Zer jan, hura izan

Gaur egun haur gehienek eskolako jangelan bazkaltzen dute. Hori dela eta, inoiz baino gehiago erreparatzen zaio han ematen diren menuen kalitateari.

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Bizkaiko ehun ikastetxetako menuetatik panga arraina kendu izanak berriro ere eztabaida sortu du eskoletako jangelako menuen kalitatearen inguruan. Beste behin, aurrez aurre jarri ditu jangelen kudeaketa zuzena eta catering enpresek eskaintzen dutena. Gurasoek eta adituek menuak «kalitatezkoak, orekatuak eta askotarikoak» izateko eskatzen dute, eta, horretarako, ezinbestekoa ikusten dute sasoiko eta inguruko jakien alde egitea.

Egun, oso gutxi dira jangela zuzenean kudeatzen duten ikastetxeak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2000. urtean hartu zuen bere gain, dekretuz, eskola publikoetako jangelen kudeaketa. Ordutik, pixkanaka, catering eredua nagusitzen joan da eskoletan. Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko bozeramaile Ana Eizagirre kritiko da horrekin. «Eskola bateko erabakitzeko organoetan catering-aren alde egiten badute, guk ez dugu oztoporik jarriko. Baina ikastetxe bakoitzak aukera izan behar du nahi duen eredua aukeratzeko. Nahi duten ikastetxeek jangela propioa izateko aukera izan behar dute, eta han otorduak prestatzeko. Gainera, catering bidez egiten dutenek eskubidea izan behar dute zerbitzu hori emango dien enpresa aukeratzeko». Ana Elbusto dietistak ez du gustuko bi ereduen arteko eztabaida hori. Baina, Eizagirreren antzera, uste du ikastetxeei askatasuna eman behar zaiela aukeratzeko.

Erandioko Altzaga ikastetxea(Bizkaia) jangela zuzenean kudeatzen jarraitzen duten bakarretakoa da. «Ikastola orain dela 41 urte sortu zen, eta hasieratik jangela zuzenean kudeatu izan da. Gurasoei Eusko Jaurlaritzak catering sistema erabiltzea proposatu zuela esan genienean, aurka azaldu ziren. Zuzenean kudeatzeak lan handiagoa behar du, eta menua garestiagoa da. Baina nahiago genuen hori, haurrek frijituak edo aurrez prestatutako produktuak jatea baino», dio Endika Montesek, guraso elkarteko ordezkariak. Jaurlaritzari berari «primeran» iruditu zitzaion apustua. «Baina esan ziguten ez datorrela bat ezarrita dauzkaten irizpideekin. Janariak homologatutako enpresek ematea da haien apustua, eta ez zitzaien iruditzen guraso elkarte bat horretaz ardura zitekeenik».

Gourmet Food catering enpresako Avilio Lacal ere iritzi berekoa da. «Elikaduraren zein pedagogiaren ikuspegitik jangelaren kudeaketa profesionala bermatzen dugun bakarrak catering enpresak gara. Izan ere, gu, adibidez, menuak emateaz gain, jangeletan lan egiten duten begiraleen prestakuntzaz arduratzen gara». EHIGEk ere prestakuntza hori indartzeko beharra ikusten du. Dena den, horrek muga bat duela uste du Elbustok: «Kasu askotan, gurasoek jangelen bizkar uzten dituzte haurren elikadura ohiturak. Uste dute haurra jangelara bidalita jaten ikasiko duela. Baina oker daude. Ohitura horiek etxean ikasten dira. Beraz, gurasoek ere arduratu behar dute haurren elikaduraz».

Menuen kalitatea

Dena den, ereduen eztabaida gainditu eta menuen kalitateari begiratu behar zaiola uste dute laurek. «Alde horretatik, uste dut catering enpresek berme gehiago eskaintzen dugula, inoiz baino kalitate neurri zorrotzagoak igarotzera behartzen baikaituzte. Hori dela eta, ez zaizkit egokiak iruditzen gure sektoreari egiten zaizkion kritikak», dio Lacalek. Montesek ere beren menuen kalitatearen alde egin du. «Gure kasuan, urteetan zortzi menu izan ditugu, astez aste errepikatzen zirenak. Bitxikeria gisa esango dut bere garaian Santi Brouardek ikuskatu zituela menu horiek. Orain berritu egin ditugu, baina betiere kalitatearen eta orekaren irizpideak kontuan hartuta; argi izanda haurrek denetik jan behar dutela».

Elbustoren ustez, kalitate irizpide horiek «oreka eta aniztasuna» dira. Baina, haren esanetan, askotan ez dira betetzen. «Haurrei fruta eta barazkiak jatea gustatzen ez zaienez, behar baino egun gutxiagotan jartzen dira. Baina astean bitan gutxienez barazkiak jan beharko lituzkete lehen platerean. Fruta ere bizpahiru aldiz jan beharko lukete, eta arraina, gutxienez astean behin».Bigarren platerak gehienetan frijituta eta albardatuta prestatzen direla eta gantz asko dutela, hori da Elbustok ikusten dituen beste arazoetako bat: «Menu batzuetan behar baino gehiago erabiltzen dira jakiak prestatzeko bi modu horiek, umeek errazago eta gusturago jaten dutelako». Gainera, ez du ondo ikusten adin guztietarako menua bat izatea. «Hori da catering enpresetako menuei ikusten dizkiedan hutsuneetako bat. Adinaren arabera egokitu beharko lirateke. Izan ere, 2 urteko haur batek ez du 12 urteko ume baten berdina jateko gaitasuna ».

Altzaga ikastolako sukaldari berriak egindako ekarpena nabarmendu du Montesek. «Hona etorri arte jatetxe batean egiten zuen lan, eta oso gustuko du plater eta prestaketa modu berriak erabiltzea eta adinera egokitzea». Oilaskoa limoiarekin, babarrunak kalabazarekin eta legatza labean txatka saltsarekin dira prestatu dituen plater berriak: «Hasieran haurrak harritu egiten ziren, baina jada ohitu dira. Oso gustura jaten dituzte plater horiek».

Produktuak, freskoak

EHIGEk ere orekaren eta kalitatearen beharra defendatu du. «Adituek esan beharko dute hala izateko menuek zein ezaugarri izan behar dituzten. Gure aldetik, egin eta eska dezakeguna gaiaren inguruko eztabaida zabal bat da». Eztabaida horretatik ikusi ahal izan dutenaren arabera, Eizagirrek uste du apustuak produktu propio eta ekologikoen aldekoa izan behar duela. Elbusto ere iritzi berekoa da. «Gure gomendioa beti izaten da sasoiko produktuak eta produktu freskoak erabiltzea. Elikaduraren ikuspegitik interesgarriagoak dira, eta erosteko orduan merkeagoak».

Montesek aurten egin nahi zuten apustua azaldu du. «Astean behin jaki ekologikoak erabiltzen hasi nahi genuen. Baina ezin izan dugu. Izan ere, zuzeneko kudeaketa izan arren, Eusko Jaurlaritzaren kontrol handia dugu, eta kalitate ziurtasun handiagoa ematen die ontziratuta dagoen jaki batek zuzenean baratzetik ekarritako batek baino». Lacalek ere beraiek inguruko produktuak erabiltzen dituztela nabarmendu du. «Gure ingurua oso aberatsa da, eta esku-eskura ditugu kalitate oneko barazkiak, fruta, haragia, arraina... Beraz, ez du zentzurik urrutira joatea horien bila edo izoztutako produktuak erabiltzea. Dena den, noizean behin beste produktu batzuk erabiltzeagatik ez da ezer gertatzen».

Horren karietara panga arrainaren gisako produktuen erabilera izan dute hizpide. Noizean behin erabiltzea ez du gaizki ikusten Lacalek. «Guk hilabetean behin-edo jartzen dugu, eta beste edozein arrainek dituen arriskuak dituela uste dugu. Aztertzen hasiz gero, arrain guztiek dituzte substantzia kutsagarriak. Baina halako produktuen inguruan dauden aurkako jarreren atzean maiz interes ekonomikoak daudela uste dugu. Askori ez baitzaie komeni atzerritik arraina ekartzea».

EHIGEk aspaldi azaldu zuen pangaren aurkako jarrera. «Arrain horrek uretan dagoen zikinkeria guztia jaten du, eta aspalditik egin genuen erretiratzeko eskaria. Beraz, Bizkaian hartu berri den erabakia pozik hartu dugu», dio Eizagirrek.

Elikatzeko ohiturak

Laurek gaur egun elikadura hartzen ari den garrantzia nabarmendu dute, eta, horren karietara, Elbusto kezkaturik azaldu da orain nagusitzen ari diren ohiturekin. «Gauzak ez dira guk nahi genukeen bezain ondo egiten ari». Gosaria jarri du horren adibide. «Haur batzuek ez dute ezta gosaltzen ere. Egiten dituzten hamaiketakoak ere ez dira egokienak. Opil eta galleta gehiegi ikusten dira jolastokietan». Askaria egiteko ohitura galtzen ari dela ikusten ari dira. «Ziur nago etorkizunean askaria sustatzeko kanpainak egin beharko ditugula. Gero eta ohitura gutxiago dago ogitartekoa jateko, eta haur askori gurasoek dirua ematen diete gozo dendan askaria erosteko». Hori guztia kontuan hartuta, arduraz jokatzeko eskatu die gurasoei:«Ez du ezertarako balio nahi edo eskatzen dutena emateak». Gaur egungo krisi ekonomikoak lehengo elikadura ohituretara itzultzea ekarriko duela uste du Lacalek. «Ohitura horiek oraingoak baino osasungarriagoak ziren. Hori izango da krisiak ekar ditzakeen gauza on bakarrenetakoa».

Elbustok nabarmendu du, gainera, gurasoak gero eta gehiago jabetzen direla gizentasun arazo bat egonez gero konpondu egin behar dela. «Gizentasuna, gainera, izozmendiaren lehen punta baino ez da. Horren azpian elikadura txarra eta bizi ohitura sedentarioak daude. Hori denboran luzatzen bada, gizentasunaz gain, beste osasun arazo batzuk izan ditzake haurrak. Zahartzarora iritsi gabe azalduko dira, gainera.Montesek ere kezka hori azaldu du. «Haurren etorkizuneko osasuna elikaduraren baitan dago neurri handi batean. Ezin da hori ahaztu».



Zenbakia

%14

Haurren gizenen kasuek EAEn izandako igoera. Pediatren arabera, azken hemezortzi urteetan %14 ugaritu dira gizentasun kasuak EAEko haurretan. Elikadura txarra eta sendentarismoa dira horren arrazoia.





Usurbilgo haur eskolan urteak daramatzate haurrei jaki ekologikoak ematen. Gurasoak, haurrak eta arduradunak «oso pozik» daude horrekin.

Kudeaketa zuzena, eta, gainera, jaki ekologikoekin

A.Arratibel. Donostia

Gure proiektuaren zutabeetako bat da, eta etorkizunean elikadura mota honi eusteko asmo sendoa dugu». Usurbilgo (Gipuzkoa) haur eskolako sukaldari Amaia Ullatek hala definitu du Usurbilgo haur eskolak janari ekologikoaren alde egin duen apustua. Menuak osatzeko erabiltzen dituzten produktuak ekologikoak dira, baita txokolate krema gisako produktuak ere. «Haurrek, gainera, primeran jaten dute. Txikitatik ohituta, ez dago arazorik».

2001. urtean zabaldu zuten Usurbilgo haur eskola, eta gerora hasi ziren haurrei janari ekologikoa ematen. «Niri hasieran arraroa egin zitzaidan produktu hauek erabiltzea. Baina, egia esan, luxu bat da. Usainean eta zaporean jada antzematen zaie kalitate handiko produktuak direla», dio Ullatek. «Lasaitasuna» ere ematen dio produktu ekologikoekin lan egiteak. «Haurren janaria prestatzea ardura handia da, etalasaitasun handia ematen du erabiltzen ditugun produktuak modu naturalean ekoitzi dituztela jakiteak». Gurasoak ere «oso pozik» daude elikadura mota horrekin. «Orain hiru urte ikastolak hartu zuen haur eskolaren ardura, baina han catering-a dute. Hala, hemendik joaten direnean, guraso askok esaten digute ea zergatik han ere ez den ekologikoa ematen». Badira egiten dituzten plateren errezetak eskatzen dizkieten gurasoak ere: «Gelatinarekin, adibidez, maiz gertatzen zaigu. Izan ere, ez da supermerkatuetan saltzen duten modukoa. Guk geuk egiten dugu, eta haurrei asko gustatzen zaie. Fruta jaten ikas dezaten beste modu bat da gelatina».

110 menu inguru ematen dituzte egunean, eta, alde horretatik, eskari handiak egin behar izaten dituzte. «Lasarte-Oriako Manttangorrin erosten ditugu produktu gehienak, eta hasieran gehiegi izan zen haientzat. Baina gaur egun ez dugu arazorik. Gainera, haur eskolako bi guraso ere nekazaritza ekologikoan aritzen dira, eta haiei ere egiten diegu eskaria». Askotan esan izan da produktu ekologikoak garestiagoak direla. «Gure kasuan gurasoek hilabetean 10 euro gehiago ordaindu behar dituzte, baina menuek duten kalitatea ikusita, nik ustemerezi duela».

Osasuna helburu

Baina, jaki ekologikoak erabiltzeaz gain, menuak zehazteko orduan beste hainbat irizpide ere ezarri dituzte. Adibidez, pixkanaka murriztu egin dute haurrei ematen dieten esneki kopurua. «Esnekiek mukiak sortzen dituzte, eta txikiekin beti izaten dira arazoak. Horren ordez, arrozaren esnea erabiltzen dugu, eta behiarena erabiliz gero, ekologikoa izaten da». Haragia, berriz, oilaskoa ematen diete soilik. Jogurt naturalak ere, gehienetan, azukrerik gabe ematen dizkiete. «Batzuei arraroa egingo zaie, baina ahosabaia txikitan ohitzen da, eta hasieratik hala egiten bada, ez dago arazorik». Pasta integrala eta laboreak ere ematen dizkiete.

Helburua haurrak osasuntsu haztea da. «Hemen, adibidez, ez dago gizentasun arazorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.