Zerga emendatzeen inguruan eztabaida piztu duen urteko aurrekontua bozkatu zuen atzo Euskal Hirigune Elkargoko batzar orokorrak. 557 milioi euroko aurrekontua da. Batzarreko 232 hautetsietarik 128k alde bozkatu zuten, 39k kontra, eta 52 abstenitu egin ziren. Ohargarri da aitzineko urteekin alderatuta aldekoen kopurua ttipituz doala. Haatik, kontrakoen eta abstentzioena goiti doa. Baina bozkarik ohargarriena zergen emendatzearen erabakiarena izan da: 113k alde, laurogeik kontra, hemezortzik abstentzioa, eta hamahiruk ez dute parte hartu. 111 hautetsik ez dute erabakiaren alde egin, beraz.
Usaian bezala, Kotte Ezenarro finantzetarako lehendakariordeak aurkeztu zuen aurrekontua, eta, hastapenean, aitzineko batzarrean Bil Gaiten taldeko Alain Iriartek egin oharrei iharduki nahi izan zien. «Gastu behargabekoak eta menperatu gabeak egiten ditugula? Ez. Gure ekintzak lurraldearentzat baliozkoak eta egokituak dira». Erran zuenez, Iriartek otsailean egin proposamen alternatiboa «oinarri zehatzik eman gabe, ez da gidoi serioa».
Alain Iriartek hitza hartu zuen, hain zuzen, Bil Gaiten taldearen izenean, eta Ezenarrori erantzun «konbentzitu» nahi zuela egiten zuen proposamenari buruz. Zioenez, zergen emendatzea «ez da beharrezkoa» Elkargoaren inbertsio eta funtzionamenduen mantentzeko. Iriarten ustez, jada prezio eta gastu emendatze frankori buru egiten dieten herritarren eta enpresen bizkar ezarri gabe Elkargoak maileguaren bidez «konpentsa ditzake handizki» bere beharrak. Gehiago dena, aitzineko aurrekontuko 18 milioi euroko soberakinak kontuan hartzea eskatu du. Berretsi zuen beste antolaketa bat ere posible zela, hasieratik «elkarrekin» eraman aurrekontu eraikuntza bat plantan emanez, non «hautetsiak erabakitzeko dispositiboen erdigunean» liratekeen.
Hain zuzen, Elgarrekin Herriarentzat taldeko Peio Etxeleku barne demokraziari buruz mintzatu zen. «Franko eriturik» ikusi du demokrazia hori. Deitoratu zuen 2024ko aurrekontua lantzen hasiz geroz hautetsi gisa ez zirela haren «eraikuntzaren xehetasun mekanikoetan» sartu ahal izan. Gehitu zuen finantza dokumentuak «azken puntan aurkeztuak» zaizkiela eta «beroan bero ezin aztertuzkoak» direla. Damugarritzat dauka eztabaidarako saiakera oro «mesfidantza ekintza» gisa har dezan exekutiboak, hitza hartu nahi luketen hautetsien baitan «gaitzesgarri gisa ezarriak» izateko «beldurra» eraginez. Zergen emendaketa kritikatu zuen gero, eta galdetu «gaur egungo testuinguruan» herritarrentzat eta enpresentzat ez ote den dena «gaindiaraziko duen xorta».
Maider Behotegi Bardozeko auzapezak ere bere «kezkak» helarazi zizkion Elkargoko buruzagitzari zergen emendatzeak direla eta. «Traba anitz sortzen dizkigu», erran zuen. Bere herriko ofiziale eta saltegi ttipientzat zuen arrangura adierazi zuen. Ondotik, Baionako Olivier Allemanek eta Bankako Mixel Ozafrainek Elkargoko aurrekontuaren alde hitz egin zuten, baita exekutiboko zenbait hautetsik ere. Jean-Rene Etxegarai lehendakariak berak defendatu zuen aurrekontua, erranez ezin dela urte bakarrera begiratu. Exekutibotik berriz ere galdetu zuten behar ote ziren Elkargoko langile batzuk kanporatu edo politika publiko batzuk kendu, gastuen apaltzeko.
Beste mintzaldi ez ukanik, batzarraren ondotik Alain Iriartek errepikatu zuen ez dutela halakorik erran: «Ez dute arrapostu ematen gure galdeei», erran zuen exekutiboaren erantzunei buruz. Espero du noizbait onartuko dela beste ibilmolde bat. «Mintzatzeko behar gara bi izan; edo gehiago. Horretarako badira batzordeak, poloak... badira lekuak». Funtsean, zergen ataleko bozkak erakutsi du orain arte ikusi ez zen oposizio bat, bi talde politiko deklaratuez harago joan dena. «Beste hautetsi anitzek gure arrangurak eta proposamenak partekatzen dituztela pentsatzen dut», gehitu zuen Iriartek.
Beste erakunde batzuetan ez bezala, aurrekontuak zergen heinak baino lehen bozkatu dira Euskal Hirigune Elkargoan. Alta, hautetsi gehienek zergen neurriaren kontra bozkatu bazuten, aurrekontua berriz hartu beharko zen, eta beste batzar baten karietara bozkarazi.
Bizitegien ituna
Elkargoak promotore pribatuekin eta publikoekin adostu partaidetza itunak piztu zuen beste eztabaida nagusia batzarrean, eta usaian ez bezalako bozka tinkiago bat. Roland Hirigoien etxebizitzarako lehendakariordeak bozkatzera ekarri zuen itun hori.
Filipe Aramendi Urruñako auzapezak bi arazo azpimarratu zituen Bil Gaitenen izenean; lehenik, onarturik «ituna beharrezkoa» zela: itunak promotoreei %60ko heinean baizik ez dizkiela finkatzen bizitegi sozial heinak, eta onartzen zaiela gehienez %5eko bigarren egoitzen egiteko baimena. Zuzenketa bat aurkeztu zuen Aramendik, lehen neurria aldatzea galdegiten duena eta bigarrena kentzea, «bigarren egoitza bakar bat ere» ez dadin gehiago egin Elkargoarekin partaidetzarekin. Bizitegi sozialen heina Urruñan berean aise gorago negoziatu izan dute promotoreekin, eta itunak gibel egitea erran nahi luke Aramendirentzat.
Claude Olive Angeluko auzapezak erran zuen ituna «izatea bera merezimendu bat» dela eta alde eginen zuela, eta ezinezkoa zela «%100 bizitegi sozial egitea». Eneko Aldana Ziburuko auzapezak erantzun zion, hain zuzen, Olive buru duen Office 64 obralariarekin egin dituztela %100ean bizitegi sozialeko egitasmoak. Gehitu zuen Aramendiren arazo bera lukeela itunarekin, hein goragoak erdietsi baititu hark ere promotoreekin. Gauza bera erran zuen Emmanuel Alzuri Bidartekoak. Haien bulegoetan, promotoreekin aise gehiago negoziatzea lortzen zutela. Etxegaraik berak aitortu zuen hitz erdika Baionan ere gertatu zitzaiola.
131 elkargoko hautetsik bozkatu zuten itunaren alde, baina 82 abstenitu egin ziren, bostek kontra bozkatu, eta bederatzik ez zuten parte hartu. Arazoa sortu da, Etxegaraik ez baitu Bil Gaitenen zuzenketa bozkarazi; alta, batzarrean aurkeztea onartu zuen. Balitzateke Bil Gaitenek errekurtsoa jartzea.