Joan Mari Torrealdairen tesiaren liburua aurkezten ari dira gaur goizean 11:00etatik aurrera Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean, eta aurkezpena baliatuz zentsuraren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldietan parte hartzen ari dira, besteak beste, Lorea Agirrek, Xabier Eizagirrek, Josu Bijuescak eta Mari Jose Olaziregik. Jardunaldiak streaming bidez ikusi daiteke BERRIAn.
2020ko uztailaren 31n hil zen Torrealdai, 77 urterekin. Euskal kulturako intelektual handietako bat izan zen, eta zentsuraren inguruko ikerketa ugari egin zituen. Foruan (Bizkaia) jaio zen, eta urte asko egin zituen Arantzazuko santutegian, Oñatin (Gipuzkoa). Torrealdai seminariora iritsi eta gutxira sortu zuten Jakin aldizkaria, 1956an; ikasleek egiten zuten. Torrealdai gerora sartu zen taldean, 1963an. Ate ugari ireki zion: «Irteera handia izan zen». Baina zaila zen egoera, zentsuragatik. Torrealdai sartzean, hala zegoen; 1964an baimendu zuten, eta berriz isildu 1969an. Torrealdai zen zuzendari. Jakin taldeko kide gisa, euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta hala jarraitu du hamarkada hauetan. 1975ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2007an euskaltzain oso.
1990. urtea funtsezkoa izan zen Torrealdairen bizitza profesionalean, bi mugarri handi izan baitziren. Bat: Euskaldunon Egunkaria sortu zuten, Torrealdai bera Administrazio Kontseiluko lehendakari zela. Eta bi: Jakin frantziskotarren babespetik atera zuten, eta beregain bihurtu.
2003an kolpea iritsi zen. Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zuen Guardia Zibilak, eta atxilotuta eraman zuten Torrealdai. Bost urtean isilpean gorde zuen torturatu egin zutela. Gerora heldu zen minbizia, eta hark ekarri zion heriotza. Tartean, baina, lan ugari argitaratu zituen, asko zentsurari buruzkoak.