asko eman behar dituzu, bizkartzainak susmoak pizten ditu...». Epaileak berak erabakita jarri zioten babes hori, baina Manuelari zaila egin zitzaion onartzea. «Bizi osoan egongo naiz jazarria? Zergatik egon behar dut nik kontrolpean? Nik ez dut ezer egin!».

Aitortu du babesa edukitzea «funtsezkoa» dela beretzat, baina erantsi du gailu telematikoa ez dabilela. Hala, tresnaren baliagarritasunaz hausnartzeko eskatu die erakundeei: «Beste metodoren bat pentsatu behar lukete, izan dadila eraginkorragoa. Izan ere, konturatzen ez badira sistema horiek balio dutela erasotzaileek gure gaineko kontrola izaten jarraitzeko, ez da ezer hobetuko. Gustatuko litzaidake haiek ere sentitzea 24 orduz kontrolatuta bizitzeak eta askatasunik ez izateak dakarkigun larritasuna. Erasotzaileak kontrola ditzatela, eta zigor ditzatela horrelako urraketak». Sumatzen baitu babestu beharraren ardura emakumeen gain erortzen dela, ez erasotzaileenean: «Bera librea da, ez du inor atzetik; nik, aldiz, bai. Eta horrek askatasuna niri kentzen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.