Koronabirusa. Nahia Idoiaga. Psikologoa

«Zer dakarren sentsazionalismoak? Beldurra eta haserrea»

BERRIA.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Psikologoa da Nahia Idoiaga (Bilbo, 1985), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Doktore tesia egin zuen epidemiekin lotutako berriak hedabideetan lantzeko dauden moduen inguruan. Adi-adi erreparatzen die koronabirusaren ingurukoei ere.

Gai horiek lantzeko zein eredu daude, oro har, hedabideetan?

Normalean, esaten dutenaz harago, ematen duten ikuspuntua da garrantzitsua. Bi esparru bereizten dira. Interes humanoarekin lotuta dago bat; albiste asko izaten dira kutsatuei, hildakoei, eta, oro har, birusak izan ditzakeen ondorioei buruz: pertsona ardatz hartuta. Beste esparruaren ardatza izaten da aztertzea norena den eritasunaren zabalkundearen eta kudeaketaren erantzukizuna. Lehen esparrua asko lotzen da sentsazionalismoarekin. Eta zenbaitetan agertzen dira bi diskurtso kontrajarri; kasu honetan argi ikusi da. Bada diskurtso bat dioena koronabirusak eragindako gaitza gripearen antzekoa dela, ez dela larria; aldiz, beste batek kontatzen du, adibidez, nola ari diren eskolak-eta ixten...Normala da; gaia ulertzeko eran gatazkak dakartza horrek.

Instituzioak dira usu mezu horien sorburua. Hedabideena da gero horien errua?

Bai eta ez. Aurreko izurriteetan zer gertatu izan den aztertuta, ikusi izan da jendeak haserre bukatu duela maiz hedabideekin ere; izan ere, sentsazionalismoa egotzi izan diete, eta autoritateen diskurtsoa aurkeztea batere galbaherik gabe. Oraingoan kontraesan horien erantzuleak ez dira hedabideak, baina guk hedabideen bidez jasotzen ditugu, haiek transmititzen dizkigute, eta gatazka bat sortzen digute.

Sentsazionalismoak zer dakar?

Honelako prozesuetan sortzen dira bilauak, biktimak eta heroiak. Heroiak izaten dira normalean osasun zerbitzuetako ordezkariak; biktimak, gaixotzen direnak; bilauak, berriz, ez dira autoritateak bakarrik izaten; hedabideak ere bai, sentsazionalismoarengatik. Zer dakarren sentsazionalismoak? Beldurra eta haserrea: autoritateekiko eta hedabideekiko. Eta horrek zenbaitetan osasun izurriteekiko nekea ere badakar. Jendea nekatzen da ez gaixotasunaz bakarrik, baita horrek dakarren bonbardatzeaz ere, eta horrek ekar dezake, beldurraz gain, haserrea. Horrexek ekar dezake informazio iturri horiek ez funtzionatzea.

Hain justu, informazioa zabaltzeko ate berriak ireki dira urteotan. Hor daude sare sozialak...

Berez, sare horietako aldebikotasunak abantailak ditu, baina kontuz ibili behar da. Beste bide batzuk sortu beharko lirateke aldebikotasun hori ahalbidetzeko. Baina herriari galdetzen utzi behar zaio; izan ere, jendea jasotzen ari den mezu asko kontraesanezkoak dira: ez dira ulertzen errazak.

Beldurra eta haserrea aipatu dituzu. Zer dakarte?

Arrazionaltasuna galtzea. Beldurrak ekar dezake, adibidez, behar ez diren babes neurri batzuk hartzea: begira zer jazo den ahoa tapatzeko maskekin. Haserreak, berriz, eraman gaitzake autoritateen diskurtsoak ez sinestera, eta autoritateen jarraibideak ez betetzera, arrazoirik ez dutela pentsatuta. Hori arazo bihur daiteke. Kontuz ibili behar da. Pena ere hor dago; esanguratsua da horrelako gaixotasunetan hori ere. Ai biktima koitaduak ideia agertzen bada, haiekiko ere diskriminazio irudi batzuk sor daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.