Marga Saenz Herrero. Psikiatra

«Zer dago andreen ondoezaren atzean? Hor ez da sakontzen»

Osasun sistema barruan ari da Saenz, eta aitortu du genero ikuskerari begira medikuntza «pleistozenoan» dagoela maizegi. Sistema barruko boz kritikoa izaten saiatu zen atzo Bilbon, Opiken jardunaldi batzuetan.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Generoa, Medikalizazioa eta Osasun Mentala jardunaldia egin zuten atzo Bilbon, EHUko Opik ikerketa taldeak antolatuta. Estreinako mahaian, Emakumeen buruko osasunaren medikalizazioaren egiturazko arrazoiak ulertzen, feminismoaren erreferentziazko boz Mari Luz Estebanen ondoan, Marga Saenz Herrero psikiatrak hitz egin zuen (Madril, 1968). Sistemaren arrakalak eta gabeziak aitortu zituen, eta, hein handi batean, feminismoaren oinarrietatik aparteko begirada baten ondorioa direla deitoratu zuen. Egoki ikusi zuen kasuetan, defendatu ere egin zituen sistemaren hainbat jokatzeko modu. Buruko gaixo akutuak artatzen ditu, Osakidetzan, Gurutzetan (Barakaldon, Bizkaia).

«Pleistozenoa» aipatu duzu esateko medikuntza arautua aparte dagoela genero ikuskerari dagokionez. Hain urrun dago?

Sentitzen dut bide luzea egin behar dugula. Antropologia, soziologia edo beste diziplina batzuekin alderatuta, aldea handia da.

Psikiatra zara zu. Betaurreko more horien faltak zer-nolako eragina du zuen diziplinan?

Pertsona batengana hurbiltzen zarenean, ezin duzu haren sintomak tratatzeko eran bakarrik pentsatu; atzean, lantzeko beste gai asko daude. Emakume bat bada, esaterako, zer arazo izan ditzakeen aztertu behar duzu, zer baliabide dituen, zer hauskortasun, zer historia... Nik elikadura nahasmenduen programan dihardudanez, argiago ikusiko dut akaso, baina gorputza bestelako ondoez askoren adierazpidea da maiz; gure garuna ez dago buruan bakarrik, gure gorputzean ere badago. Eta aintzat hartu behar da artatzen ari zaren pertsonak afektuzko harremana duen bere gorputzarekin, nola tratatzen duen, zer harreman duen ingurukoekin, baduen inguruan maite duen jendea, zaintzen duena. Emakume asko oso bakarrik daude, eta bortxa ere hor dago. Nik artatzen ditudan emakumeen %25-%30ek—bada literatura ehuneko hori %40ra ere igotzen duena— indarkeria pairatu izanaren aurrekariak dituzte. Konfiantzako harreman terapeutiko bat lantzen baduzu, horretan sakontzen baduzu, aurkitu egiten duzu atzean dagoen hori dena.

Baina ez zaio behar bezain beste erreparatzen horri denari?

Sistemak ez du errazten genero perspektiba aintzat hartuta jardutea. Interesgarria litzateke, adibidez, jaiotza inguruko psikiatriaren kontsulta bat egotea; emakumeen kasuan, patologia psikiatriko asko justu hortxe agertzen dira, erditzearen buelta horretan; erditze osteko depresioak, esate baterako, ohikoak dira. Buruko eritasun larriak dituzten andreei haurdunaldian aparteko jarraipena egitea ere, adibidez, garrantzitsua litzateke. Bada, oso interesgarria litzateke, hori aintzat hartuta,emakumeei kontsulta espezifiko bat eskaintzea. Gainerakoan, beharra duten andreek zer ibili behar dute, aurrena emaginarena joaten? Gero psikiatrarengana? Ondo legoke dena elkartzea. Hori da ekitatea, hori da genero ikuskera aintzat hartzea. Halakoak buruan izan behar dituzte osasun agintariek. Izan ere, gero zera gertatzen da: bazoaz eguneko zentroetara, eguneko erietxeetara, eta andre baino gizon gehiago daude, buruko nahasmenduek, oro har, berdin eragiten badiete ere denei.

Andreei eginiko diagnostiko okerrak ere badira?

Emakumeen sintomen atzean zenbaitetan gorputza ari da zerbait adierazi nahian; ahoz azaldu ezin dugun hori esaten ari da. Baina, askotan, lehen mailako arretara oso maiz doazen andreei, gizonekin alderatuta, garrantzi gutxiago ematen zaie. Buruko eri etiketak estigma dakar; emakumea bazara, oraindik ere handiagoa, baina andre batek esaten badu nekatuta dagoela, errazago esango diote hari antsietatea duela; akaso izango du anemia ferropeniko bat, baina errazago jotzen da andreen sintoma inespezifikoak eremu psikiatrikoan sartzera.

Andre histerikoaren itzala da?

Bai. Orain inork ez dizu esango: «Histeriko bat zara». Orain esango dute: «Fibromialgiko tipikoa da». Mina duela? Ba, begiratu zer dagoen min horren atzean. Zer dago andreen ondoezaren atzean? Hor ez da sakontzen.

Usuegi ematen dira botikak?

Bai, eguneroko bizitzari aurre egin ahal izateko ematen zaizkie maiz andreei depresioaren kontrako botikak eta antsiolitikoak. Baina arazo horien atzean usu dago zaintzarekin eta ordaindu gabeko lanekin andreek duten aparteko zama; gizarte matxista hau dago atzean, ez besterik.

Jardunaldian, kritikak entzun behar izan dituzu zenbaitetan buruko eriei erietxeetan ematen zaien artaren harira; esaterako, zenbait unetan lotu-eta egiten dituzuelako. Nola hartu dituzu?

Joera inor ez lotzea da. Baina, eta norbait suizidatzeko zorian badago? Bere buruaren kontra kolpeka ari bada? Zenbaitetan pazienteek eskatu ere egin izan didate haien buruari eusteko, lotzeko, eta haiekin hitzartuta egin dut. Ederra litzateke ez eritasunik egotea; baina badira eritasun larriak, adibidez, une jakin batean zure buruaz beste egitera bultzatzen zaituztenak. Guk prebenitu egin behar ditugu halakoak. Kostatu egin zait hori azaltzea; uste dut ez dela ongi ulertu.

Baina ez duzu uste pazienteen autonomia indartu behar dela?

Zalantzarik gabe, ahaldundu egin behar dira pazienteak, sustatu egin behar da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.