AHT

Zenbait udalek salatu dute lurrak desjabetuko dizkietela AHTarentzat hamahiru zabortegi eraikitzeko

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin dute Puiu, Barasoain, Garinoain, Tirapu, Tebas-Muru Artederreta eta Biurrun-Olkotz herrietako alkateek.

AHTaren lanak Martzilla herrian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 24a
12:00
Entzun

Urtarrilean izan zuten proiektuaren berri: 122 hektarea baino gehiago desjabetu nahi ditu Adifek Nafarroako erdialdean, AHT Abiadura Handiko Trenaren lanei lotutako hamahiru zabortegi eraikitzeko. Orain arte, behin-behineko okupazio bidez egin izan dituzte operazio horiek, baina inguruko herriek salatu dute, oraingoan, lurrak desjabetuko dizkietela; tartean, herrion ekonomiarako «ezinbestekoak» diren nekazaritzarako lursail ugari. AHTaren lanek eragindako 3,5 milioi metro kubo hondakin botako dituzte hor.

«Gure eskualdea zerbitzuetarako korridore huts bihurtu dute», salatu du Yolanda Obanosek, Tiebas-Muru Artederretako alkateak, Nafarroako Parlamentuan eginiko agerraldian. Harekin batera izan dira Barasoaingo alkate Rita Roldan, Garinoaingo alkate Berta Sanchez eta Biurrun-Olkotz herriko alkate Marisa Serrano. «Herriotatik igarotzen dira autobidea, errepide nagusia, ohiko trenbidea, goi tentsio linea eta, aurki, AHTarena. Horrez gain, hainbat parke eoliko eta elektrizitate subestazio bat ditugu, eta orain jakin dugu hamahiru zabortegi jarriko dizkigutela gure lurretan. Beste herritarrentzako zerbitzu eta azpiegitura guztiak jasan behar ditugu, baina horrek ez digu inongo onurarik ekarri».

Zehazki, sei herri ukituko ditu AHTaren zabortegien proiektuak: Puiu, Barasoain, Garinoain, Tirapu, Tebas-Muru Artederreta eta Biurrun-Olkotz. Hango alkateek salatu dute 2012tik dutela AHTa eraikitzeko proiektuaren berri, baina Adifek proiektua aldatu duela herritarrei ezer esan gabe, eta hasierako txostenean ezarritakoa baino hektarea gehiago kenduko dizkietela; zehazki, zazpi gehiago izanen dira Puiun; 30 Garinoainen; hogei Barasoainen; eta 65, berriz, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederretan.

Alkateek zehaztu dutenez, gainera, zabortegiak eraikitzeko lurrak desjabetzen badituzte, herriotako herri lurrak galduko dituzte, eta horrek eragina izanen du udalerrien egoera ekonomikoan. Proiektuak despopulazioari mesede eginen diola erantsi dute, eta ezin dutela horrelakorik onartu. «AHTaren bideak 15 kilometro izanen ditu Tafalla eta Campanas arteko zatian, eta eremu horretan, hamahiru zabortegi eraikiko dituzte. Ez gaitu kezkatzen metro kopuruak, erabilerak baizik: lur horiek ezinen dira berriz erabili nekazaritzarako, eta aintzat hartu behar da horrek herri txikietan izanen duen kalte itzela», esan du Barasoaingo alkateek.

Arazo horren aurrean, Nafarroako Gobernuak «entzungor» egin diela ere salatu dute hautetsiek. «Isiltasun erabatekoarekin egin dugu topo. Saiatu gara Ingurumen Departamentuarekin eta Lurralde Kohesioko Departamentuarekin hitz egiten, baina [Bernardo Ziriza] kontseilariak ez du gurekin bildu nahi izan. Administrazioak ez digu azalpenik eman», gehitu du Roldanek.

Hori dela eta, «laguntza» eskatu diete, bai gobernuari bai talde parlamentarioei. «Sostengua behar dugu, zuen laguntza behar dugu Adifen eta Garraio Ministerioaren aurrean, guri gainezka egin digulako auzi honek. Zabortegiak eraiki daitezela horretarako gai diren lurretan, eta ez ditzatela desjabetu, lurren titulartasuna gal ez dadin», laburbildu du Berta Sanchezek.

Alderdiak, erantzukizunari izkin

Parlamentuko taldeen txandan, alderdiek ihes egin diote ardurak hartzeari, eta elkarri mokoka ibili dira. Alkateen agerraldia eskatu duten taldeen artean, Geroa Baiko Pablo Azkonak ez du zalantzan jarri «Prestazio Handiko Trenaren» proiektua, baina adierazi du konponbidea eman behar zaiela desjabetzeen arazoari eta «aztertu beharko litzatekeela kalte ordainak ematea».

EH Bilduko Adolfo Araizek esan du «erroko arazoari» heldu beharko litzaiokeela: «Gakoa AHTa bera da. Hemen, taldeek hitz politak esanen dizkizuete, baina errealitate bakarra da gehienak ados daudela proiektuarekin. Eta Adifi berdin dio nor bizi den eremu horietan edo zenbat lur desjabetu behar diren. Hortaz, arazoak bere horretan segituko du». Hala ere, «borrokan segitzeko» deia egin die Tafallaldeko herrietako alkateei.

Navarra Sumako Miguel Bujanda ere AHTaren alde agertu da, «baina ez zabortegien alde». Hori dela eta, Espainiako eta Nafarroako gobernuei galdegin die «beste formula bat» erabil dezan lur horiek erabiltzeko: «Orain arte bezala, behin-behineko okupazio bat egin beharko litzateke, eta kalte ordainen sistema aldatu».

Azkenik, PSNko Jorge Agirrek aitortu du Nafarroako erdialdea «zerbitzuen korridore bat» dela, baina ez du horren ordezko alternatibarik proposatu. «Gauzak dira diren bezalakoak, eta azpiegiturek eragina dute». Are: AHTaren lanek ukitutako herrietako alkateei esan die beste udalerri batzuek «nahiago luketela egoera horretan egon, eta erdialdeak dituen azpiegiturak eduki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.