Igande honetan, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du alarma egoera. Frantziako Gobernuak astelehenean abiatu zuen arintze fasea. Hau da gaur egun egoera Euskal Herrian.
JOAN-ETORRIAK
Hegoaldean, libre.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ezin du itxiera perimetralik ezarri, ez udalerrietan, ez herrialdeetan, ezta autonomia erkidegoan ere. Nafarroako Gobernuak ere esana du herrialdeko perimetroa altxatuko duela igandetik aurrera. Hortaz, Hego Euskal Herrian zehar ibiltzea libre izanen da, urritik lehen aldiz.
Iparralde eta Hegoalde artean.
Hego Euskal Herritik Lapurdira, Nafarroa Beherera edo Zuberoara joan ahal izateko ezinbestekoa da PCR negatiboa. Kontrako noranzkoan, Iparraldetik Hegoaldera joateko, funtsezko arrazoiengatik baizik ezin da muga zeharkatu, eta horietan ere beharrezkoa da PCRa, mugatik 30 kilometroko tartean bizi ez direnentzat salbu.
Departamendu barruan soilik.
Frantziako Gobernuak hamar kilometroko tartean ibiltzeko debekua kendu du, eta, ondorioz, eskualde bereko departamenduetan ibiltzeko eskubidea dute Ipar Euskal Herriko herritarrek.
BILERAK
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.
Lau lagun baino gehiagoko bilerak debekatu nahi zituen Eusko Jaurlaritzak, intzidentzia tasa 200 kasutik gorakoa zenerako, baina Auzitegi Nagusiak ez du legezko ikusten hori mugatzea.
Nafarroa.
Orain arte, bizikide ez zirenak ezin ziren etxe barruan elkartu. Igandetik aurrera, ordea, neurri hori malgutu du Nafarroako Gobernuak: bi bizikidetza unitateko kideak elkartu ahalko dira, sei lagun edo gutxiago badira.
ETXERATZE AGINDUA
Jaurlaritzarena, bertan behera.
Eusko Jaurlaritzak 22:00 eta 06:00 arteko etxeratze agindua ezarria zuen, baina Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du.
Nafarroan, oraingoz, aurrera.
Nafarroako Gobernuak ez du etxeratze agindua bertan behera utzi, eta alarma egoeraren osteko bide orrian ere sartua dago. Hala ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren esku egonen da hori baimendu ala ez. Ebazpena ez da asteartea baino lehen iritsiko, eta, ordura arte, indarrean izanen da.
Iparraldean, ekainera arte.
Etxeratze agindua indarrean da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: 19:00etan hasita. Ekain bukaerarako kendu nahi dute.
OSTALARITZA
Ostatuak, 22:00ak arte zabalik.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostalaritzak aukera izanen du 22:00ak arte zabaltzeko; orain arte baino bi ordu gehiagoz.
Txibiteren bide orria.
Nafarroako Gobernuak malgutu egin ditu ostalaritzari ezarritako murrizketak, baina neurrien arintze hori «mailakatua» izanen dela ohartarazi du. Hala, ostatuen barnealdea itxita egonen da datozen asteetan, orain arte bezala, baina terrazen ordutegia zabalduko dute, 22:00ak arte. Maiatzaren 17an, berriz, baimendu eginen da barnealdeko mahaietan kontsumitzea, 12:00ak arte –barran ez–, eta aukera emanen diete ostalariei bazkariak eta afariak emateko, bezeroek «ardura adierazpen bat» eta «fitxa tekniko bat» bete beharko dituzte, COVID-19 kasuren bat atzemango balitz kutsatze kateak garaiz eteteko.
Iparraldean, maiatzaren 19tik.
Hilaren 19an, saltokiak eta terrazak irekitzen hasiko dira Ipar Euskal Herrian, eta ekainaren 9an barrualdeak ere irekiko dituzte.