Zenbat herrialde, hainbat espetxe eredu

Atenea fundazioak Europako espetxe ereduak alderatu ditu ikerketa batean; esperentzia interesgarriak topatu dituzte, baita «atzera» egin duten herrialdeak ere.

Alternatiba. Herritar bat, lan komunitarioa eginez, espetxera ez joateko ordezko neurri gisa. JORDI SALINAS.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Atenea fundazioak bazterketan erortzeko arriskuan dauden giza multzoekin lan egiten du, eta 25 urte baino gehiago eman du zeregin horretan, baina gizarte ikerketaren atala ere asko jorratzen dute elkartean. Duela gutxi, ikerketa bat egin dute Europako espetxe sistemak konparatzeko, arreta erregimen irekian jarriz. Herrialde bakoitzaren sistemaren ezaugarriak alderatu dituzte, zenbait adierazle hartu dituzte kontuan, eta, azterketa osatzeko,elkarrizketak egin dituzte espetxe sistemetako arduradun eta adituekin. Ikerketa Espainiako Espetxe Erakundeekin elkarlanean garatu dute, eta horren emaitzak laster argitaratuko dituzte fundazioaren webgunean.

Aztertutako adierazleei erreparatuta, ikerketaren egileek hiru multzotan sailkatu dituzte Europako espetxe sistemak. Lehenbizi, herrialderik aurreratuenak eta espetxearen jarduera presoa gizarteratzera osoki bideratzen duten herrialdeak daude: Eskandinaviako herrialdeak (Suedia, Norvegia, Finlandia, Danimarka) eta Herbehereak.

Bigarren multzoan erdibideko eredua jorratzen duten herrialdeak daude: gizarteratzearen aldeko hautua egiteko borondatea dago, baina oraindik ere segurtasunak eta kontrolak pisu handia dute espetxe sistema ulertzeko moduan. Espainia eta Italia multzo honetan daude.

Azkenik, eredu tradizionala dago, batez ere zigorrean eta segurtasunean oinarriturikoa. Poloniak eta beste zenbait herrialdek garatzen duten espetxe politika eredu tradizional honi dagokio. Eta badaude euren eredua gaurkotzeko ahalegina egin ostean, azken urteotan atzera egin duten estatuak ere: Erresuma Batua da horren adibidea.

Carlos Molina soziologoa eta Atenea fundazioko ikerlaria (Madril, 1985) da ikerketaren egileetako bat, eta, dioenez, zaila da hortik ondorio orokorrak ateratzea, baina ideia batzuk behintzat baieztatu ahal izan dituzte azterketari esker: adibidez, joera nagusia dela askatasuna kentzea dakarten zigorrak gero eta gehiago bideratzea gizarteratzera, «nahiz eta egia den herrialde bakoitzaren abiadura desberdina dela eta zeinek bere erara gauzatzen duela irizpide hori». Eta beste ideia bat ondorioztatzen da ikerketatik: espetxe sistema zenbat eta atzerakoiagoa eta eredu tradizionalera lerratuagoa izan, orduan eta xehehagoak dira arautegiak, eta handiagoa da espetxe barruko bizimoduaren azken zirrikitua ere arautzeko joera.

Erreferentzia besteentzat

Europako iparraldeko espetxe sistemak erreferentzia izaten dira gainerakoentzat. Molinak dioenez, horixe da eredurik aztertuena, eta herrialde asko saiatzen da handik ikasitakoa beren sistemetan ezartzen. Lituaniaren kasua argigarria da: Norvegiako esperientzia aintzat hartuta, half way houses izeneko proiektua jarri dute abian, «ikasle egoitzen moduko zentroak», Molinaren esanetan, zigorra erregimen irekian betetzeko aukera ematen dutenak.

Norvegian zenbait printzipio edo oinarri erabiltzen dituzte irizpidetzat espetxe sistema diseinatzeko. Horietako bat «normalizazio printzipioa» da, hau da, espetxeraturik daudenek ahalik eta bizimodurik normalena izatea: beren buruaren jabe izatea, janaria norberak prestatzea, osasuna eta garbitasuna norberak kudeatzea eta abar. «Presoak infantilizatu ordez, nork bere bizitzaren ardura izatea da asmoa», Molinak azaldu duenez.

«Inportazio printzipioa» ere erabiltzen dute, hots, edozein herritarrek kalean dituen zerbitzuak presoek ere espetxean edukitzea: «Horrek ahalbidetzen du presoak osasun arazoren bat duenean bere ohiko osasun zentrora joatea edo liburuak kanpoko biblioteka batean hartu ahal izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.