Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas hil eta gero, 2012ko apirilean hasi zen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila istiluen kontrako materialaren auzia aztertzen, eta, praktikan, gomazko pilotak erabiltzeari utzi zion. 2013tik ertzainek beste jaurtigai batzuk erabili dituzte, foam izeneko materialez egindakoak. Nafarroako Foruzaingoak ere 2016an baztertu zituen gomazko pilotak, eta foam jaurtigaiak erabiltzen hasi zen. Euskal Herrian dauden Frantziako eta Espainiako polizia indarrek, berriz, eutsi egin diote gomazko pilotak erabiltzeari.
Alabaina, foamezko jaurtigaiak erabiltzen hasteak ez ditu arazo guztiak konpondu. Urtarrilaren 20an Donostian material hori erabiltzearen ondorioz zauriturik suertatu ziren gazteen auziak berpiztu du eztabaida: less lethal edo ez hain hilgarriak gisa sailkaturik dauden arma horiek noraino dira kalte eta arriskurik gabeak? Eta arma horien ezaugarriez gain, erabiltzeko moduak ere ba al du zerikusirik izan ditzaketen ondorioetan?
Material berria
Ertzaintzak gomazko pilotak albo batera uztea erabaki zuenean, foamezko jaurtigaiak aukeratu zituen horiek ordezkatzeko. Plastikozko aparraren moduko material bat da foam izenekoa: ez da gomazko pilotetako kautxua bezain gogor eta zurruna, eta, hark ez bezala, zerbait jotzen duenean, kolpearen energia xurgatzen du, eta deformatu egiten da.
Zehazki, Brugger & Thomet Suitzako enpresaren SIR eta SIRX modeloetako jaurtigaiak aukeratu zituzten gomazko pilotak ordezkatzeko. 40 milimetroko kalibreko jaurtigaiak dira, zilindro itxurakoak, eta hiru atal dituzte: karkasa, sua pizteko bederatzi milimetroko kartutxoa eta puntan golf pilota baten itxura duen foamezko muturra. 32 gramo pisatzen dute, eta ez dira gomazko pilotak bezain azkarrak: pilotak segundoko 200 metroko abiaduran ateratzen dira jaurtigailutik; SIR modeloko jaurtigaiek segundoko 85 metroko abiadura hartzen dute, eta SIRX modelokoek, berriz, 105ekoa.
Segurtasun Sailak eskatuta, Tecnalia enpresak zenbait jaurtigairen azterketa egin zuen 2014an, tartean Ertzaintzak erabili beharreko SIR eta SIRX modeloenak, haien ondorioak neurtzeko. Egindako proben arabera, argi dago bi eredu horiek beste batzuek baino askoz kalte txikiagoa eragiten dutela. Baina horrek ez du esan nahi guztiz kaltegabeak direnik. Txostenean ondorioztatzen denez, SIRX motakoak hilgarriak suerta daitezke hamar metro baino gutxiagoko distantziatik botaz gero. Mota horretako jaurtigaiek haustura torazikoa eragin dezakete kasuen %50etan, inpaktua 25 metro baino hurbilagotik eginez gero. SIRX jaurtigailuek burezurreko haustura ere eragin dezakete kasuen %50etan 40 metro baino gertuagotik botatzen badira, eta SIR modelokoek ere bai, 15 metro baino gertuagotik jaurtiz gero.
Gainera, teknikariek txosten horretan azaldu zuten oso zaila dela horrelako armen arriskua neurtzea: «Hain hilgarriak ez diren jaurtigaiek kalte larri edo hilgarriak eragin ditzakete gorputzaren zenbait ataletan joz gero, buruan esaterako». Izan ere, jaurtigaien nolakoa ez da arriskua neurtzeko aldagai bakarra: kolpea jasoko duen pertsonaren ezaugarriak eta tiroa gorputzaren zer ataletan hartzen duen ere kontuan hartu beharrekoak dira.
Badago beste desberdintasun handi bat gomazko piloten eta foam jaurtigaien artean: erabiltzeko modua. Gomazko pilotak, teorian, ez dira jendearen kontra zuzenean botatzeko: zoruaren edo horma baten kontra jaurtiki behar dira, eta suposatzen da errebotea egin eta indarra galdu ostean norabide jakinik gabe irteten direla, haien funtzioa jende multzoak sakabanatzea delako. Praktikak erakusten du askotan gomazko pilotak zuzenean herritarrak jotzeko erabili izan direla; eta, horrelakoetan, ondorioak oso larriak izan daitezke, Iñigo Cabacasen auziak frogatzen duen moduan.
Foamezko balen jaurtigailuen logika guztiz bestelakoa da. Xedea ez da jaurtigaiak aliritzira botatzea errebota dezaten. Gomazko pilotak botatzeko eskopetek ez bezala, foamezko balak botatzen dituztenek granada jaurtigailuak da haien izen teknikoa badute mira edo jo puntua, itu zehatza destatu ahal izateko. Horregatik, oso inportantea da nora apuntatzen den tiro egiterakoan.
Protokoloen auzia
Ohikoena izaten da horrelako armak erabili behar dituzten poliziek protokolo batzuk izatea, noiz eta nola erabili behar dituzten jakiteko. 2016an, foamezko jaurtigaiak erabiltzeko moduaz galdetu zion BERRIAk Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari, eta erantzuna izan zen «zangoetara, zorurantz» tiro egin behar dela beti. Irizpide hori bat dator beste Polizia batzuek erabiltzen dituztenekin: aski iritzi hedatua da horrelako jaurtigaiak zorura edo, gehienez ere, gorputzaren adarretara destatuz bota behar direla.
Hala ere, Ertzaintza foamezko jaurtigaiak erabiltzen hasi zenetik, zenbait lagunek buruan hartu dituzte zauriak; ezin jakin hori gertatu ote den ertzain batzuek irizpideak jarraitu ez dituztelako, edo jarduteko protokoloak aldatu direlako. Joan den astean, Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak esan zuen ETBn pertsonei tiro egitea «protokoloen barruan» dagoela.
BERRIA ostera ere jarri da Segurtasun Sailarekin harremanetan, protokolo horiei buruzko informazioa lortzeko. 2016an ez bezala, orain Segurtasun Sailak erantzun du ez duela egoki ikusten «barne agindu edo taktika polizialen inguruko informaziorik» ematea.
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak 2019an informazioa eskatu zion Segurtasun Sailari «foamezko jaurtigai eta jaurtitzaileen erabilera arautzen duen instrukzioari buruz». Erantzuna izan zen instrukzio hori «erreserbatutzat» sailkatuta zegoela, eta, beraz, aukera bakarra zela dokumentua Sailaren egoitzan ikustea, baina kopiarik atera gabe.
Foamezko pilotak
Zer jaurtigai erabili, eta nola
Ertzaintzak eta Foruzaingoak baztertu egin dituzte gomazko pilotak, eta urteak dira foam jaurtigaiak erabiltzen hasi zirela, baina horrek ez du amatatu poliziek erabiltzen duten materialari buruzko eztabaida; materiala ez ezik, material hori erabiltzeko irizpideak eta jardunbideak ere auzitan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu