Espetxean segidan 30. urtea egitera zihoala atera zen aske Pakito Lujanbio (Hernani, Gipuzkoa, 1955), 2013ko azaroaren 14an, Parot doktrinaz Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak plazaratu zuen ebazpenagatik. 1985ean Espainiako Auzitegi Nazionalaren 54 urteko kartzela zigorra jasota, 2007ko abenduan zeukan irteerarako data ezarria—eman zioten, gainera, agiri bat horretaz—, baina Madril ordurako hasita zegoen 197/2006 doktrina ebatzi —Parot doktrina deiturikoa— eta kartzelaldiak luzatzen, eta Lujanbiok «janda» zeukan beste urte batzuez egongo zela «barruan», preso. Herrera de la Manchan (Ciudad Real, Espainia) zegoen orduan. Hala ere, iritsi zitzaionean 2007ko abenduko egun hura, espetxe funtzionario bati erakutsi zion irteera data zekarren orria, baina jakinarazi zioten ez zela aterako. 2014ko erdialdera arteko zigorra bete beharko zuen; 59 urterekin kalera, preso justu 30 urte eginda —1984ko uztailaren 15ean atxilotu zuten, Donibane Lohizunen (Lapurdi), ETArekin lotuta; lau urte zeramatzan iheslari moduan—. Azkenean, zortzi hilabete gutxiago egin zituen preso, Europaren ebazpenagatik. «Gogorra da hainbeste urtean egotea kartzelan, eta eusteko gakoak, nire ustez, eguna antolatzea eta ilusioa izatea dira. Krisialdiak guztiok izan ditugu, funtzionarioak beti saiatuko diraeuskal preso politikoak desorekatzen, eta onena da geldirik ez egotea eta gauza desberdinak egitea», esan du Lujanbiok, Andoainen (Gipuzkoa), tailerretik irten berritan.
Nahiz eta Madrilek Parot doktrinarekin hainbat euskal presori kartzelaldia luzatu zien, Lujanbiok dio sikiera bazekitela noiz aterako ziren kalera, eta ez dela hori Jakes Esnal, Frederic Haranburu eta Jon Kepa Parot Frantziako Estatuan dauden euskal presoen kasua, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zielako Parisek. «Baldintzapean aske irteteko eskatzen ari diren arren, ezezkoak jaso dituzte, eta ez dakite ezer zehatzik euren geroaz». Datorren apirilean 30 urte egingo dituzte preso. Auzi berean da Unai Parot, baina Espainian dute preso, eta, hango zigor kodeagatik, gehienez 40 urte egingo ditu kartzelan.
Elkartasuna
«Barne orekari eustearren», Lujanbiok iritzi dio garrantzitsua dela ikasketei heltzea, edo irakurketari, idazketari, kirolari, eskulanei... Hark pilotan jokatzen zuen sarri, korrika ere egiten zuen —«kartzelatik osasuntsu irtetea zen nire lehentasuna»—, eta tarteka eskulanak ere egiten zituen. «Ezin zara erori espetxeak egin nahi duen horretan. Garrantzitsua da haren jokabidearenaurrean erantzuna bateratua izatea, geure arteko elkartasuna agertzea. Eduki dugu hori euskal preso politikook, gurea talde bat izan baita historikoki».
Oroitu du beste bi kiderena eta berea izan zirela Frantziako Estatuak Espainiakora egindako aurreneko estradizioak —1984ko irailean—. Hasieran, Carabanchelen sartu zuten, espetxeko erietxean, Frantzian gose greba egina baitzuen. Egun batzuetara, handik Alcala-Mecora, eta han zela egin zioten epaiketa, Madrilen. 1985etik 1987ra Herrera de la Manchan eduki zuten,1987-1989an Almerian egon zen, 1989-1992an Puerto II-n, 1992an Cartagenan, 1993an Navalcarneron, eta 1994an atzera berriz ere Herrera de la Manchara. «Hasten zara pentsatzen zergatik zauden berriro bertan, susmatzen duzu zerbait, baina azkenean ohartzen zara Madrilek esan nahi dizuna zera dela: batean edo bestean egon, bere esku zaudela. Tira, berriz ere aurre egin behar egoerari». Herrera de la Manchan egon zen libre geratu zen arte. Haren hango lehen aroan 200 eta piko euskal preso zeuden han, ia-ia haiek baino ez ziren espetxean zeuden presoak; bigarrengoan, hogei inguru. «Indar eta babes handia izatetik, preso sozialekin bizitzen ikastera pasatu ginen».
Kartzelan sartu zutenean, Lujanbiok ez zuen «berehala» pentsatzen lau bat urte baino gehiago pasatuko zituenik preso. «Lehenago aterako ginela uste genuen, borrokaren bidez lortuko zelakoan konponketa bat. Gainera, 1987an hasi zen Aljerko elkarrizketarena mugitzen zerbait, eta 1989an ofizialki hasi ziren hizketan ETA eta Madril. Baina hura hautsi egin zen, urte berean». Lizarra-Garazi (1998-1999) eta 2005-2007ko prozesua ere bai, eta 2011-2013an PPren gobernua ez zen azaldu Osloko mahaira. «Hasi nintzenean ikusten 1977ko Amnistiaren Legearen ondoren kartzelan sartu zituzten kide batzuk 15 urte, 20 urte betetzen zihoazela preso, ondorioztatu nuen neu ere egon nintekeela horrenbeste urtean. Baina aurrera egin beharra zegoen». Bazen«beste eragozpen bat», kontatzen duenez: elkarrizketa prozesu oro hautsi aldiro, espetxe sistemak gogortu egiten zuen funtzionamendua euskal presoekiko.
Ametsak eginez
2006an Parot doktrinaren aplikazioa hasi zen, gainera, PSOEren gobernuak sustatuta. «Presoak senideengan pentsatzen du, eta senideek presoarengan», azaldu du. «Okerragoa da preso egotea bisitara joatea baino, baina borroka batean sartzean guk bagenekien ondorio batzuk pairatu ahal genituela. Onartu genuen hori. Baina senideek? Haiek ez diraborrokako parte, auzi honekin topatu egin dira, eta sufritu egiten dute. Kartzelan dagoenak kanpokoengan pentsatzen du: bisitako joan-etorrian, eguraldian, dirutzan, gurasoen osasunean…».
Lujanbiok dio «amets» egitea zuela ihesbide bat, adinean aurrera eta aurrera joan arren; amets, libre izandakoan egingo zituen mendi ibilaldiekin, zeuzkan asmoekin... «Baliagarria da amets egitea, ilusio bat izatea». Bazuen «berme bat»: irteten zuenean ez zeukan etxebizitza arazorik. «Eta beti pentsatzen nuen ezagunen batek aurkituko zidala lanen bat, eta topatu nuen, Harrera elkarteari esker. Baina aitortu behar da adin bateko presoen artean izaten da kezkarik eta antsietaterik bizimodu berriari aurre egiteko».
Frantziakoan bezala, Espainiako Estatuan badira aurki 30 urte egingo dituztenak euskal presoak. Lujanbio: «Izugarria da estatuen mendeku gosea».
Zer den kartzelan 30 urtean egotea
Pakito Lujanbio hernaniarrak 29 urte pasa egin zituen preso, beti urrun, eta sei urtez luzatu zioten kartzelaldia. Garrantzitsua iruditzen zaio «barne orekari eustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu