Nimeseko (Okzitania) atxikitze zentrotik lekukotasuna eman nahi izan dio Kadiri E.k BERRIAri, nahi baitu jendeak «egia» jakin dezan. Haren egia, gutxienez;Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan gakoturik 30 egun pasatu dituen gizon gazte batena, alegia; iragan irailaren 19an gertatu zen sutea lehen minututik bizi izan duenaren egia.
Sutea gertakari kate luze baten ondoriotzat jo du Kadiri E.-k. «Sutea gertatu aitzin, gutxi gorabehera hogei pertsona ginen atxikitze zentroan. Arazoa da leku horretan jende diferentea elkarrekin gakotzen dutela, eta horrek tentsioak sortzen dituela. Ni han nintzelarik, bi preso beren buruaz beste egiten saiatu ziren. Traumatizatu nau zentro horrek. Gainera, sutea gertatu zen astean, borroka bat ere izan zen; gizon bat zauriturik erietxera eraman behar izan zuten. Higiene mailan, higuingarria da, dena zikina da. Baldintza horiek guztiek eraman dute katastrofe bat gertatzera. Gizon batek bere zeldako matalazari su eman zion». Berehala, ziega kideak abisatu zituen, kearen beldur. Egun horretan, ordea, alarmak ez zuen jo. «[Frantziako] Polizia ez zen berehala ohartu, eta guhaurrek abisatu behar izan genituen. Minimoarekin etorri ziren: su-itzalgailu bakarrarekin, ezin izan zuten ezer egin. Guk atera behar izan genuen zeldaren barnean zen presoa, gutako bat sartu zen sua zen gelara, eta indarrez atera barnekoa. Bera ere traumatizatua zen, eta zauritua».
Sutea izan ondotik, Frantziako Poliziak Espainiako Poliziaren laguntza eskatu zuela esplikatu du. Handik gutxira, atxikitze zentroaren gainaldeko Polizia Etxera eraman zituzten atxikitakoak. «Atxiloaldietako ziegetara eraman gintuzten, eta han izan gintuzten 21:00etatik 04:30era. Zelda bakoitzean lau lagun sartu gintuzten; egoera jasanezina zen». Ondotik, bi gau pasatu zituzten atxikitze zentroan, geletatik kanpo: «Gelak ezin genituenez erabili, lurrean lo egin behar izan genuen, matalaz batzuen gainean mihiserik gabe».
Bi gau «gogor» horiek pasatu eta, epaileari askatzeko eskatu zion Kadiri E.-k, atxikitze baldintzak zirela eta. Baina ezezkoa jaso zuen, eta, berehala Nimeseko atxikitze zentrora eraman zuten, beste bederatzi lagunekin batera. «Aireko eta Mugetako Polizia etorri zen gure bila; 'Zu, zu, zu eta zu, autora' erran ziguten, eta horrela ulertu genuen lekualdatuak izan ginela. Baina normalean abisua jaso behar genuen, nire familiak ez zekien non nintzen ere».
Susmoa du lekualdatze hura zentroko atxikitze baldintzak «kukutzeko» egin zutela. Izan ere, sutearen ondorioz, ikerketa bat abiatu zuen Frantziako Poliziak, eta CIMADE elkarteak zentroko baldintzak salatu zituen. Horren harira, epaile batek zentroa bisitatu zuen. Kadiri E.-k «jukutria» salatu du. «Atxikitze zentroko baldintza errealak gorde nahi ditu [Frantziako] administrazioak. Gehienak lekualdatu gaituzte erakusteko ez garela bata bestearen gainean bizi, eta garbiketa egin dute seguruenik erakusteko segurtasun eta higiene neurriak betetzen direla. Baina hori ez da egia: hori erakutsi nahi dutena da. Egia gorde dute atxikiak izaten jarrai dezagun». Hendaian 30 egun pasatu ondotik, atxikitzea luzatu diote Kdiri E.-ri; beste 28 egun pasatu beharko ditu Nimesen. «Ez gara gaizkileak. Arazo administratibo bat dugu ez dugulako paperik, edo gure paperak ez direlako balizkoak». Eta gehitu du: «Zer eskubidez ari gara? Administrazio arazoengatik gauzkate preso».
Kadiri E. Hendaiako atxikitze zentroko preso ohia
«Zer eskubidez ari gara? Administrazio arazoengatik gauzkate preso hemen»
Hendaiako atxikitze zentroan 30 egun pasatu zituen Kadiri E.-k. Zentroan izandako sutearen ondorioz, Nimesera lekualdatu dute, eta beste 28 egun pasatuko ditu han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu