Zer hizkuntza nahi duten erabiltzaile berriei galdetuko die Osakidetzak

Datu base bat osatu ez arren, nahi duten erabiltzaileek lehentasunak zehaztea izango dute osasun sistemako datu pertsonaletanOsakidetzak «zirkuitu elebidunak» sortu nahi ditu, oinarrizko arretatik ospitaleetara

Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Osakidetzak hizkuntz lehentasunei buruz galdetuko die erabiltzaile berriei. Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko bigarren Planaren zirriborroak erabiltzaile guztien hizkuntz lehentasunen erregistro bat proposatu zuen. Jasotako kritiken ondorioz, erregistro horri uko egin zion Osasun Sailak behin betiko plana onartzean, Darpon sailburuak «legezkoa» zela berretsi zuen arren. Dena den, datu base zehatza aipatu ez arren, Osakidetzak datu horiek bilduko ditu.

Jon Darpon Osasun sailburuak eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak aipatu planaren ildo nagusien berri eman zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Hizkuntz lehentasunei buruzko azalpenak eman zituzten. «Erabiltzaile berriei galdetzen hasiko gara, baina hasten garen unetik aurrera gure ateak irekita egongo dira guztientzat», azaldu du Etxeberriak.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko bigarren planak bi ildo zehaztu ditu. Alde batetik, ekainerako prest izango dute erabiltzaile berrien izenak hartzeko prozedura, eta, bertan, hizkuntz lehentasunari buruz galdetuko zaie. Bestetik, lehen arretako zerbitzuetan horri buruz galdetuko diete erabiltzaileei, eta datu pertsonalen atalean gordeko dute. Bi kasuetan erabiltzaileak oniritzia eman beharko du.

EAEko osasun publikoaren erabiltzaileen hizkuntz lehentasunak biltzeko asmoak legebiltzar taldeen kritikak jaso ditu. EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak baliagarritzat jo du erabiltzaileei hizkuntzari buruz galdetzea. Ordea, kritikatu du planak galdeketa hori helburu bezala planteatzen duela, ez erabilera bermatu edo sustatzeko neurriak abiarazteko mugarri bezala.

Bestetik, PPko legebiltzarkide Laura Garridok gatazkarik ez zegoen lekuan «arazoak» sortzea egotzi dio Osasun Sailari. «Euskara lehenetsi nahi duzue zuen hizkuntza politika inposatzaileak porrot egin duelako».

Zirkuitu elebidunak

Lehentasunak zehazteko irizpideak Osakidetzaren kanpoko harremanen alorrean bildu ditu planak. Harreman horien artean ere erabiltzaileei «zirkuitu elebidunak» eskaintzeko aukera zehazten du. Osakidetzako eremu guztietan profesionalak eta zerbitzuak aztertuko dituzte zirkuitu horiek zehazteko, eta horien bidez oinarrizko arretatik ospitaleetako arretara arte zerbitzu elebiduna eskaini ahal izateko. Ordea, zirkuituetatik kanpo planaren helburuak mantenduko dira.

Planak bost lan ildo nagusi zehatu ditu. Kanpo harremanez gain barrukoa ere landu du. Planak, erabiltzaileekin gertatu bezala, profesionalei aukera emango die hizkuntz lehentasuna zehazteko datu pertsonaletan. Osakidetzak langileei bermatu beharko die izapideak hizkuntzaren horretan egiten dituela.

Baliabide informatikoei dagokienez, Etxeberriak azaldu du Osabide Globala eta Osanaia programak euskaraz erabiltzeko moduan daudela jadanik. Dena den, historia klinikoa euskaraz izateak «bide zaila» duela zehaztu du. Hainbat sendagilek eskatu dute hori, eta horretan lan egiten ari direla azaldu du. «Ez da bakarrik aplikazioa, baizik eta nola betetzen den ere bai; batzorde batzuk lanean ari dira horretan».

Irudia eta komunikaziori dagokionez, planak zehaztu du Osakidetzako erakundeen aldizkarietan euskararen presentzia tokiko elebidunen kopuruarena izango dela, gutxienez. Hizkuntza kudeaketa ardatzean, planak lehenesten du Osakidetzako erakunde bakoitzeko tarteko arduradunen eta zuzendaritzaren arteko lankidetza eta koordinazio lana. Horrez gain, euskara kalitate aldagaien barruan txertatuko dute kontratu programetan.

Azkenik, hizkuntza eskakizunak zehaztu dituzte, baita derrigortasun datak ere. Osakidetzak zenbait zerbitzu lehenetsi nahi ditu euskalduntzea lortzeko bidean: lehen arreta, larrialdiak, etxeko ospitaleratzea edota haurrekin eta edadetuekin lan egiten duten eremuak.

«Lidergo falta»

Rebeka Uberak «egoerak eskatzen duen lidergo falta» egotzi dio Darponi. «Helburuak bete ditzan, bitartekoak falta zaizkio planari: kronograma eta baliabideak, bai ekonomikoak bai giza baliabideak». Planak dituen hutsuneak betetzeko, Uberak zenbait proposamen egin dizkio Osakidetzari. Lehenik, baliabideak bideratzeko eskatu dio. Bestetik, plana garatzeko batzordeak eta zerbitzu teknikoak osatzeko. Azkenik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitate Uemako udalerrietan langile guztiak euskaldunak izateko eskatu dio.

Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkideak nabarmendu du euskara baloratzeko irizpideak eztabaidatzeko beharra dagoela. «Legegintzaldi hau garrantzitsua izango da hizkuntza eskakizunen eredua aztertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.