Eukalipto sailen hedapena. Alternatiba bila

Zerbait gertatzen ari da Undabason

Tokiko ekosistemak eta bioaniztasuna leheneratzeko asmoarekin, Lurgaia fundazioak helburu du Urdaibaiko biosfera erreserbako harizti mistorik handiena sortzea. Dozena bat urteko lanaren ondoren, jada 163 hektarea kudeatzen ditu Muxikan, 'Undabaso' deitu dioten gunean. Hasiak dira eremu horretan prozesu ekologiko batzuk antzematen.

Muxikan (Bizkaia), Undabaso eremuanlandatzen ari diren sailetako batzuk. OSKAR MATXIN / FOKU.
Igor Susaeta.
Muxika
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Undabaso deitu dioten lekuan, Muxikan (Bizkaia) Ibarruri auzoan, prozesu ekologiko jakin batzuk antzematen hasi dira jada Lurgaia fundaziokoak. Ikusi berri dituzte enarak, lertxunak eta azkonarrak, adibidez. «Esaten duzu: 'Hara! Hemen zerbait ari da gertatzen'», adierazi du Sergio Gallego Mazarias fundazioko kideak. Duela urte batzuk ezinezkoa izango zen espezie horiek Urdaibaiko biosfera erreserbako eremu horretan topatzea, lehen pinuak besterik ez zegoen-eta han. Bikote bat Unda haraneko baserri batera bizitzera joan zen 2008an, eta haien lursailak eskaini zizkion Lurgaiari. Ez zuten pinudiz inguratuta egon nahi. Eremu horretan, beraz, lau bat hektareatan, harizti misto bat landatzen hasi ziren Lurgaiakoak. Dozena bat urte geroago, 163 hektarea kudeatzen dituzte Undabason —zaintza akordioek 20 eta 40 urte arteko iraupena dute, hasteko—, eta tokiko ekosistemak eta bioaniztasuna leheneratzen eta espezie exotiko inbaditzaileak kentzen edo kontrolatzen ari dira. Hektarea horien %90 ingururen jabe dira.

31 espezie «sartu» dituzte eremuan, Gallegoren esanetan. Horietako batzuk zerrendatu ditu: haltzak, gurbitzak, astigarrak, lizarrak, elorri zuriak, elorri beltzak, gaztainondoak...«Ezin duzu ipini edozein gauza edozein tokitan», azaldu du. Fundaziokoek erabaki zuten Undabason indarrak jartzea, orain dela sei-zazpi urte konturatu zirenean 30-40 hektarea kudeatzen zituztela eremuan. Gallegoren arabera, zientzialariek esaten dute baso bati hala deitzeko ehun urte eta «bateratutako» ehun hektarea behar direla. «Hori da gutxieneko kopurua. Ehun hektarea bananduta baldin badaude, ez dira sortzen prozesu ekologikoak».

Cristina Jeronimo fundazioko kideak nabarmendu du dirua gastatzeko orduan beraientzat «lehentasuna» dela Undabaso gunea. «Toki enblematiko batean», erreserban dago harizti mistoa, bioaniztasunaren ikuspegitik oso interesgarria den leku batean. Gallegok eman ditu zehaztasunak: «Ipar-mendebaldean dago Urdaibaiko itsasadarra, eta ekialdean Oiz [mendiaren] ingurua; hura ez dago babestuta, baina ekosistema oso bereziak ditu. Unda, gainera, Oka eta Ibaizabal ibaien haranen mugan dago».

Zientzialariek diotenez, ehun urte behar dira baso bati baso deitu ahal izateko, baina landatu eta bost bat urtera hasten dira, hain zuzen, baso itxura hartzen. «Hamar urte barru, gu baino askoz ere altuagoak izango dira zuhaitzak». Eta hasiko dira prozesuak utziko duen ondarearen zantzuak igartzen. Udazkenak eta udaberriak berriz nabarituko dira, esate baterako. «Eta ez da gutxi. Orain arte, berde ilun bakar bat egon da». Pinuarena, alegia. Kulturalki, bertako basoa berreskuratuko da. «Komatxo artean esango nuke, duela ehun urte hemen ez zegoen-eta zuhaitz bakar bat ere...». Klima larrialdiari aurre egiteko orduan izango duten eginkizuna ere azpimarratu du Gallegok: «Gure basoak karbonoa bahitzen ari dira, eta hori betiko gordeko dute». Ohartarazi du, bide batez, klima aldaketak eragindako «fenomeno katastrofikoen» aurrean, «izan lehorte aldiak, ekaitz indartsuen sasoiak edo tenperaturaren igoera», espezie ezberdinez osatutako baso batek «erresilientzia aukera gehiago» ematen dituela. «Paisajistikoki, estetikoki, emozionalki, kulturalki... ez da gauza bera. Jendea ez da hara joaten pasieran». Eta pinudi batzuk seinalatu ditu eskuin eskuko hatz erakuslearekin.

Pinu horien inguruan, eukalipto sail bat ere badago landuta; izan ere, Bizkaiko baso hedaduraren %13 hartzen dute eukaliptoek. Zaintzan kudeatu bakarrik ez, sailak erosi ere egiten ditu Lurgaiak —Bizkaian, azkenaldian, hektareako 3.000 bat euro ordainduta—, eta eukalipto sail hori landatu duen egur enpresari lur hori erosi nahi izan diote fundaziokoek. «Haranaren bukaeran dagoelako, jarraitutasuna eman nahi diogulako gureari... Baina haiek ekoiztu egin nahi dute, eta oso argi esan digute ezetz. Normala da», esan du Gallegok. Jeronimok jarraitu du: «Ez gara lurrengatik borrokatzen. Gauza biak egon behar dira. Mundu honetan bizi gara. Denok behar dugu komuneko papera. Eta eukaliptoak, beharbada, ez, baina pinuak eta beste behar dira; ez dugu gogoko, baina ulertzen dugu». Salatu du, hori bai, oreka falta dela. «Hemen dena da pinua».

Gogoan du Unda ingurura iritsi zirenekoa. «Hasieran ez geunden oso ondo ikusiak. Baina jendeak gure alde egiten du gure proiektua ezagutzen duenean, serioa eta fidagarria delako». 2002an sortu zuen Lurgaia fundazioa ekologista talde batek —hasieran Urdaibai Fundazioa izena jarri zioten—, eta, ia hogei urte geroago, 500 lursail pasa kudeatzen ditu: gehienak Bizkaian; «dezente» Gipuzkoan; Araban eta Nafarroan «oso gutxi»; zerbait Kantabrian; eta «beste apur bat» Burgosen (Espainia). 500 bazkide inguru ditu, eta horiek urteroko kuota ordaintzen dute: gutxieneko kopurua 25 euro da. Finantzaketa kolektiborako kanpainak ere egiten dituzte, eta dohaintzak egin daitezke. Enpresek ere kolaboratzen dute fundazioaren xedearekin. «Batzuek, garapen jasangarrirako helburuak direla eta, beren irudia garbitzeko egingo dute ekarpena. Guk, halere, muga batzuk ditugu jarrita», azaldu du Jeronimok. Horregatik, enpresaren baten diruari ezetz esan izan diote, eta esango diote, ez baditu errespetatzen, Gallegoren hitzetan, «lan eskubideak, giza eskubideak eta ingurumenaren eskubideak».

Amurrioko egitasmoa

Lurgaiak baliabideak eta aholkularitza eskaintzen dizkie, besteak beste, tokiko ekosistemak leheneratzeko lanetan ari diren taldeei, eta landaketa prozesuan ere laguntzen die; esate baterako, azkenaldian elkarlanean ari dira Soraluzen eta Eibarren (Gipuzkoa) sortu dituzten baso jabeen kooperatibekin.

Amurrioko (Araba) Uhandre Baso Biziakek ez du, «momentuz», sailik erosteko intentziorik, baina ez du gustuko eukaliptoa landatzea «etekin ekonomikoa» ateratzeko, eta, hortaz, Aiaraldea eskualdean horri buruz «kontzientzia sortzeko» eratu zuten plataforma orain bizpahiru hilabete, Mario Corral Peru kidearen arabera. Politikariak «inplikatu» nahi dituzte auzian, eta EH Bilduk, hain justu, Aiaraldean (Araba) eukaliptoa gehiago ez hedatzeko eskatzen duen mozio bat aurkeztu du asteon Arabako Batzar Nagusietan. Koalizio subiranistak proposatu du «tokiko espezieak eta hostotsuak» bultzatuko dituen «baso plan iraunkor bat» sustatzea. Peruk eskatu die instituzio publikoei diru publikoa jar dezatela mendia erosteko, «baina hori kontserbaziorako erabiltzeko asmoarekin».

Kolore Guztietako Basoak plataformak ibilbide bat egin du jada. Bizkaiko 50 bat taldek eta gizarte eragilek osatzen dute, eta egina dauka probintziako baso kudeaketa hobetzeko plana. Bizkaiko Diputazioaren jokabideari egozten dio eukalipto landaketek izan duten gorakada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.