BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria eta kontseilari ordezkaria

Beatriz Zabalondo eta Iban Arregi: «Inoiz baino komunitate handiagoa dauka euskarazko egunkariak»

Zabalondo eta Arregi beti egon dira konprometituta etxearekin, eta, gainera, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluan ardura handiak hartuta aritu dira 2013tik. Larunbatean akziodunen batzarra izango da, eta hantxe bukatuko dute beren zikloa.

Beatriz Zabalondo eta Iban Arregi BERRIAko erredakzio nagusiko harreran, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abiaburuak batzen ditu. Euskaldunon Egunkariaren hastapenetan, 1990ean, han zen Beatriz Zabalondo (Elgeta, Gipuzkoa, 1961); hantxe egin zuen ibilbide profesionalaren parte handi bat, zuzentzaile. Etxe hartan hasi zen Iban Arregi ere (Azpeitia, Gipuzkoa, 1975), bekadun, kazetaritza ikasketak bukatu berri, 1990eko hamarraldiaren hondarrean. 2013tik hona, ardurak batu ditu biak: konpromisoak. Ordurako, jatorrizko etxea bortxaz itxia zen, BERRIAk irmo hartua zuen euskarazko egunkari isilaraziaren lekukoa, eta abaro haren bihotzean lehen-lehen lerroko erantzukizuna hartu zuten biek: BERRIA Taldearen administrazio kontseiluko kontseilari ordezkaria izan da Arregi; lehendakaria Zabalondo. Joanmari Larrartek utzitako postua hartu zuen Arregik; Joxean Lizarribarren tokian jarri zen Zabalondo, Lizarribar zendu berria zela. Eta, orain, batera bukatuko dute ziklo hori; akziodunen batzarra egingo da larunbat honetan, eta biek utziko dute kargua. Jori aritu dira solasean, konplize: «Ematen du ados jarri garela erantzunetan».

Euskaldunon Egunkaria gizarte zibilaren arrakasta izan zela idatzi zuen Joan Mari Torrealdaik. Hain justu ere, haren inguruan ardaztutako komunitate sendo batek eman zion bide egunkari hari, orain dela hiru hamarraldi baino gehiago. Komunitate haren ordezkari izan zarete zuek urteotan BERRIA Taldeko administrazio kontseiluan. Zer ikusi duzue talaia horretatik? Gizartea izugarri aldatu da hiru hamarraldiotan: zer-nolakoa da gaur egun egitasmoaren inguruan ardaztutako gizarte zibila?

Iban Arregi: Gizartea asko aldatu da, eta esango nuke, gainera, hizkuntza gutxituentzat —kasu honetan euskararentzat— kontrako haizea datorrela. Datozen aldaketa demografikoak, soziokulturalak, teknologikoak, kontsumo ohiturak... dena dugu kontra, eta hori ez onartuta gaizki ariko ginateke. Baina Torrealdaik arrazoi zuen hori esan zuenean; Egunkaria euskararen eta euskalgintzaren tresna kohesionatzaile moduan definitzen zuen, eta nik uste dut BERRIAk funtzio hori betetzen duela oraindik ere, eta, alde horretatik, uste dut nahiko ondo gaudela komunitatearen ikuspegitik: inoiz baino komunitate handiagoa dauka euskarazko egunkariak, inoiz baino irakurle eta BERRIAlagun gehiago.

Zabalondo: Erabat ados nago Ibanekin. Nik uste dut Joan Mari Torrealdaik hori esan zuenean gogoan zuela gizarte militanteago bat ginela ere; militantzia hori galdu ez dakit egin den, baina apaldu bai. Hor erronka handi bat daukagu, gizartea asko aldatu da-eta soziologikoki eta demografikoki. Badago beste faktore bat ere: gure egunkari hau trinkotzailea da, baina erronka handi bat daukagu kanpotik datozen etorkin horiek guztiak gurera ekartzen: euskarara ekartzen. Horrek kezkatxo bat sortzen dit. Nola egin dezakegu hori?

«Datozen aldaketa demografikoak, soziokulturalak, teknologikoak, kontsumo ohiturak... dena dugu kontra, eta hori ez onartuta gaizki ariko ginatek»

IBAN ARREGIBERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kontseilari ordezkaria
Euskalgintzan, oro har, nahiko kezka zabaldua da hori.

Zabalondo: Hain zuzen ere, euskalgintzan edo herrigintzan dena dago egiteko: beti dago egiteko, ez zaigu bukatzen lana. Baina masa bat inguratu behar dugu, eta gurekin bat egin behar du. Hor dago erronka, nire ustez.

Eta nola ekarri gazteen ekarpena eta begirada komunitate honetara?

Arregi: Gazteei begira daukagun aurrenengo erronka transmisioa da, bai herri moduan eta bai BERRIA moduan, eta ez dakit ondo asmatzen ari garen. Azkenean, BERRIA ez da kapritxo bat: eginkizun bat daukagu, misio bat, helburu batzuk, eta Egunkaria horretarako sortu zen bere garaian. Misioa kazetaritzari lotuta dago, euskarari lotuta, normalizazioari lotuta, baina baita aktibazio sozialari eta gizartearen eraldaketa positiboei ere, eta ez dakit transmisio horretan asmatzen dugun. Baina zera ere esango nuke: gazteak entzun egin behar ditugu, entzun eta ulertu.

Zabalondo: Entzun egin behar zaie: zer diren, zer nahi duten. Hortik etorriko da etorkizuna: gazteengandik. Ea zer eskaintzen diegun eta zer uzten diegun egiten. Batzuetan ikusten dut ez diegula uzten nahi adina egiten.

Arregi: BERRIAri dagokionez, ikusten ari gara asmatzen bada gazteak etortzen direla; zaintzen baditugu, etortzen dira proiektura, lanera. Eta etortzen dira irakurle moduan, eta komunitatera ere bai: emaitzek hori erakusten dute. Gu azkenaldian egiten ari garen BERRIAlagunen portzentaje handi bat gazteei dagokie.

Zabalondo: Nik, esate baterako, etxean lanean ari diren gazteak oso engaiatuak ikusten ditut, eta oso trinko proiektua aurrera eramateko ere. Utzi egin behar zaie.

«Etxean lanean ari diren gazteak oso engaiatuak ikusten ditut, eta oso trinko proiektua aurrera eramateko ere. Utzi egin behar zaie»

BEATRIZ ZABALONDOBERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria
Adimen artifizialak dena aldaraziko duela ematen duen honetan, albiste faltsuen gaineko kezka gori-gori dela, zer-nola ikusten duzue hedabidearen martxa bera?

Arregi: Gauza kuriosoa gertatzen ari da. Ia-ia inoiz aitortu zaion garrantzirik handiena ematen zaio gaur kazetaritzari, hedabideei. Baina inoiz baino okerrago gaude ekonomikoki eta negozio aldetik. Guk sekula ez dugu dirua egin, baina negozio honetan izan dira dirutza egin duten enpresak. Dirutzak. Eta, gaur egun, haiek ere arazoak dauzkate. Hor dago dilema hori. Sektoreak arazoak ditu bideragarritasun aldetik, eta zer esanik ez hizkuntza gutxitu batean.

Zabalondo: Gure eginkizuna kazetaritza da, euskarazko kazetaritza, eta adimen artifizialak lagunduko digu lan batzuk errazten, baina jakin behar da errazteko dela, ez kazetaritza edo kazetariak ordezkatzeko. Konpromiso hori izan behar dugu euskal komunitatearekin: benetako balioetan oinarritutako kazetaritza egitea, eta horrek egingo die aurre albiste faltsuei, gezurrei, eta zoritxarrez kazetaritza inguratzen duen beste horri guztiari.

Erredakzioko zuzendaritza aldatu egin zen 2023an, eta digitalizaziorako bidean ere egin dira urratsak urteotan. Bide onean ikusten duzue BERRIA hemen diren erronka handiei erantzuteko?

Zabalondo: Kazetaritza beti, hastapenetatik, aldatuz joan da teknologikoki. Nik uste dut egin beharreko urratsa zela. Zorionez, egin da, kostata, baina egin da, eta hori ibilbide natural baten barruan zetorren.

Arregi: Aldaketak egin aurretik baino hobeto gaude: nabarmena da. Hori etxe barruan ikusten dugu, eta, gure komunitateari galdetu diogunean ere, horrela esan digu. Hobeto gaude esperientzia digitalaren ikuspegitik, antolaketa aldetik, eta lantaldearen zaintzaren eta baldintzen aldetik ere bai.

«Konpromiso hori izan behar dugu euskal komunitatearekin: benetako balioetan oinarritutako kazetaritza egitea eta horrek egingo die aurre albiste faltsuei, gezurrei»

BEATRIZ ZABALONDOBERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria
Honek guztiak orain dela 30 urte baino gehiago izan zuen abiaburua. BERRIA zergatik da beharrezkoa oraindik?

Arregi: Lehen Torrealdai aipatu duzu. Uste dut hari irakurri edo entzun izan diodala Egunkaria-k zerbait ekarri bazuen euskal prentsa normalizatu izana ekarri zuela. Gaurko ikuspegitik begiratuta ere, edozein herrik, edozein hizkuntza gutxituk behar du sistema propio bat. Egunkari bat izatea oraindik ere behar-beharrezkoa da sistema propio horretan, eta BERRIAk lehen aipatu dugun tresna kohesionatzaile hori eskaintzen du: plaza bat euskaldunentzat eta euskalgintzarentzat, baita transmisiorako plaza bat ere euskal kultur sortzaileentzat, eta egunero euskaraz bizitzeko aukera. Orduan ezinbestekoa zen, eta gaur egun ere hala da oraindik.

Zabalondo: Eta ez da komunitateari informazioa eskaintzeko gai delako bakarrik; heziketa bat ere eskaintzen du: euskara zer den, euskal kultura zer den, euskal komunitatea zer den. 

«Aukera izan dugu zentzuzko politika publiko batzuk mahai gainean jartzeko, lan asko eginda Hekimen euskal hedabideen sektoretik eta administrazioaren aldetik»

IBAN ARREGI
BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kontseilari ordezkaria
Instituzioekin izandako harremanak ez dira errazak izan ardura postuetan egin dituzuen urteotan. Izan dira gorabeherak. Zer gogoeta egiten duzue arlo horretan egindako bideaz?

Arregi: Ardura hau hartu genuenean, harremanak ez zeuden bere onenean. Hori horrela da. Nik, hamabi urteren ondoren, bi hitz aipatuko nituzke: ardura konpartitua. Hasiera-hasieratik transmititu nahi izan dugu hau ez dela gure kontua, ez dela gure kontua bakarrik. Gai hau ardura konpartituaren ikuspegitik tratatu behar da, eta hamabi urte geroago, jakina, baditugu gure desberdintasunak, ez gaude ados kopuruetan, ezta politika batzuetan ere, baina gutxienez sentitzen dugu, edo nik behintzat sentitzen dut, aitortza bat egon dela: badago elkarri aitortza egiteko giro bat. Eta aukera izan dugu zentzuzko politika publiko batzuk mahai gainean jartzeko, lan asko eginda Hekimen euskal hedabideen sektoretik eta administrazioaren aldetik. Alde horretatik, nik uste dut aurrerapauso handia egin dela, nahiz eta administrazioari —gure kasuan Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta EEP Euskararen Erakunde Publikoari— eskatu behar zaion laguntzen ez ezik motor gisa bidea irekitzen ere aritzea komunikazio sistema sano eta euskaldun bat izateko etorkizunean ere.

Zabalondo: Erakundeen babesa behar dugu; oso zaila da geure baliabideekin bakarrik aurrera egitea, eta horretan ere saiatu gara: ez daukagu lotsarik hori esateko. Baina nik gehituko nuke ardura konpartitu horretan erakundeek jakin behar dutela kazetaritza ekosistema zenbat eta sanoagoa eduki orduan eta hobeto dela haientzat ere, hau gizarte guztiarentzat dela; Ibanek esan duen moduan, ez da gure kapritxoa. Hedabideak izatea gizartearen onurarako da, eta ekosistema hori zenbat eta hobeto egon, zenbat eta hobeto zaindu, orduan eta onura handiagoa denontzat.

«Hedabideak izatea gizartearen onurarako da, eta ekosistema hori zenbat eta hobeto egon, zenbat eta hobeto zaindu, orduan eta onura handiagoa denontzat»

BEATRIZ ZABALONDOBERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria
2019tik hona Eusko Jaurlaritzarekin itun bidezko sistema bat ezartzea lortu da. Hori izan da lorpenik esanguratsuena egonkortasunerako bidean?

Arregi: Jaurlaritzarekin azken urteotan lortu dugun itun hori ezinbestekoa zen. Lehengo politika publikoen eta diru laguntzen sistemak zentzu handirik gabeak ziren, gure ustez, eta itun horrek bestelako egonkortasun bat eman du.

«Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta EEPri eskatu behar zaie laguntzen ez ezik motor gisa bidea irekitzen ere aritzea»

IBAN ARREGIBERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kontseilari ordezkaria
Asteburuan jakinaraziko da nor diren zuen ordezkoak. Gomendiorik bai haientzat?

Zabalondo: Zaila da inori gomendioak ematea. Nik pare bat gauza bakarrik: ilusioz beteta etor daitezela, eta BERRIAren alde pentsatuz egin dezatela. Hori da dena. Bidea jarrita dago, baina beren bidea ere topatuko dute.

Arregi: Ez dut uste gomendiorik behar dutenik, ondo zaildutako jendea da eta, bai profesionalki eta bai militantzia ikuspegitik ere. Proiektua ondo ezagutzen duen jendea da, gaitasun handikoa. Behin eskatuta, nik esango nieke ikuspegi estrategikoa izateko —BERRIA buruan edukita—, eta pazientzia ere bai: hau oso gorabeheratsua da.

Agurra hemen da: zer sentimendu ari zaizkizue loratzen?

Arregi: Ni lasai nago. Aldaketa planifikatua izan da, eta esku onetan utziko dugu lana: horretan ez dago inolako zalantzarik.

Zabalondo: Niri gure aurrekoak datozkit burura denbora guztian: gure aurrekoek zer egin zuten, guretzat zer laga zuten. Ez zuten alferrik egin. Eta, nire aldetik, hainbeste jenderi eman nahi dizkiot eskerrak... Urteotan administrazio kontseiluan egon den jendeari, irakurleei, bekadunei, kazetari gazteei, 30 urtean kazetaritzan ari direnei, eta etxean orokorrean lanean ari direnei, iragarkiak jarri dituztenei, erakundeei... Eskerrik asko guri aukera bat emateagatik eta, batez ere, BERRIAk aurrera jarraitzeko aukera eskaintzeagatik: zailtasunak zailtasun eta gorabeherak gorabehera, aurrera egin dugu. Horiek dira nire sentimendu nabermenenak. Behin lelo hau erabili genuen: Denok gara BERRIA, denok gara herria. Hori izan behar dugu gogoan.

 

Batzarrera iristeko argibideak

Larunbat honetan egingo da BERRIA Taldearen akziodunen batzarra,  10:00etan hasita. 2024ko kontuak eta 2025eko egitasmoa aurkeztuko dira, besteak beste. Andoaingo Ziako errekaren saneamendu eta ubideratze lanen ondorioz Martin Ugalde kultur parkeko sarrera nagusia itxita dago ibilgailuentzat. Andoaindik kultur parkera doan errepidea itxita dago. Urnietatik datorren errepidea hartu behar da eta parkera iritsi baino 200 metro lehenago eskuinera dagoen bidea hartu. Kartel bat dago horren abisua emateko. Martin Ugalde kultur parkera atzeko bidetik sartu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.