Bere buruari txertoa jarri zion Basurtuko Ospitaleko zuzendaria, Eduardo Maiz, kargugabetu egin zutela jakin eta biharamunean, txertaketa kanpainaren inguruko gorabeherek harrabots handia ateratzen jarraitu dute. BERRIAri testigantza eman dion ospitale horretako zaintza intentsiboetako unitateko (ZIU) langile batek salatu duenez, txertoa jartzeko garaian, ez dira betetzen ari arriskuaren gaineko irizpideak. «Nik ZIUan lan egiten dut, eta oraindik ez didate txertoa jarri». Ospitaleko buru batzuk lehenago txertatu dituzte beste langile batzuk baino. Larunbatean, Maiz zuzendariarekin batera, gutxienez Basurtuko erietxeko lau goi arduradun txertatu zituztela zehaztu du. «Adinaren arabera hasi ziren jartzen txertoak, eta jakina, sailburuak beti izaten dira zaharrenak, nahiz eta arrisku gehien ez izan».
Ostiralean heldu ziren Moderna konpainiaren txertoak, eta Osakidetzako Lan Osasunetik deitu zieten Basurtuko beharginei, esanez larunbatean hasiko zirela txertoak jartzen, Gurutzetako Ospitalean. «Txertoa jartzeko lehentasunen irizpidea ere zehaztu zuten: lehen lerroan dauden eta arrisku gehien duten langileak txertatuko zituztela aurrena, izan mediku, erizain, laguntzaile, teknikari, garbiltzaile...». Larunbatean bertan hainbat behargin joan ziren Gurutzetara txertoa jartzera, baina, haiekin batera, printzipioz arriskuaren lehen lerroan ez dauden beste hainbat kudeatzaile, zerbitzuburu eta sailburu ere bai. «Astelehenean lanera joan ginenean, harrabots handia zegoen kontu honen inguruan. Jakin genuen erizain asko txertoa jartzera joan zirela, ez denak ezta gutxiago ere, baina batzuk bai... Medikuen kasuan, ZIUko lan taldean dauden 16 medikuetatik bakarra txertatu zuten zapatuan. Ostera, jakin genuen han egon zela agintarien desfile handi bat. Besteak beste, txertoa jarri ziotela anestesia zerbitzuko buru ohiari, Luciano Aguilerari, jada erretiratuta badago ere».
Bere izena ezkutuan gorde nahiago duen Basurtuko langile horrek BERRIAri azaldu dionez, txertatu zituzten zerbitzu eta sailburu asko kudeatzaileak dira, euren bulegoan egoten dira, eta ez dute harreman zuzenik COVID-19a duten pazienteekin. Sortu den haserrearen ondorioz, sindikatuekin eta Osakidetzako Lan Osasunarekin harremanetan jarri ziren Basurtuko langileak. «Kanpaina kudeatzeaz arduratu zen pertsonak aitortu du hasieran irizpideak argi zeudela, baina ostiralean eta larunbatean bere kontroletik kanpoko gauzak gertatu zirela». Azalpen eske joan diren langileei esan diete Osakidetzako kanpainako arduradun nagusiari idazteko kexa bat.
Atzo berrekin zioten Basurtuko langileak txertatzeari. Baina, ZIUko langileak salatu duenez, haietako asko ez dira arrisku handienekoen multzoan sartzen. «Erradiologoak, oftalmologoak eta beste hainbat profesional txertatu dituzte, arriskuaren lehen lerroan ez daudenak eta ez dituztenak babes materialak erabiltzen... Hau da, normalean ez dira egoten COVID-19ko pazienteekin... Salatu nahi dut Basurtun txertaketa kanpainaren kudeaketa txarra egiten ari direla».
Adinaren irizpidea
Langileak argitu du ez duela zalantzan jarri txertoa jarri dutenen jokabidea. «Haiek diote jaso zutela Lan Osasuneko deia, eta adinaren irizpidea bete dutela, ez arrisku gehieneko irizpidea. Haiek, agian ez daukate errurik». Bestalde, jakinarazi du, esate baterako, euren zerbitzuburuak lantaldeko kideei jakinarazi diela hark emandako zerrendari ez diotela jaramonik egin. «Beste irizpide batzuk erabili dituzte».