Bertatik bertara kanpaina abian jarriko du bihar UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak, eta irailaren erdialdera arte iraungo du. Bosgarren aldiz egingo dute, zerbitzu sektorean euskararen presentzia handitzeko, eta, hartara, udan udalerri euskaldunetara joaten diren bisitariek-eta euskararekin harremana izateko. Izan ere, UEMAn argi dute euskara dela udalerri euskaldunen nortasuna «egokien» islatzen duena.
Asmo horrekin, 300.000 paperezko mahai gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Horien bidez, euskarazko oinarrizko hiztegi bat eskura izaten dute bisitariek ostatuetan-eta otorduak egiten dituztenean. Lehen aldiz, turismo bulego, ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu mankomunitateak. Euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz daude.
Paperezko mahai gainekoez gain, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak ere prestatu dituzte, eta bisitariek eskuko telefonoetan erabili ahal izateko hiztegi bat. Udalekin eta hainbat garapen agentziarekin batera antolatu dute kanpaina.