Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek berezko ezaugarri dituzte sudur gorria eta ahoan irria. Horiek jantzita agertu ziren atzo Iruñean, lehenik Katakraken, prentsaren aitzinean, eta ondotik Kale Nagusian. Han, dozenaka lagunek erakutsi zieten babesa. Iruñeko Udalak bertan behera utzi du azaroaren 29an Baluarten egitekoa zuten emanaldia, eta horrek zeresana eman du egunotan. Pailazoek mezu argia bidali zieten umeei: «Hitza ematen dugu aurten Iruñean izango garela, udalaren laguntzarekin edo laguntzarik gabe».
Joxemari Agirretxe Porrotx pailazoak ekin zion agerraldiari:«30 urtetik gora daramatzagu Nafarroa gurutzatzen. Euskara, alaitasuna eta balio hezitzaileak zabaltzen. Euskaraz kantuan eta dantzan. Beti sentitu izan gara etxean bezala». Izan ere, behin baino gehiagotan izan dira Irrien Lagunak Iruñean; azken lau urteetan, Iruñeko Udalak antolatuta, Baluarte antzokian. Aurten, datorren asteko ortziralean —azaroaren 29an— zuten egitekoa ikuskizuna, Baluarten; Iruñeko Udalak bertan behera utzi du, ordea. Maria Garcia Barberena Kultura zinegotziaren hitzetan, ekitaldia egiteko kontratua ez zen «legezkoa», eta horregatik ezeztatu dute ikuskizuna. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Iñigo Santxo abokatuak, aldiz, argi diote hori ez dela horrela: «Zentsura da, argi eta garbi. Kontratua ongi eginda dago».
Santxoren hitzetan, kontratua guztiz legezkoa da, kontratu artistiko batek eskatzen dituen hiru ezaugarriak betetzen dituelako: «Kontratua eskaintzen duten alderdiak identifikatzea, objektua zein den zehaztea, eta prezioa ezartzea». Abokatuaren aburuz, kontratua sinatu zen unean bi sinatzaileek —Maider Beloki orduko Kultura zinegotziak udalaren izenean eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek Katxiporreta enpresaren izenan— gaitasun erabatekoa zuten akordioa sinatzeko.
Hitzarmena sinatu eta lau hilabetera hasi ziren arazoak pailazoentzat. «Kontratua sinatu eta lau hilabetera, berrikuspen bat egin zuten, eta berrikuspena egin bitartean kontratua standby egoeran gelditzen da», kontatu zuen Santxok atzo. Egoeraz jabetuta, Irrien Lagunak Iruñeko Udaleko alderdi politikoekin bildu ziren, aterabide bat lortzeko asmoz. Iruñeko alkatetza duen Navarra Sumak, ordea, ez zuen onartu Irrien Lagunekin biltzea. Santxok nabarmendu duenez, hauteskunde garaian izan zen hori, baina erabateko diskrezioz aritu ziren, gaia «politizatu» ez zedin. Alderdiekin bildu ondotik, Nafarroako arartekoarengana ere jo zuten, eta arartekoak arrazoia eman zien: IruñekoUdalari suspentsioa eteteko eskatu zion.
Udalak, ordea, ez du Nafarroako Arartekoak egindako gomendioa bete.Gaur egun, udalarekin sinatutako kontratuak berdin jarraitzen du, kontratua aztertu behar duen batzordea abenduaren 4an biltzekoa delako. Ikuskizuna, ordea, azaroaren 29an da, eta, beraz, egoerak bere horretan jarraitzen badu, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ezingo dute ikuskizuna egin. Pailazoen hitzetan, udala oraindik garaiz dabil suspentsioa kendu eta ikuskizuna egiten uzteko.
Maiarentzako opariak
«Beste mundu bat nahi dugu, koloretakoa eta euskalduna. Beste Iruñe bat nahi dugu», aldarrikatu zuten pailazoek agerraldian. Enrique Maia Iruñeko alkateari opari batzuk ere prestatu zizkioten: «Kolore gorria Iruñeko kolorea da. Baina gorria da elkartasunaren kolorea, maitasunarena, baita gure muxuena ere. Enrique Maia Iruñeko alkate jauna; gure alaitasuna, gure maitasuna eta gure elkartasuna zuretzat». Beste opari bat ere prest zuten: Marimototsen betaurrekoak. «Betaurreko hauekin koloretako mundu bat ikusten da, eta ez txuri-beltzekoa. Iruñea eta Nafarroa koloretakoak nahi ditugulako». Eta azken oparia: haurrek egindako marrazkiak. «Hemen dauzkazu, Maia, haurrek egindako marrazkiak. Duela urte mordoxka bat konturatu ginen, nahiz eta haserretu eta anker xamar ibili, lagunei marrazki bat oparitutakoan ulerkorrago bihurtzen direla».
Opariak prestatu eta Katakrak kanpoaldera atera ziren pailazoak. Bertan, Kale Nagusian zain zituzten ehunka ume. Irria aurpegian zutela, txalo zaparrada luze batekin hartu zituzten pailazoak, eta haiekin batera atera ziren Olentzero eta Mari Domingi. Kazetariekin egin gisan, bertaratutako haurrei ere azken egunetako gorabeheren berri eman zieten, eta mezu argia idali zieten: «Marraztu bihotzak, muxuak eta ostadarrak, eta bidali alkateari». Maiarentzako opariak eskuan zituztela, haur zein gurasoek kalejiran egin zuten Kale Nagusitik Iruñeko udaletxerako bidea. Udaletxeko ateak itxita zeuden, ordea, eta atarian utzi zizkioten opariak alkateari.
Zentsura. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen afera
«Zentsura da, argi eta garbi»
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek adierazi dute Nafarroako hiriburuan izanen direla aurten, Iruñeko Udalaren «laguntzarekin» edo «laguntzarik gabe». Maiari erran diote garaiz dela ikusgarria baimentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu