Zentsura mozioaren hotsak gero eta ozenagoak dira Iruñeko Udalean

PSNk gogor kritikatu du Ibarrolaren jarduna. Geroa Baik «poza» agertu du mozioaren aukeraz

Cristina Ibarrola, joan den asteazkenean, ekitaldi ofizial batean. IÑAKI PORTO / EFE.
gotzon hermosilla
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
UPNko Cristina Ibarrolak Iruñeko alkatetza hartu zuenetik, zentsura mozioaren mehatxua zintzilik egon da haren buruaren gainean, baina azken orduotan ozenagotu dira aukera hori gauzatzearen inguruko hotsak. UPNk ekin dio udal aurrekontuak onartu ahal izateko elkarrizketa sortari, eta oraingoz ez du arrakasta handirik izan; esaterako, PSNrekin izandako bilerak ez du emaitzarik ekarri. Adostasunik ezean, Udal Gobernuak hirugarren urtez jarraian luzatu beharko lituzke 2020an onartutako aurrekontuak.

PSNren udal bozeramaile Elma Saizek estu hartu du Ibarrola, eta gogor kritikatu du azken hilabeteetako kudeaketa. Esan duenez, horren ezaugarri nagusiak izan dira «aldebakarreko erabakiak, bat-bateko jarduna, elkarrizketarik eza, adostasunik ez bilatzea eta harrokeria politikoa».

Aurrekontuak onartzeko prozesuari dagokionez, Saizek esan du Udal Gobernuak «adostasuna eta konfiantza giroa» landu beharko lukeela, baina Ibarrolak kontrako norabidea hartu duela: «UPNk jabetu beharko luke gutxiengo direla Iruñeko Udalean, eta gobernantza garden, zabal eta parte hartzaileari ekin. Baina, horren ordez, Iruñeko herritarren kontra ari dira, eta haren jardueraren oinarriak dira gainerako udal taldeekin ez hitz egitea, batbatean aritzea eta Nafarroako Gobernuaren aurka jotzea», azaldu du Saizek.

Kazetariek zuzenean galdetu diote Saizi mozio zentsuraren aukeraz. PSNren udal bozeramaileak ez du horretaz ezer zehatzik esan, eta azaldu du bere taldea «lanean» ari dela «oposizio arduratsu, serio eta landua egiteko». Baina erantsi du bere alderdia «Espainian gobernu progresista eratzeko» ere lanean ari dela. Zentsura mozioari buruzko erantzunean gobernua osatzeko negoziazioak aipatu izanak ateak zabaldu dizkie zurrumurruei, zentsura mozioa negoziazio horietan hizpideetako bat izango ote den.

«Geldotasun eta paralisia»

Aipamen horri eutsi dio Geroa Baik, eta «poza» azaldu duaukera horren harira, «hiriak pairatzen duen geldotasun eta paralisiari» buelta ematea ahalbidetuko lukeelako.

Baina, era berean, Geroa Baik deitoratu du mozio zentsuraren aukera «Pedro Sanchezen interes eta beharrei»lotuta agertzea: «Berriro ere, Iruñea trukerako txanpon bilakatzen da, eta gure herritarren etorkizuna Madrilen erabakitzen da, beste interes batzuk aintzat hartuz eta ez hemen bizi garen herritarronak».

Horren harira, galdera egin du Geroa Baik: «Sanchezen inbestidurak porrot egingo balu, PSNk zapuztuko al luke berriro ere Iruñean gehiengo aurrerakoi eta askotarikoa osatzeko aukera?».

UPNren iritziz, berriz, Ibarrolaren kontrako kritikak «oposizioaren obsesioen emaitza» dira, eta haien helburu bakarra da «alkatea eraisteko kanpainan jarraitzea».

PSNren adierazpenei dagokienez, UPNk uste du sozialistek «itxurak» egiten ari direla eta hirian dauden arazoak «puzten», PSNk «EH Bildurekin dituen akordioak zuritzeko».

EH Bilduren eskaera

EH Bilduk ere kritikak egin dizkio Ibarrolari UPNko Javier Labairu zinegotziaren aferagatik, eta alkateari eskatu diote Nafarroako Aldizkari Ofizialean «zuzenketa» argitaratzeko, EH Bilduko zinegotzi Joseba Asironi «ospe ona» bueltatzeko xedez.

2021ean, EH Bilduk salatu zuen Labairuk autoa berreskuratu zuela udal biltokitik garabiak eraman ostean, eta ez zuela zegokion isuna ordaindu. Udal Gobernuaren erantzuna izan zen Asironi espedientea irekitzea «babestutako datuak jakinarazteagatik». Orain, baina, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du Asironen jokabidean ez zela ezer salagarririk egon.

EH Bilduk eskatu dio UPNri onartzeko «administrazio baliabideak aurkariari kalte egiteko» erabili zituela, eta «kalte ordaineko ohar bat» argitaratzeko Aldizkari Ofizialean: «Diru publikoa horrela parrastatzeari uzteko konpromisoa hartu beharko luke Ibarrolak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.